Teknologia albisteak

Twitter: Zure tuit guztiak jaisteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-12-20 : 11:40

Twitterlarien artean sarri aipatu izan den kontua. Nola ikusi tuit zaharrak? Nola kontsultatu urteotan pilatu dituzun milaka txioak? Non dago zure artxiboa? Ez da, bada, zurea? Twitterrek atzo iragarri zuenez, hemendik aurrera, twitterlari bakoitzak bere txio guztien artxiboa jaitsi eta kontsultatzeko aukera izango du. Hala ere, erabiltzaile gehienek oraindik ez dute aukera hori. Erabiltzaile batzuekin hasi dira eta zerbitzu berria gutxinaka-gutxinaka zabaltzen joango dira. Gainera, ingelesez konfiguratutako kontuekin hasiko omen dira. 

Twitterrek erabiltzaileen aldarrikapen bati erantzuna eman zion atzo: "It's no secret: You make Twitter what it is. And if you tweet, you may have found yourself wanting to go back in time and explore your past Tweets (...) We know lots of you would like to explore your Twitter past". 

Ba bai, tuiterlari askoren aldarrikapena izan da: nor bere tuit guztiak ikusi eta kontsultatzeko aukera izatea. Gaur egun ez dago horrelakorik. Azken batean, sarri entzun izan dugu: "tuitak haizeak daramatza". Eta ez, ez dugu hori nahi; gure tuitak gorde egin nahi ditugu, gureak baitira.

Twitterrek atzo iragarri zuenez (Your Twitter archive izenburu argigarria duen post honetan), hemendik aurrera, erabiltzaile bakoitzak bere artxibo osoa ikusteko aukera izango du, eta artxibo horren barruan bilaketak egin, hileka ikusi, hashtag edo etiketa jakin batzuk aztertu, eta abar. Badirudi fitxategi horretan retuitak edo bertxioak ere agertuko direla.

Oraingoz, erabiltzaile gutxi batzuen esku bakarrik

Aukera berria konfigurazio-aukeretan agertuko omen da. "Omen" diogu, oraingoz erabiltzaile gutxi batzuek bakarrik izango dutelako aukera hori. Ingelesezko erabiltzaileekin hasiko dira eta, apurka-apurka, tuiterlari guztiongana iritsiko da. Aste edo hilabete batzuetako kontua izango omen da, Twitterrek adierazi duenez. 

Konfigurazio-aukeretan "Eskatu fitxategia" agertuko zaigu. Bertan klikatuta, Twitterrek e-posta bat bidaliko digu argibideekin, fitxategia non dagoen eta nola jaitsi azalduz. 

Ez da izango, beraz, Twitterren bertan kontsultatzeko aukera, baina orain artekoa baino gehiago, behintzat. Izan ere, Sustatun bertan lehenago ere aipatu izan dugun bezala, ez da erraza tuit zaharrenen aztarnak aurkitzea. Badira aukera batzuk, besteak beste, My First Tweet edo Kellan Elliott-McCrea, @kellan, tuiterlariak duen OldTweet zerbitzua.

Zure txio guztien fitxategia jaisteko aukera ematen dizuten programatxoak eta webguneak ere badira sarean, baina betiere muga eta salbuespen batzuekin. Oraingoan, badirudi Twitterrek bere artxiboak irekitzeko eta erabiltzaileei eskaintzeko aukera emango digula. 

 

Erantzun

Sartu