Teknologia albisteak

Katalunia ez da Euskal Herria baina…

Erabiltzailearen aurpegia
KARRIKIRI
2012-04-24 : 17:04

Apirilaren 18an, Sustatun agertu zen bezala, Karrisolasaren saio berria izan genuen, "Katalanaren aldeko estrategia berriak" gaiari helduz. Josep-Anton Fernàndez adituak UDALTOP jardunaldietan (Lasarte, 2011) aurkeztu zuen txostena (PDF)izan genuen oinarri. Hona hemen joan zen astean jasotako ondorio nagusiak.

Hizkuntza eta hiztun komunitateen inguruan guretzat elementu berri ugari agertzen dira aztertu dugun txosten honetan. Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa errealitate linguistiko ezberdinak direla garbi edukita, komunak diren ezaugarriak azpimarratzekoak dira. Gauzak horrela, interesgarriak egin zaizkigu ondoko hauek bereziki:

  • Katalanaren aldeko diskurtso berritzeko premia nabaria da egilearen iritziz. Oso ezaguna dugun “berreskurapenaren” aktibismoak, frankismoaren bukaerarekin batera indartsua sortuko dena, sortzez katalanaren hiztunak diren pertsonengan oinarri izango duena, dirudienez eman beharrekoa egin duela.
  • Horrela, “errekuperaziotik” “irabazira” jauzi egitera proposatzen du, “hizkuntza aldaketatik” “hizkuntza txertatzera”, “integraziotik” “adopziora”, “biziraupenetik” “ongizatera” edo eta “sakrifiziotik” “ahalegin saritura”. Gure burua ispiluan begiratu dugu eta… binomio guztietako lehendabiziko kontzeptuan garela ematen digu.
  • Hizkuntzaren funtzio soziala, hiztun berrien protagonismoa, eskolen murgiltze ereduarekiko atxikimendu ahula, besteak beste, bihurtu dira azken urteetan faktore esanguratsuak Katalunian. “Veu pròpia” taldearen sorrerak ere azpimarra egingo du katalanaren hiztun berriengan.
  • Euskaldun berriaren kategoria solasaren gai nagusia izan zen gurean. Batetik, euskaldun berriaren marka ezabaezina bihurtu dugulako ezaugarri ez-positiboz jantzita (beti maila jakina erakutsi behar du, fonetikoki zalantzakorra suposatzen da, hizkuntzaren errekurtsoak erabiltzeko nahita motelagoa eta beste), eta hizkuntzaren dinamiketan ez zaiolako/ez duelako zentralitaterik aitortzen/ hartzen.
  • Josep-Anton Fernàndezek aztertzen du “berezko” hizkuntzatik, hizkuntza “komunera” edo ororena aldaketa egiteko duten proposamena. Nazionalismo espainolak azken urte hauetan “hizkuntza komunaren” beste diskurtsoa sortu du espainiera ez den gainerako hizkuntzen aurka. Hemen proposamena beste bat da. Katalana, hizkuntza lurralde zehatza edo nazioari lotuta agertu ordez, hiritar guztion bizitza publikoaren hizkuntza izatea, jendarte demokratikoak bermatu behar duen aniztasuna eta balore komunak ahalbideratzen duena. Jendarte eleanitzek hizkuntza komuna, kasuan katalana, behar dute bizitza publikoa artikulatzeko.
  • Hizkuntza komunak betetzen ditu hiru funtzio nagusi: politikoa (komunitate politikoan parte hartzeko ezinbestekoa), kulturala (bertako tradizioen partaide izateko) eta subjektiboa (komunitatearekiko lotura afektiboa bermatzeko). Hizkuntza komuna, horrela, elkarrekin bizitzeko proiektua da, ez egina eta bukatuta dagoen errealitatea. Etorkinak eta sortzez bertakoak, hiztun berriak edo familia bidez ikasi dutenak tokia dute marka edo tasun mugatzailerik gabe.
  • Hizkuntza komunarena ikuspuntu teoriko interesgarria iruditzen zaigu eta, aldi berean, arrotza hurbileko egoera soziolinguistikoa ezagutuz.
  • Katalanaren aldeko lan praktikoetan gurekiko antzekotasun eta ezberdintasunak islatzen dira kronologikoki egin dituzten lanen lelo nagusietan: “Volem viure plenament en català” (hasieran), “Utilitza la llengua” (90. hamarkadan) eta azken urte hauetan “El català suma”

– “El català també és meu”(2010) lehen aipatu dugun ildoa jarraituz.

Maiatzean eztabaida berriari ekingo diogu Mikel Zalbidek BAT Soziolinguistika Aldizkarian(79-80) argitara eman duen testu batekin.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago