Teknologia albisteak

Txillardegi, Jasone Osoro, Juan Luis Zabala, Concetta Probanza... Arrasateko 3. Literaturjauzietan

Erabiltzailearen aurpegia
AED
2012-05-05 : 13:05

Juan Luis Zabalaren Gaztetxeak eta literatura hitzaldiarekin emango diogu hasiera datorren domekan AED euskara elkartearen 3. Literaturjauziei Arrasaten. Aurreko edizioetan bezalaxe, literatura jendeari gerturatzeko asmoz ondu dugu egitaraua. Komiki tailerra, Txillardegiren omenezko irakurraldia, 2. Bookcrossing-a... eta gehiago.

Domekan hasi eta maiatzaren 19a bitartean luzatuko dira aurtengo Literaturjauziak. Horra hor egitaraua luze eta zabal azalduta.

Juan Luis Zabala Berria kazetaria eta idazlea da. Literatur genero guztiak landu ditu eta bere lanen artean daude, besteak beste, Ahanzturaren artxipelagoa, Gertaerei begira, Sakoneta, Zigarro ziztrin baten azken keak, Kaka esplikatzen, Agur Euzkadi eta Galdu arte. Azken eleberri hori 1996an idatzi zuen, istorioa bertatik bertara ezagutu zuen Azkoitiko gaztetxean kokatuz, eta hari horretatik tiraka gaztetxe eta literaturaren artean izan den harremanaz hitz egitera etorriko da gurera. Solasaldi irekia izango da eta arratsaldeko 6etan hasiko da, Gaztetxean.

  • Maiatzak 7: Liburu askatzea, herrian zehar.

Iaz estreinez egin ostean, BOOKCROSSING ekimena jarriko dugu abian, herriko hainbat tokitan euskarazko literaturaren harribitxi batzuk askatuz. Gogoratu Bookcrossing-aren filosofia dela, kalean topatutako liburua hartu, gozatu eta berriro nonahi askatzea beste norbaitek topatu, gozatu eta aska dezan. Hogeita bost bat liburu askatuko ditugu, Sarrionandia, Izagirre, Lertxurdi eta Aristirenak, besteak beste.

Ostegunarekin ezagutuko ditugu 25. Literatur lehiaketetako irabazleak, Kultur Aten egingo dugun ekitaldian. Aurtengoan Jasone Osoro idazle elgoibartarra gonbidatu dugu, gaztetxo artistei literaturaren eta idazketaren munduan zelan sartu zen kontatzeko. 18:30ean hasiko da ekitaldia, Jokin Zaitegi aretoan. Literatur lehiaketen inguruan, gehitu, 138 lan aurkeztu direla eta aspaldiko partez atal guztietan egon dela parte hartzaileren bat. Ondoren mokadu txiki bat egongo da bertaratzen diren guztientzat.

  • Maiatzak 11: Irakurraldi kolektiboa, Txillardegiren omenez.

Urtarrilaren 14an utzi gintuen idazle donostiarrak eta ez dugu galdu nahi izan aurtengo Literaturjauzien barruan ondo merezitako omenaldia egiteko aukera. Txillardegik idatzi zituen eleberrietan oinarrituko da irakurraldia eta hogei testu motz irakurriko dira denera, Arrasate Musikaleko soka talde baten laguntzarekin. Irakurraldian Arrasateko Euskalgintzako kideek eta Udal bibliotekako literatur solasaldietako kideek parte hartuko dute.

  • Maiatzak 12 eta 19: Komiki eta sorkuntza tailerra.

Marraztea gustuko dutenek komikigintzan trebatzeko aukera izango dute Aiert Zubigarai marrazkilari bizkaitarrarekin. Bi saiotan komikira oinarrizko gerturatzea, pertsonaiak eta espresioen lanketa, elipsia, bineten arteko hutsuneak narraziotarako bide bezala eta ariketa praktikoak egingo ditugu, teoria eta praktika nahastuz. Tailerra AEDn izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 5€ izango da matrikula. Izen-ematea maiatzaren 10a baino lehen egin behar da AEDra deituta (943771228) edo mezua idatzita (aed@aedelkartea.com)

  • Maiatzak 13: Euslandia, hitzetan eta marrazkietan.

Miriam Luki kazetariaren eta Concetta Probanza artista grafikoaren arteko egitasmoa da Euslandia unibertso txiki bat hitzetan eta marrazkietan. Antzerkia, musika, filosofia, poesia eta pintura uztartzen ditu muntaiak eta zoriak ere badu lekurik ikuskizunean publikoaren parte hartzeak bideratzen baitu gidoia. Kultur ateko areto nagusian izango da, 19:30ean. Sarrera doan izango da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago