Teknologia albisteak

Otsailaren 21a, ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna: Lehen hizkuntzak eta eskola

Erabiltzailearen aurpegia
Itziar Idiazabal (Unesco/EHU)
2013-02-21 : 09:09
Ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna, lehenengo aldiz, 2000 urteko otsailaren 21ean ospatu zen UNESCOk hala izendatu ondoren. Harrez gero, urtero ospatu izan da, eta erakunde honek bere partaide diren herrialdeei hizkuntza aniztasunaren alde, hizkuntza gutxituen defentsan eta irakaskuntza eleanitzaren aldeko gomendio zehatzak egiten dizkie urtez urte.
Hezkuntzaren historian, nahikoa berria da ama-hizkuntzaren edo familiako hizkuntzaren irakaskuntzaren aldeko interesa. XIX medera arte ez da egon benetako eta derrigorrezko eskola edo hezkuntzarik; hezkuntza eliteen aukera izan da soilik, eta kultura hizkuntzak gutxitan etorri dira bat familiako edo lehen hizkuntzarekin; mendebaldean latina izan da, jakina, kultur hizkuntza nagusia. Nolanahi ere, estatuek hezkuntzaren ardura hartzen dutenetik aurrera, eskola bihurtuko da estatuko hizkuntza ofiziala, beti ere bakarra, irakatsi eta zabaltzeko baliabide nagusia, gutxi axola hizkuntza hori lehen hizkuntza den edo ez; eskola izango da aurrerantzean hizkuntza ofizialak, nazional deituak, hedatu eta herritarren homogeneizazioa/uniformizazioa bideratzeko baliabide nagusia.

UNESCOk, 1954 urtean jatorrizko hizkuntzen eskolatzearen aldeko aldarrikapen ofiziala plazaratu zuen. XX. mendean bestalde, haurrarengan zentratutako psikologia eta pedagogia korronteek ere indartsu eragin zuten eskolan ama-hizkuntzaren erabileraren alde egiteko. Geroago, nagusiki bigarren guda ostean, eta bigarren hizkuntzen irakaskuntza hedatzen eta indartzen hasi zen heinean, irakaskuntza elebidunean oinarritutako programak heziketa eredu interesgarri bezala garatzen hasi ziren. Batetik erakunde internazionalen inguruan, eta bestetik, estaturik gabeko zenbait hizkuntza erkidegotan hezkuntza elebidun programa aitzindariak bideratu ziren. Bide honetatik, ikasleek bere estatuko hizkuntza eta kulturari uko egin gabe familiakoa, propioa zuten hizkuntza eta identitate kulturala mantendu eta garatzeko aukera lortu zezaketen, eta gutxienez bi hizkuntza ikasi.

Gure inguruan begiratuz garbi ageri da nazioarteko eskola askotan eta espainiar estatuko erkidego elebidunetako eskoletan emaitza onak lortzen direla; erkidego elebakarrekoekin alderatuz, berdinak edo hobeak eta gaztelaniak, ez du inolako galerarik jasaten. (Adibidetarako PISA ebaluazioetara jo daiteke eta ikusi Espainiako erkidego ezberdinetako emaitzak).

LOMCE edo Wert legea deiturikoak alabaina, apenas egiten dien jaramonik emaitza hauei. Lege honek dituen arazo ugarietako bat hauxe da. Ebaluaketak, eta kanpotiko ebaluaketak oso garrantzitsu ageri dira legean, baina azken 10 urteetan, kanpotik, hain zuzen ere OCDE herrialdeetan egin diren PISA programetako emaitzak ez baleude bezala jokatzen da. Froga hauetan emaitza oso interesgarriak aurkitu daitezke, alderaketak ikus daitezke estatuen artean, erkidegoen artean, eta ikasgaika ere bai, Wertek enborrezko ikasgai bezala hartzen dituen ikasgai horiei buruz hain zuzen ere. Emaitzek aniztasuna adierazten dute. Behar bada dena berdindu eta zentralizatu nahi duenarentzat aniztasun gehitxo, eta hori ez du gustukoa lege honek. Lege honetan beste berezitasun batzuk hobesten eta babesten dira: neskak eta mutilak banatuta dauden ikastetxeak, erlijio bat irakasten dutenak, eta bereziki bere seme-alabak elebidun izatea nahi ez duten gurasoen nahiak; ezjakintasuna babesten du, alegia. Baina oro har berdintasuna eta uniformekeria dira nagusi.

Espainiako eskualde batzuetan, ez denetan, ageri den eskola porrota, alegia eskola amaitu gabe uzten duten ikasleen kopurua asaldagarria da. Europarekin konparatuz %10 puntu baino gehiagokoa da Espainiako bataz bestekoa. Arazoaren konponbide gisa ikasleak gazteagotan banatzea proposatzen da, ikasketa aukera lehenago eginarazten zaie, ikasmailak jaitsi, eta eskola uzteko aukera aurreratu egiten da. Horrela, jakina, ikasle zailak kanporatuz, porrota gutxitu daiteke eta merkeago ateratzen da gainera. Espainiako erkidego batzuetan ez dira neurri horiek erabiltzen eskola porrota gutxitzeko, eta ez dugu uste kasualitatea denik erkidego elebidunetan estatuko bataz bestekoa baino eskola-uzte tasa txikiagoa baldin bada. Arazoa nola saihesten den aztertu eta neurri egokituak bilatu beharrean denentzat gauza bera, diskriminagarria eta ezegokia den neurri bateratua proposatzen da. Kafea denentzat alegia, behar ez duenarentzat eta gaitz egiten dionarentzat ere bai.

Hizkuntza kontuan ere LOMCE legeak azken urteetan lortu denaren ezjakintasuna eta mespretxua erakusten du. Izan ere, zertara dator gaztelania bereziki tratatu behar den helburu nagusi hori, eta beste hizkuntzak, batez ere erkidego autonomoetakoak bigarren mailan jartzea. Hizkuntza horiek ez dute enborreko izateko eskubiderik. Harro egotekoa izan behar luke gaztelania frogetan erkidego elebidunetako ikasleek zeinen emaitza onak lortu dituzten jakitea; beste erkidegokoen parean edo gorago ageri dira oro har. Honek ez du esan nahi gaztelania maila, eta beste alorretako mailak ere hobetu behar ez direnik. Baina gaur badakigu norberaren hizkuntza alboratzeak ez duela beste hizkuntza hobeto ikastea ziurtatzen. Alegia, euskara, galego edo katalan gutxiago ikasiz gaztelania maila automatikoki ez da hobetuko. Aldiz, sozialki nagusia den hizkuntzak beste hizkuntzetan lantzen denetik ere etekina ateratzen du; hizkuntzen irakaskuntza ganoraz egiten bada hizkuntzen arteko elkarreragina aberasgarria izan daiteke. Hezkuntza alorrean hainbeste behar egonda, hain atzerakoia den lege bat ezartzen hainbeste diru gastatzea onartezina da.

Eskola ezinbestekoa da hizkuntza gutxituak iraun eta garatu ahal izateko. Hizkuntza ez nagusietako hiztunentzat derrigorrezkoa da eskola bere auto-estimua garatzeko eta bere kultura eta identitatearen prestigiorako. Hizkuntza nagusietako hiztunek ez dute inoiz berea gutxietsia edota erabiltzea merezi ez duen hizkuntza bezala ikusiko, eta ez dute inoiz komunikazio ezintasunik izango, nahiz eta eskolak erabiltzen duen hizkuntza ongi menderatu ez. Eskolako irakasle eta langile guztiek, eta ikaskideek ere badakite bere hizkuntza ere. Ez dira inoiz hizkuntza gutxituetako haurrak bezala sentituko, berea ezagutzen eta onartzen ez duen eskola eta irakasle elebakarrak dauden eskoletara joaten direnean sentitzen diren bezala. Batzuen eta besteen egoera errotik da ezberdina, eta demagogikoa da ama-hizkuntzan eskolatzeko eskubideaz hitz egitea zein hizkuntzari buruz dihardugun argitu gabe.

Lehen hizkuntza nagusia duten haurrek zorte handia dute bere hizkuntza garatzeko; hainbat eremu eta bitartekoetan (familiaz gain, gizartean, hedabideetan, IKTetan,...) elikatzen baitute hizkuntza. Nagusitasun horri esker ez dute bere hizkuntza arriskuan jartzen eta eskolari esker beste hizkuntza bat ikasiz elebidun bihurtzeko aukera hoberenean daude. Lorpen eta aukera horixe da munduan zehar hainbat eskola eleanitzetan frogatua dagoena.

Espainiar estatuan egin den aurrerapena ere oso garrantzitsua da, izan ere erkidegoetako hizkuntza gehienak eskolatzeaz gain oso aurrerakoiak diren programa elebidun eta eleanitzak garatu dira. Erkidegoetako hizkuntza gutxitu gehienak, asko egiteko dagoen arren, indarberritu egin dira eta bere prestigioa hobetu da. Eleaniztasuna geroz eta helburu eskuragarriagoa bihurtu da. Uste dugu espainiarrek tradizioz beste hizkuntzetan erakutsi izan duten ezjakintasuna aldatzeko egoera legokeela baldin eta alor honetara, alegia hizkuntzen irakaskuntzara, ikerketa gehiago bideratuko balitz, eta hezkuntza erreformetan helburu hau garbi ezarriko balitz, bide batez, UNESCOk gomendatzen duen bidetik.

Europako Kontseiluak ere, hizkuntza gutxituen Europako Kartaren jarraipenerako, 2001 urtetik Espainiari buruz egin dituen txostenetan gauza bera azpimarratzen du: erkidegoetako hizkuntzen irakaskuntzarako eskoletan eman behar diren orduen kopurua nahikoa izan dadila hizkuntza horiek behar bezala ikas daitezen, eta abian jarri diren programa eleanitzak behar bezala gara daitezela. Bestalde, munduko hizkuntza aniztasunak nolabaiteko irtenbiderik izango badu hizkuntza gutxituak integratuz garatzen diren programa eleanitzei esker izango da, eta bide horretatik egingo da bideragarria maila globalean giza garapen iraunkorra. Azken batean, ez baitugu ahaztu behar hizkuntza aniztasunaren galerarekin guztiok galtzen dugula, gizadi osoarentzat dela galera.

Itziar Idiazabal
EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra
Euskal Herriko Unibertsitatea

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago