Teknologia albisteak

Hizkuntza ekologia, "politikoki molestoa", Jon Sarasuaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia
Julen Iriondo, Goiena
2012-04-04 : 13:04

"Ekologiak habitatak deskribatzen ditu, eta planteatzen ditu zeintzuk diren bizi kondizioak, jarraitu beharreko politikak; hizkuntza ekologiak hori egiten duenean politikoki molestoa bihurtzen hasten da"; hauxe da Jon Sarasuak Hizkuntza Ekologiari buruz Ekogune saioan egin digun hausnarketetako bat. 6 minutuko elkarrizketa osorik.

Jon Sarasuak esan dituenetako batzuk (bideoan luzeago eta zehatzago):

  • Ekologia ez da landareendako gauza bat, balore multzo bat da, etika bat, gauzei begiratzeko modu bat. Existitzen denaren errespetu eta erreberentzia batekin kokatzeko modu bat, eta hori zaintzeko hautuarekin kokatzeko modu bat da. Etikatik sortzen den jakintza (logia) ere bada, ekosistemei buruz, habitatei buruz...
  • Ekologia hizkuntzari lotuta, jakintza sortzen hasten denean habitatak deskribatzen ditu eta planteatzen ditu zein diren, legeak, minimoak, jarraitu beharreko politikak... eta hor hasten da molestoa izaten. Hizkuntza gure polisaren korapiloetako bat da. Gai politikoa da zentzurik zabalenean (ez alderdikoian).
  • Hizkuntzari lotutako errealitate sozial nagusia hiztun komunitatea da eta ez dago lurralde bateko komunitate politikoari lotuta egon beharrik. Alderdi politiko bati lurralde bat dagokio eta hiztun komunitatea beste plano bat da lotuta dauden arren.
  • Hiztun komunitatean gaude Ipar Ameriketan errepublikanoei bozkatzen dien bertsolari artzain eskuindarra, Baztango UPNkoa, eta zu eta ni... planteamendu eta bizipen politiko ezberdinak ditugunak gaude. Gauza bat da hizkuntza komunitatearen politika eta horrek ez du esan nahi gizarte politika edo Estatu politikan ere ez dugula zer esanik hiztun komunitatetik.
  • Gure hurrengo estrategiak hegemonia guneak edo hizkuntzaren estrategia guneak sortzean datza. Polita da baita ere, hizkuntza batzuk egindako bideak guri balio digula eta gureak munduko hizkuntza indigena eta minorizatu askorentzat erreferentzia moduan balio duela.

Ekogune saioa

Asteazkenetan 22:30ean, euskarazko tokiko telebistetan. Gaur, iraunkortasun arloko beste hainbat erreportajerekin batera: arrandegietara tuperra eramateko "Ontziratu Zaitez!" kanpaina, Urretxuko Aikur Erle Museoa, plan berdeak, ekontseilua, zozketak... Kutxa - Ekoguneak babestutako saioa.

Erantzun

Sartu