Teknologia albisteak

Azpeitiko Baserritarrak: "Azpeitiko Sanagustin kulturguneak nekazarien aldeko apustua egin du"

Erabiltzailearen aurpegia
Azpeitiko Kultur Mahaia
2012-05-16 : 17:05

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta bailarako baserritarrek elkarrekin adostutako hornitze sistema aurkeztu dute. Duela hilabete hasi ziren baserritarrengandik barazkiak, arrautzak, esneak, mermeladak, gazta, fruta eta ogiak zuzenean erosten. Laster haragi eta txarkutegi produktuekin hasiko dira. Garaian garaiko baserritarren produktuak erabiltzen hasia dago Kulturguneko jatetxe zerbitzua.

Elkarlana

Sanagustin kulturgunea Azpeitiko Kultur Mahaiaren proiektua da eta honen baloreak jarraituz, herri izaera duelako, eragile ekonomikoekin elkarlanean aritzeari garrantzia handia ematen dio. Eta elkarlana ez delako egiten batek nahi ez badu, kasu honetan bidelagun egin dituzte bertako baserritarrak. "Bertako produktuen kalitateak egiten dituelako ezberdin eta ekoizpenean egiten duten lana txalogarria delako merezi du gauzak egiteko modu honek" diote kulturgunekoek. Aurrerantzean, jatetxeko kartan bertako produktuak nabarmenduko dituzte, garaian garaikoa eskainiz.

Lan egiteko modua

"Sanagustin kulturguneak nekazarien aldeko apustua egin du eta gurekin elkarlana sustatzeko bidea ezarri du EHNE sindikatuaren laguntzarekin" adierazi dute baserritarrek aurkezpenean eta hauek azaldu dute elkarlan hori nola egiten den: "Ostiral arratsaldeetako azoka probestuz, hurrengo asterako zein produktu egongo diren adierazten diegu. Astelehenerako Sanagustin kulturguneko arduradunek eskaera orria betetzen dute zehaztuz: zein produktu eskatzen dituzten, aurretik adostutako prezioan, eta barazki horren ekoizlea zein den. Adostutako prezioa baserritarron egonkortasunari begira hartutako erabakia da, merkatuko gorabeherek ez digutelako egonkortasunik ziurtatzen, ezta babesten ere".

Aurrera begira

Proiektu honekin nekazarien sektoreari ez zaio bultzada ekonomiko berezirik ematen, baina bai lan egiteko modu bati eta promozioari. Azken horrekin lotuta, baserritarren esku zabaltasunari esker, Azpeitiko Kultur Mahaiak urtean hirutan (hau da, produktuentzat garai berrien atarian) bazkideen artean goraino betetako otarra eder bat zozkatu du.

Baserritarrentzat etorkizuneko "erronka" produktuen eskaintza zabaltzea izango da, baina elkarlan hau ez da horretara bakarrik mugatuko. "Bestelako ekimen batzuk ere antolatuko ditugu. Esate baterako, ardo dastaketak eta hitzaldiak".

Erantzun

Sartu