Teknologia albisteak

EraldaLAB Andoainen: larunbateko jardunaldien kronika

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-05-15 : 17:05

Auzolana, euskara eta teknologia: horiek izan ziren larunbatean Andoain tESL izenburupean ospatu ziren EraldaLAB jardunaldien ardatzak. Olatu talka eta Kilometroak 2012 ekimenen barnean egin zen jardunaldi hau: hitzaldi laburrak, bazkaria eta tailerrak antolatu zituzten, egunpasa ederra osatuz. Denbora mugatua izan arren, hausnarketarako tartea izan zen, etorkizunera begira jarraitu beharreko ildoen inguruan. Sustatu ere hantxe izan zen, Twitter bidezko kronika eginez, eta oraingoan hona hemen larunbatekoaren laburpena (EraldaLAB webgunean ere laburpenak, bideoak eta argazkiak aurkituko dituzu).


Argazkiak.org | Aurkezpena © cc-by-sa: sustatu

EraldaLAB jardunaldiak Andoainen: kronika

EraldaLAB jardunaldiak Andoainen: kronika

Dabid Martinez bermeotarrak hartu zuen hitza lehenengo. Guifi.net Euskal Herria proiektua ordubetean azaltzeko prestatuta izan arren, material guztia 20 minututan eman beharra zuen, eta egin ere egin zuen, arin eta umoretsu. Katalunian du Guifi.net-ek zabalkunderik handiena, eta Martinezek, beste lankide batzuekin, Euskal Herrian hedatzeko ardura hartua du: "Bai software zein hardware mailan guk kontrolatu behar dugu mezua nori eta nondik bidali nahi diogun". Aurrerago izango dugu euren berri gehiago.

Leire Narbaizak Eibartarrak posta zerrendaz hitz egin zigun. 2002an eman zuen izena berak, eta orduz geroztik asko eskaini dio Narbaizari pertsonalki, besteak beste, jende interesgarria ezagutzeko aukera, kontaktu sarea handitu eta trinkotzea, eztabaidagune bat, informazio iturria, alfabetizazio digitala ("preteknologiko" sentitzen zen bera ordura arte), konfidantza bere buruarengan (beste sare batzuetan aritzeko, ia edozein gauza esaten/arrazoitzen), eta baita noizean behin, parrandatxoren bat ere. Posta zerrendaren inguruan zerbait azpimarratzekotan, berdintasunean eraikia dela esan zuen Narbaizak: harreman horizontala dute euren artean, hierarkiarik gabe, guztiak guztien lagun eta jarraitzaile.

Status Blogsoviet eta Herrizoma-ren inguruan hitz egin zuten Asier Arsuagak eta Gorka Juliok. Ilustrazio eta guzti, software libreak ematen dituen aukerak baliatzeko deia egin zuten. Zenbait lagunen artean zerbitzari bat hartu, eta wordpress software libreaz baliatzen dira. Eszisioak ospatzen dituztela eta, euren helburua ahalik eta sare gehiago sortzea da helburua, irekiak izan daitezela, eta batetik bestera mezuak bidali eta lagunak jarraitzeko aukera eman dezatela da (egun Twitter eta Facebookekin egin ezin den bezala).

Asier Garaialdek Synergium proiektuaz hitz egin zuen. Cowork kontzeptua modan omen dago, eta hori da beraiek egin nahi dutena. Lan egiteko modu berri bat da: lokal berean lanean ari den jendeak, denek espazio bateratua okupatzea eta beraien artean ideia eta asmoen elkartrukea sortzea da ideia. Leku horretan lanean dabiltzanak sektore berdinekoak edo desberdinekoak izan daitezke, eta helburua batzuen eta besteen arteko elkarlana bultzatzea litzateke, guztien artean ezagutzak partekatzeko. Garaialdek azaldu zuenez, Synergium ez da Euskal Herriko lehenengoa, baina lehia ez da euren helburua: ahalik eta FabLab gehien sortu behar dira, hori izango baita trukaketa filosofia zabaltzen ariko denaren seinalea.

Sayuri Alvarado eta Larraitz Gonzalez HUB Donostiako lagunak ere izan ziren jardunaldian. HUB Donostia, Synergium bezala, garatze bidean dagoen proiektua da. Urtebete daramate lanean, eta erlazio kapitalaren bitartez erlazio soziala lortzea du helburu. Pertsonen arteko erlazioak, konexioak eraikitzearen garrantziaz hitz egin zuten. Euren ustez, norberarekiko ezberdinak direnekin joaten da aurrera, eta ez berdinak direnekin. Deserosotasunak ekartzen du eraldaketa, ez erosotasunak eta, beraz, beharrezkoa izango da lan-talde bat sortzea non edozein eroso sentitu dadin deserosotasunaren barruan.

Bideokonferentzia bidez hartu zuen hitza Patxi Gaztelumendik. Labur eta zuzen. Bere ustez, mundu guztiak trendig topic izan nahi duen honetan, bere ustez, etiketei erabilpen sozialago bat ikusi behar diegu, TTa lortu nahian baino, komunitatea garatzearen kezkaren ildotik. Bere ustez, komunitate ekintzaile bat garatu behar dugu, eta horretarako aliatuak izango dira oraingo hedabideetako kazetari, erredaktore, eta abarrak.


Argazkiak.org | Patxi Gaztelumendi, bideokonferentziaz © cc-by-sa: sustatu

Gaztelumendiren hitzetan, mundu guztiak dauka fusil bat eskuan: eskuan daramatzagu argazki/bideo kamerak, eta sekulako ahalmena daukate. Horregatik, ezin dugu konpainia erraldoiek aukera berriak noiz emango zain, eta tresnak modu librean sortu eta garatzeko beharra ikusten du. Horretarako gune, zentro edo laborategia izan daiteke eraldaLAB bere ustez. Subordinazio teknologiko mediatikotik at, komunitatearen zentzua garatzen joan beharko genuke, auzolana gurean aspaldikoa baita, eta ez, dirudien bezala, arrakastaren atzetik arrastaka. Komunikazio iraunkorraren aldeko apostua egin behar da: librea, adierazpen askatasunaren aldekoa, eskuragarria, parte hartzailea, eta azken batean, sosteniblea.

Shagyk Arduinoz eta Pyfirmataz hitz egin zuen. Arduinok lengoaia propioa dauka, zer nahi duzun esaten diozu, plaka batean sartu eta bera jartzen da martxan ordenagailurik gabe. Egunerorako oso erabilgarriak izan daitezkeen gauzak egiten ditu ordenagailutik bidalitako aginduen bitartez (oporretara zoazenean lapurrak "beldurtzeko" argiak piztu eta itzali daitezen tarteka, adibidez).

Bazkaldu aurretik hitza hartu zuen azkena Mikel Gartzia izan zen, eta berak egunkarien edizio digitalez eta ordainketaz hitz egin zuen. Modelo ugari daude munduan zehar, baina gehienetan edizio digitalek ez dute inongo dirurik ematen. Gartziak, berriz, sariketa bidezko ordainketa proposatu zuen: egon daiteke urte guztiko harpidetza moduko bat (adibide gisara, Berriaren ziztada kanpaina jarri zuen), eta horrez gain, erabiltzaileak gustuko badu irakurri duen artikulua, ordain dezala (edo ez) nahi duen diru kantitatearekin. Albisteak etiketatzearen eta baita harpidetza/desharpidetza erraztasun handiagoarekin egitearen beharra azpimarratu zuen.

Arratsaldean, tailerrak eta hitzaldiak

Bazkari ederraren ostean, tailerrak etorri ziren: bata Guifi.net gehiago ezagutu nahi zutenentzat, eta bestea Blogsoviet proiektuaren inguruan.

Bukatzeko, David De Ugartek hartu zuen hitza, eta sareak eta p2p iraultza inguruan luze hitz egin zuen. Sarean dago hitzaldia, bertara joan ezin izan zutenentzat.


Argazkiak.org | David de Ugarte © cc-by-sa: sustatu

Jardunaldiko argazki gehiago hemen. Txapis Otegi ere argazkiak ateratzen ibili zen, hemen dituzue.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago