Teknologia albisteak
3

Mondragon, kapitalismoaren alternatiba 2312an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-10-28 : 11:00

“2312. urtea da. Zientzia eta teknologia aurrerapenek ateak ireki dizkiote etorkizun distiratsuari. Dagoeneko Lurra ez da gizateriaren etxe bakarra: habitat berriak sortu dira eguzki sistemako ilargi eta planetetan. Toki horietan sistema ekonomiko berri batek, Mondragon akordioa izenekoa, kapitalismoa ordezkatu du”. Horra, hitz gutxitan, zientzia fikziozko nobela batek zer kontatzen duen, maitasun istorio eta guzti. 2312 eleberriaz ari gara, Kim Stanley Robinson idazle estatubatuarrak idatzia, eta iazko Nebula sariaren irabazlea. Hemen zalantzak eragiten dituen unean, kanpoan gaur egungo zientzia fikziozko idazlerik onenetako baten arreta harrapatu du Mondragon esperientziak.



Askoren ustez, Kim Stanley Robinson da gaur egungo zientzia fikziozko idazlerik inportanteenetakoa. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen Philip K. Dick zientzia fikzioaren maisuaz. Harrezkero, eleberri asko idatzi ditu, Marteri buruzko trilogia barne, eta zientzia fikzioaren inguruko saririk garrantzitsuenak irabazi ditu. 

Zer dela-eta Mondragon?

Daniel Arjonak galdera hori egin zion El Cultural.es blogean Kim Stanley Robinsoni, eta hauxe erantzun zion idazleak:

  • Lehendabizi entzun nuenean Mondragon eta bere kooperatiba sistemaren inguruan Marteri buruzko liburuak idazten ari nintzen, 1980 hamarraldiko amaieran eta 1990koaren hasieran. Mondragon oso ezaguna da mundu guztian ezkerreko komunitate teorikoetan, adibide bizia baita kapitalismo estandarraren alternatiba gisa. Ospetsua da zirkulu horietan, nola diren ospetsuak Keralako estatua Indian, Boloniako hiri italiarra, Jugoslaviako autogestio esperimentua eta beste alternatiba saio batzuk. Une honetan interes bizia dut jakiteko zer gertatu den Mondragon esperientzian 2008a ezkero euroaren krisiarekin, eta enplegu krisiarekin Espainiako gazteriaren artean, oso zabaldua baita Mediterraneo osoan egon daitekeela “belaunaldi galdu bat’. Nola garatu da Mondragon taldea? Tinko eutsi dio krisi garaian ala ez? Badago ikasgairik han Espainiak eta munduak ikasteko? Dakidana baino gehiago jakin nahiko nuke.

Garbi dago, beraz, egileak nahita erabili duela Mondragon akordioa 2312 eleberrian, liburuan bertan ikus daitekeenez, behin baino gehiagotan aipatzen baitu Mondragon Euskadin sortutako esperientzia moduan. Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrotak zalantzak eragin dituelarik Euskal Herriko kooperatiba sistemaren inguruan, atentzioa ematen du kanpoan Mondragon esperientziak lilura berezia eragiteak, hainbestekoa non, gaur egungo zientzia fikziozko idazlerik onenetakoa ausartu baita Mondragon esperientzia eredugarritzat hartzera munduaren etorkizunerako.

Ikusi egin behar krisi honen ondoren Kim Stanley Robinsonek bigarren aukera bat emango ote liokeen Mondragon akordioari.

Erantzunak

2013-10-28 : 12:11

Bai bitxia. Mars sortako baten bat irakurri nuen bere garaian... Ondo eraikia, faktore politikoak planeta baten kolonizazioan (baina ez ninduen larregi txundita, egia esan). Ea beste hau nolakoa den. Torrentetan bila, liburua aurkitu dut Mobi formatuan (originala ingelesez):

http://thepiratebay.sx/torrent/7316299/2312_Kim_Stanley_Robinson_kindle_mobi_book____masTid__

Hemen autorearen liburu gehiago, epub formatuan:

http://thepiratebay.sx/torrent/6718457/Kim_Stanley_Robinson_Ebook_Collection_%28epub_format%29

2013-10-28 : 17:06

Amazonen irakurrita, ematen du gaztelaniazko itzulpena oso gaizki eginda dagoela, eta errataz josita. http://amzn.to/HlvXxQ

2013-12-01 : 13:21

Irakurri dut '2312'. Eskerrik asko gomendioagatik @joxearanzabal Liburu interesgarria, hard sci-fi esaten dioten horietakoa, oso dokumentatua oinarri filosofiko eta zientifikoarekin. Saturnoko Encelado ilargiaren izotzezko geiserrena asmakuntza ez dela jakin dezaket telebista dokumental batetik gogoratzen dudalako, baina bestela asmakeriatzat ere har nezakeen... Era berean, Marina Abramovicen arteari egindako erreferentziak edo beste hainbat kontu, tartean Mondragon izeneko antolakuntza eredua, zeina, nonbait, Eguzki sistemako botere handietako bat izango den 24. mendean. Halako erreferentzia eruditoz betea dago.

Mondragon delakoa asko aipatzen da, eta protagonistak, "zintzoak", haren parte dira nolabait, baina dena-delako ente horren egitura interplanetarioaz eta izaeraz ez da asko zehazten. Beraz, ez espero hor askorik. Gainerakoan, Eguzki sistemaren kolonizazioan egindako aurrerakuntzetan optimismo larregi ikusten dut zientzia-fikzioan (ez dut uste horretara iritsiko garenik liburuaren epeetan), baina agian konputazioaren garapenean edo sexu-ohituren dibertsitate fisiko-estetikoetan sinesgarriagoa egiten zait halako etorkizun bat gizateriarentzat.

Beraz, neuk ere gomendatzen dut eta gorago dituzue estekak doan e-pub bat ingelesez jaisteko.

Erantzun

Sartu