Teknologia albisteak

Zesta Punta, gauzak partekatzeko sistema, laster jarriko da abian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2013-01-04 : 13:56
Orain probetan dagoen zerbitzua da Zesta Punta, eta laster lantzamendu osoa izango du. Hemen Sustatun, aipatu genuen apur bat Javier Etxebestek emandako Betor hitzaldiaren harira. Laster lantzamendu osoa egingo dutela-eta, kontaktuan jarri dira gurekin, eta informazio gehiago emango dizuegu elkarrizketa baten bidez: Produktuaren fundatzaile eta zuzendari tekniko Ed Freyfogle-ri (hau ere agertu zen Sustatun bere garaian) galdera batzuk zuzendu dizkiogu.

Zestapunta, aukera zehatz bat
Lehenengo eta behin, bi hitz. Javier Etxebestek azpimarratu zuen Betor hitzaldi hartan teknologia erabili daitekeela modu kreatiboan bizi dugun krisi ekonomikoari aurre egiteko. Ideia teknologiko horietako bat izan nahi du Zesta Puntak.

Izenak kirola ekar dezakeen arren gogora, Zestapunta ez doa hortik. Jokoaren metafora darabil, ordea. Zestapunta pilota jokoan, pilota jaurti eta itzultzen zaigu, eta berdin sareko zerbitzu honetan, "jokalariek" jada behar ez dituzten objektu fisikoak jaurtitzen dituzte eta bueltan, beste batzuk jasotzea espero dezakete,

Bi hilabetez egon da martxan zerbitzua test eran, euskaraz, gaztelanaz eta ingelesez, eta jokalari ehundaka batzuk badira jada alta emanda, gauzak eskaintzen. Komunitatetik ikasten ari dira (online eta offline), doiketak egiten, eta datorren astean lantzamendu konpletoa egingo dute.

ZestaPunta.com logoa

Apur bat gehiago azalduko digu hau, Ed Freyfogle-k, ingeniari aleman-amerikarrak, galde-erantzun hauen bidez.

* Ze ideia dago Zesta Punta-ren atzean?

Zesta Punta diseinatu dugu jada behar ez ditugun gauzak partekatzeko, eta aldi berean ezagunekin-eta harreman mamitsua izateko modu bat izan daiteke.

Jende gehienak dauka armairuan behar ez duen gauza mordo bat (jantziak, liburuak, jostailuak, bideoak, tresnak, etab.), lagunentzat baliagarri izan daitezkeen gauzak (bereziki krisi garai hauetan). Espero dugu plataforma erraz bat sortzea, erabiltzeko atsegina, jada behar ez dituzun gauzak beste batzuen bidez berrerabiltzeko, haiei balioa aterako dieten lagunen bidez hain zuzen.

Atsegin eta dibertigarria izan dadin nahi dugu. Horregatik jokoaren analogia. Jokalariek azenarioak irabazten dituzte (gure maskota untxi bat da, promozio bideoan ikus dezakezue). Azenarioekin besteen gauzak lor ditzakezu. Bilaketan, lagunen gauzetan bila dezakezu, edo lagunen lagunenetan. Lagunen artean partekatzea ona da, bereziki ezagutzen duzun jendeari laguntzen diozulako, baina era berean topo egin eta elkartzeko aukera ematen duelako plataformak.

Prozesuari gainbegirada ulerterraza ematen saiatu gara, "nola jokatu" orrian.

Zer da Zestapunta?

* Nolatan amerikar euskarazko web zerbitzu bat aurkezten? Euskaraz dakizu?

Zoritxarrez nire euskara oso mugatua da (baina hobetzen nabil!). Azken sei urteetan Nestoria etxe bilatzailean ibili naiz lanean, Javier Etxebesterekin (Bilbon bizi da, Iruñekoa izatez). Nestorian lan egiteari atera diodan gauza probetxuzko bat da Euskal Herrira sarri etorri izana, eta beti izan dut gogoko. Leku eta kultura benetan bakana duzue, oso desberdina bizileku dudan Londresekin alderatuta. Ni ingeles hiztuna izanik, asko harritu nahi beti euskara bezalako hizkuntza "txiki" bat hitz egiteak zer nolako elkartasun eta elkarlotura sortzen duen. Krisi ekonomikoa hor ari da irensten Espainia, Europa eta munduko beste herrialde batzuk, eta nire buruari galdetu izan diot azken garaian ea komunitate zentzuak, teknologiarekin batera, lagundu ote diezaiokeen zailtasunetan dagoen jendeari. Zesta Punta saiakera bat izan daiteke hori hala izanote daitekeen ikertzeko.

Baina, noski, ez dugu murriztuko esperientzia euskaldunengana. Gunea osorik dago espainolez eta ingelesez ere bai.

* Nondik izen hau, Zesta Punta?

Zerbitzua sortuko zen herria, Euskal Herria, gogora ekarriko zuen izen bat nahi nuen. Eta gauzak jaurti eta errebotean jasotzearen metafora hori ere badago, funtzionamenduaren adierazgarri. Badakit hasieran nahasgarri izan daitekeela pilota-jokoarekin konfunditzeko erraztasunagatik, baina feedback-a positiboa jaso dugu oraingoz.

* Bigarren eskuko gauzetarako badaude zerbitzuak jada, hala nola eBay, zergatik erabiliko luke batek Zesta Punta?

Ebay ondo antolatutako zerbitzua da, baina atseginetik edo ondo pasatzetik ez du ezer. Lan nekeza da zerbait saltzea Ebayn, eta normalean etekin txikiarekin. Zesta Punta lagunetik partekatzeko da, atsegina da, eta lagunak alaitzen dituzu.

Beraz, esango nuke atseginean eta dibertimenduan dagoela desberduntasun handiena.

* Zehazki nola funtzionatzen du Zesta Puntak?

Bat egiten duzunean, azenario gutxi batzuekin hasten zara. Besteengandik gauzak lortuz gastatu ditzakezu azenariook. Azenario gehiago lortzeko zer egin? lagun gehiago gonbidatu, behar ez dituzun gauzak eskaini plataforman, eta guri feedback-a eman.

* Test fase honetan, bi hilabete hauetan, zer ikasi duzue?

Primerako feedback-a lortu dugu, eta ehundaka jokalariko komunitate motibatu bat sortu dugu. Batez ere, Bilbo inguruan, emakumezkoak; eta talde txikiago batzuk Iruñean, Eibarren eta beste toki batzuetan. Mila esker guzti horiei.

Oker edo bug batzuk aurkitzen lagundu digute, eta ikasgari nagusia zera da: zenbat eta sinpleago, hobeto dela (ia) beti. Jendeak ondo igaro nahi du zerbitzuarekin, baina ez dute nahi konplikaziorik.

* Irakurle teknikoagoentzat, zein teknologiarekin dago eraikia?

Orain gehinebat Perl-ekin idatzia dago, Mojolicius izeneko  framework-arekin, eta baita Javascript eta Mysql ugari ere bai. Frontend aldetik, azkar garatu dugu Jquery eta Bootstrap erabiliz, eta baita FilePicker ere bai (biziki gomendatuko nuke tresna hau, bakarrik ingelesez dagoen arren). Atzealdean, AWS eta Github ere erabiltzen ditugu.

Erabiltzen dugun teknologia nagusietako bat Facebook-en APIa da. Errejistratzeko, beraz, Facebook bidez egin behar duzu Zesta Puntan, identitatea ziurtatzeko modu gisa.

Lehen bertsio honekin dugun helburua erabiltzaileengandik ikastea. Ez da zerbitzu garatu eta itxia, nahiago dut ikusi prototipo gisa. Ikasi ahala teknologia ere garatuko dela ziur naiz. Adibidez, badakigu mugikortasuna funtsezkoa dela. Oraingoz, web bertsio mugikorra daukagu, baina aplikazioak ere aterako ditugu laster.

Gure APIa erakusten ere hasi gara, eta hasteko dagoena hementxe duzue (ingelesez). Galderak badituzu edo esperimentatzen hasi nahi baduzu, jarri kontaktuan gurekin.

* Nola garatuko da Zesta Punta etorkizunean?

Jokalariengandik ikasten jarraituko dugula, horixe puntu nagusia. Feedback guztia ongi etorria da (izatez, azenarioak ematen ditugu feedback-agandik trukean).

Zestapunta: gauzak aukeran

Guztiak gonbidatzen zaituzten probatzera. Gauza mordo bat dago jada eskuragarri, doan (nabigatu hemen). Nik ez dakit euskaraz, baina 2006tik dakit Sustaturen berri, eta hemen komunitate bizi bat badela badakit, erabiltzaile interesgarriak eskain ditzakeena. Horientzat, zuentzat, gonbidapen berezi bat daukat; zuzenean izena emanda baino, esteka honetatik bat eginda, azenario extra bat irabaziko duzue:

https://www.zestapunta.com/?i_token=azenarioak

Kode horrek urtarrilaren 10a arte iraungo du. Baina eskaera bat ere badut; pazientzia izan gurekin, arren, talde txikia gara. Aukera asko gehitu nahi dizkiogu webguneari, eta ari gara, baina banan banan.

Zesta Puntaren garapenaren berri jakin nahi duenak, jarrai gaitzakezu Twitterren (@playzestapunta) edo bloga irakurri  (gaztelaniaz). Zuen berri izateko irrikitan gaude.

****

(eskerrik asko Ed, eta zorte on)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago