Teknologia albisteak
3

Iñaki Uribe HABEko Zuzendariari gutun irekia

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Lezameta
2012-03-30 : 10:03

Zuzendari jaun hori:
Etsipenez, ezen ez harriduraz, zoritxarrez, irakurri ditut zure hitzak Argia aldizkariko 2.317. alean. Laster langintza honetan 30 urte beteko ditudanez eta urte hauetan guztietan HABEren pean lan egin dudanez, hartu dut beta iruzkin batzuk egiteko, gaizki ez baderitzozu.

Diozu: "Partaidetza handia izan da; barruko teknikariek, euskaltegiek, irakasleek eta ikasleek hartu dute parte. Denei galdetu zaie zer aldatuko luketen, hori izan da abiapuntua." Jakin beharko zenuke partaidetza handia izatea ez dela, berez, ezeren bermea: hainbesteri galdetzea alferrikakoa gerta liteke hainbeste horien erantzunetan islatutakoa kontuan izaten ez bada. Bestalde, aukera anitzeko galderen eredua egokia da oso dauden erantzunen artean aukeratzeko. Daudenen artean.

Diozu: "Besteak beste, HABE dena agintzen ari zela ikusi genuen, dena erregulatzen eta arautzen euskaltegiekiko." Ez naiz oso abila hitzen bigarren zentzua harrapatzen, baina esango nuke iradoki nahi duzula orain bestela jokatzen duela HABEk, orain ez duela "dena agintzen". Ez dut adibiderik jarriko, hau irakurriko duen edozein euskaltegi-irakaslek jarriko lizuke sorta bat, baita sorta bat sorta ere.

Diozu: "Udal euskaltegietakoak funtzionarioak dira, nolabait esateko" eta beherago "Euskaltegi pribatuetan irakasle denak ez dira finkoak". Pentsatu nahi dut hau ez duzula asmo txarrez esan, baina, ezjakintasuna kenduta, ez zait beste arrazoirik bururatzen neurri honetako arinkeria esateko. Udal Euskaltegi gehien-gehienetan ez dago funtzionariorik, bat ere ez. Eta zin dagizut Udal Euskaltegietan irakasle "ez finko" asko eta asko dagoela, batzuetan kontratu eta lan-baldintza lotsagarrietan. Eta HABE, Zuzendari jaun hori, horren jakitun da.

Diozu: "On-line ikastaroek, beharbada, ikasgelako ikastorduak murrizten lagunduko digute". Ederto! Ados! Baina galdera bat: Nora joan dira "talde mistoak"? Non daude, zein larretan?

Diozu: "On-line sistemak arazo oso inportantea dauka, mintzapraktika gutxi egin daiteke." Hemen ere ados, hoba ez! Beraz, ulertu behar dut hemendik aurrera online ikasleei mintza-saio eta tutoretza ordu gehiago eskaini ahal izango dizkiegula, ezta? Bai, ezta?

Diozu: "Problema da adin batetik aurrera oso zaila dela hizkuntza ikastea. Ondo aztertu behar da. Batzuetan pentsatzen dugu alferrikakoa dela irakaskuntza mota hori."  Elkarrizketa honetan diozuzan arinkeria guztietatik hauxe begitandu zait larriena, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeko Zuzendariaren ahotik atera delako batez ere. "Loro viejo no aprende a hablar" esan zuenari arrazoia ematen helduen euskalduntzeaz arduratzen denak; hamaika ezezik, hamabi ere ikusten ari gara, baiki. Zer nahi duzu esatea, ikusi ditut nik euskaldundu diren helduak eta ez bat eta ez bi. Baina, tira, zeuk ere jakin zenezake horrenbeste.

Besterik gabe, eta esan dudan guztia ezerezean galduko den uste erabatekoan, agurtzen zaitut.

Josu Lezameta, euskara irakaslea.

Erantzunak

leire narbaiza
2012-03-30 : 15:24

Goitik behera bat nator zurekin, Josu!
Plana ikusi ote du inork? Inguruan galdetu ostean, ez dut irakurri duen inor topatu! Hori normala da hain parte-hartze zabala izan badu?
Bestetik, fosilak bere horretan dirau: modulazioa, ordu kopurua, ratioa euskaltegiko, ratioa taldea osatzeko,... aurreko berberak dira. Non dago aldaketa?
Akreditazioarenak ere aparteko artikulu bat merezi du. Dekretua matrikulazioa baino 2 aste lehenago zabaltzea ez da ganora.
Beste lade batetik, zuzendari batek esatea nagusiek ez dutela ikasten ez zait bidezkoa iruditzen, ezta matrikulazio berrien aurrean zalantza zabaltzea ere. Nola esan liteke:"Jendea hasi da horrelakoak esaten: “Itxaron egingo dut, alaba ez dut matrikulatuko azterketa prestatzeko. Dekretua atera zain egongo naiz”?
Hau guztia hau HABEk aurreikusteko %30 murriztuko dela eskaria; izan ere, hizkuntz eskakizunetan dago oinarritua gure matrikulazioen zati handiena. Ados. Baina zergatik gertatu da hori? Eredu hori bultzatu delako. Orain beste ikasle potentzial batzuen bila ibili behar, euskalduntze premiarik ez balego bezala EAEn!
Argi dago artaziak ez ezik, aizkora, sega, motozerra, aihotza eta gillotina atera nahi dutela eta euskaltegiak desagerrarazi, gure herria euskaldun elebakarren paradisua balitz bezala! Zenbat kalte!


Aitor Iglesias
2012-03-30 : 15:42

Guztiz ados Josurekin

furunda
2012-04-02 : 20:53

Bikain, Josu! Ondo esanak ez ote dituzte adituko?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago