Teknologia albisteak

Ekainaren 16an, Euskal Herriko Ibilaldi Nazionala Iruñean: 500 urte eta gero… bizirik !!

Erabiltzailearen aurpegia
1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimena
2012-05-31 : 11:05

Artikulu honen helburua ekainaren 16rako deitu dugun "Martxa Nazionalaren" inguruko zehetasunak argitzea da. Baina hori egin baino lehen, zoriondu nahi dugu herriz-herri, eskualdez-eskualde, Nafarroaren konkistaren inguruko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari diren Herri Batzordeak, elkarteak eta bestelako ekimenak. Gure ustez hor dago gakoa: gure Historiaren jabe izan behar gara, gure oraina ulertzeko, eta gure etorkizuna eraiki ahal izateko. Mahai-inguruak, gazteluen mugarriak, egunkari eta informazio banaketa, erakusketak, agiria eta atxikimenduak, liburuak eta musika bildumak argitaratzea… horiek dira gure armak. 500 urte eta gero, Herriak bere Historiaren lekukoa hartu du!

Bestalde, Historiaren erabilpen politikoa egiten dutenak, zikin ari dira jokatzen (Monteagudoko koplek abesten zuten bezala), eta gaurko Nafarroak Madrilekiko eta Parisekiko duen lotura bere horretan mantendu nahi dute. Nahikoa da! Utzi diru publikoa erabiltzeari gure Historia ezkutatzen jarraitzeko! Utzi gezurrak alde batera, mesedez, konkista militar batek sortzen dituen ondorioak onartezinak baitira, eta oraindik odoletan dagoen zauri hau ixteko, garaia da eta!

Ekimenez beteriko urtea izaten ari da, eta horregatik pozten gara! Eta guzti honen puntu gorena ekainaren 16rako deitu dugun "Martxa Nazionalean" jarri nahi dugu.

  • Martxa Nazionala: Giroa berotzen!

Lehen aipatu dugun bezala hamaika ekitaldi desberdin ari dira antolatzen herriz-herri. Honi gehituz, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenetik zenbait proiektu martxan jarri ditugu, giroa berotze aldera:

  • Arte erakusketa: 40 artista bildu ditugu erakusketa batean, datozen egunotan aurkeztuko dena.
  • Musika Bilduma: 19 euskal bakarlari eta talde elkartu dira Nafarroa aipagai dituzten kantak eskaintzeko. Beraien artean: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Amaia Zubiria, Pantxo eta Peio… Dagoeneko salgai dago, eta hilabete honen bukaeran aurkezpen ofiziala egingo dugu.
  • Nestor Basterretxeak egindako “Neguaren ostean ernatu da zuhaitza” artelana. Grabatu honen erreprodukzioak salgai jarri ditugu, Martxa Nazionala antolatzeak ekartzen dituen gastuei aurre egiteko.
  • "Nafarroa 1512" egunkariaren 300.000 ale: Kalean dago jada, eta helburua Nafarroa Garaiko etxe guztietara heltzea da. Gainontzeko herrialdetan euro baten truke salgai egonen da.
  • Ekainaren 16ko bloga: Datorren astean, egun honek izango dituen egitaraua, ezaugarri eta atxikimendu guztiak bilduko duen ataria sarean zintzilikatuko dugu.

EGITARAUA:

  • 10-10:30etan (lekuen arabera), zutabeak antolatuko dira Iruñerriko auzo eta herrietatik, Iruñeko Alde Zaharreraino: Noain (Nabarralderen eskutik), Atarrabia, Berriozar, Txantrea, Errotxapea, Donibane… Beste aldetik, goiz osoan zehar kale animazioa izango dugu Alde Zaharretik, eta Iruñeko Peñen Federazioaren laguntza ere.
  • 12:00etan, Zezen Plazaren irekiera ofiziala izango da, nahiz eta lehenago irekia egon. Bertan Herri Azoka paratuko dugu: eskulangileak, argitaletxeak, oroimen historikoa berreskuratzea helburua duten elkarteen informazio-mahaiak. Aparte, jateko eta edatekoa egonen da. 12etatik aurrera, Herri Kirol ikuskizuna eta Bertso Saio berezi bat ikusteko aukera egonen da ere.
  • 14:30etan, HERRI BAZKARIA Zezen Plazan. Aurrerago zehaztuko dugu txartelak erosteko bideak.
  • 17:00etan, ZUTABEAK: Autobus Geltokia, Trinitarios eta Golem zinemak. Eskualdeka banatuko gara (aurrerago informazio gehiago emango dugu).
  • 17:30etan, Antoinuti Parketik: EUSKAL HERRIKO MARTXA NAZIONALA, 500 urte eta gero… BIZIRIK!

Zutabetan eta Martxan, Euskal Herri osoko herrien ordezkariak biltzeko deia egiten dugu: udal ordezkariak, musika taldeak, joaldun taldeak, fanfarreak, txistulariak, albokariak, hankapaloak, … Gamazada berria !! Herri bakoitzak, herriaren izena eramango duen estandartea ekartzeko aukera izanen du.

  • Bukaeran, Gaztelu Plazan, ekitaldia ospatuko dugu.
  • 19:30etan, Zezen Plazaren irekiera.
  • 20:00etan, Jaialdi Nagusia: BARRICADA, SUTAGAR, VENDETTA eta Goienetxe Anaiak, Iruñeko Zezen Plazan. Aurrerago zehaztuko dugu kartela eta sarrerak eskuratzeko bideak.

Deialdia

Euskal Herriko herri guztiei dei egiten diegu Martxa Nazionalean parte hartzeko. Horietariko askok bere atxikimendua eman dute jada, gainontzekoek aukera irekia daukate oraindik. Orain, ekainaren 16an Iruñean egoteko gonbidapena luzatzen diegu.

Herrietatik autobusak antolatzen hasteko dei egiten dugu ere. 500 urte eta gero, herri hau bizirik dagoela erakutsi behar dugu eta! Izan zirelako gara, eta garelako izango dira! GORA NAFARROA BIZIRIK !!

Informazio gehiago hemen

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago