Teknologia albisteak
5

Kutxazain automatikoak, euskara erabilpenaren neurgailu gisa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-07-18 : 11:00
Laboral Kutxak estatistika interesgarri batzuk argitaratu ditu. Bere bulegoetako kutxazain automatikoetako eragiketen hizkuntza zenbatu dute, eta bezereria euskaldunena eta erdaldunena non dagoen ikusten da horrela. Herri euskaldunena Antzuola da. (Baleike webgunetik iritsi gara informazio jakingarri honetara)

Laboral Kutxak (duela gutxira arte, Euskadiko Kutxa) estatistika interesgarri batzuk argitaratu ditu. Bere bulegoetako kutxazain automatikoetako eragiketen hizkuntza zenbatu dute, eta bezereria euskaldunena eta erdaldunena non dagoen ikusten da horrela. Herri euskaldunena Antzuola da.

Zumaiako Baleikek argitaratu du grafikoa, beren herria 6.a dagoela nabarmenduz. Irudiagatik, badirudi Laboral Kutxaren barne-argitalpen bat dela, erakunde finantziero honen euskara zerbitzuaren agerkari bat. e-Sarea da izena, baina ez dugu sarean aurkitu informaziorik edo originalik.

Irudian ikusten denez, epe jakin batean (ez dakigu zenbatekoa, agerkaria bera hilabetekaria da) zenbatu dituzte eragiketak, Hego Euskal Herriko bulego sare osoan. Bulegoen araberako datuak dira, beraz, herri osoetakoak baino.

Inon ere ez da euskara nagusi eragiketetan. Antzuolak du portzentaia handiena, %44,23. Ondoren datoz Usurbil eta Etxarri-Arantz. Lehen 12etan, Hegoaldeko lau probintziak ageri dira herri batekin gutxienez. Bizkaian Lekeition erabiltzen da euskara gehien (%36,21) eta Araban Aramaio dagi (%34,42).

Zerrendako azken 12ak ere hor daude. San Adrianen (Nafarroa) erabiltzen da gutxien, baina han ere erabili da euskara, 7 eragiketa izan dira.

Taularen irudia tamaina osoan hemen. Hau deskubritu dugun tokia: Baleike.

Azkenak eta lehenak ezagutzeaz gain, tarteko datuak ere interesgarriak izango lirateke. Hirietan auzoz auzoko bariazioa, adibidez, datu polita izan daitekeelakoan gaude. Ea Laboral Kutxa datu guztiak zabaltzera animatzen den, eta formatu erabilgarriago batean, kalkulu-orri batean adibidez.

Erantzunak

2013-07-18 : 11:16

Datu horietan tranpa txiki bat dagoela uste dut. Erabiltzaile guztioi defektuzko hizkuntza bezala gaztelania jarri ziguten eta euskara nahi izan dugunok gure profilaren hizkuntza aldatu behar izan dugu.
Laboral Kutxak alderantzizkoa egin izan balu (badakit hau utopikoa dela) euskararen erabilera askoz handiago litzatekeela uste dut.

Konpontzeko zer egin? Ondo legoke Laboral Kutxak kanpaina bat abian jarri eta bezero guztiei saioa hastean euskaraz edo gazteleraz nahi duten galdetuko balie. Batez ere, bezero guztiei kutxazainetan euskara erabili dezaketela jakinarazteko, askok ez baitute jakin ere egingo...

2013-07-18 : 11:29

Ez naiz Laboral Kutxako bezeroa, Bankoakoa baizik, eta kutxazaina erabiltzen dudan bakoitzean hizkuntza aukeraketaz galdegiten dit aparailuak. Akaso pentsatuko du aurreko guztietan euskara aukeratu dudanetan oker nengoela :-)

2013-07-18 : 11:30

Ni @oodriozola-rekin bat. Eta horretaz aparte, eragiketak baino, erabiltzaile perfilak neurtu beharko lirateke. Baliteke Antzuolan erabiltzaile euskaldun aktibo gehiago egotea nahiz eta gutxiago izan edo besterik gabe, neurketaren periodoan ala suertatu izana.

Ondo legoke Oihanek esan duen kanpainaren bat martxan jarriko balute. Eta ez bakarrik txartelarekin, jasotzen den dokumentazio eta gainerakoekin ere bai. Errenta aitorpena egiterakoan egin zen antzerako kanpaina batez edo...

2013-07-18 : 11:37

Ondorioa: herri bakar batean ere ez da eragiketa gehiago egiten euskaraz gaztelaniaz baino.

2013-08-06 : 18:42

ondorioa argia da: euskaldunak kontziente izan behar du eta euskaraz jardun ahal duenero. enpresek ikusten dituzten datuokin ondorioak ateratzen dituzte eta horren araberako politikak indarrean jarri. Lekeition egiten diren eragiketetako asko, lekeitiarrak ez direnek egin ditzakete (Antzuolak baina udatiar eta turista gehiegi duelako), baina hala ere oso maila apala begitantzen zait %36 hori, hain herri euskaldun batean.

Osakidetzako telefono bidezko harreran ere, antzeko datuak aterako balituzte...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago