Teknologia albisteak

Euskal Herriko lehen turismo gida interaktiboa aurkeztu da

Erabiltzailearen aurpegia
ARGIA astekaria
2012-03-20 : 12:03

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herriak oinarri hartzen dituen lehen turismo webgunea aurkeztu da gaur. Euskal Herrian Ihesi izena du eta Ihesi.com helbidean kontsulta daiteke. Non bazkaldu dezaket Santurtzin? Zer ikusi behar nuke Tuteran? Non egin dezaket lo Ezpeletan? Eta Bergaran banago zerbait bereziki ikustea gomendatzen al dute? Euskal Herrian bidaiatzen dugunean sortzen zaizkigun eguneroko galderei erantzuna eman nahi die ihesi.com eta horretarako, erabiltzaileen proposamenetan oinarritzen da webgune osoa.

Webgunea euskaraz da osorik eta bertako eduki guztia Creative Commons lizentzia jarraituz erabil daiteke.

Informazioa lurraldeka eta zonaldeka sailkatuta dago. Behin bila zabiltzan herriaren fitxan sartuta, herriari buruzko informazio orokorra, argazkiak, eta informazio baliagarria topatuko du erabiltzaileak, adibidez, zenbat biztanle dituen, noiz sortu zen, udaleko webgunea edo herriko festak noiz diren.

Erabiltzaileen iritzi eta gomendioak

Informazio orokorraren ondoren, herriko planoa eta azpian erabiltzaileek egindako gomendioak daude herri guztietan. Gomendioak taldeka sailkatuta daude (jatetxeak, tabernak, parranda egiteko lekuak, monumentuak, museoak, hotelak, ostatuak, inguruetan ikusteko lekuak...) eta webgunearen helburua Euskal Herriko herri eta hiri guztiei buruzko informazio praktikoa biltzea da.

Hala, sarean guztiok egindako gida denon kontsultagarri jarri nahi da, bai kontsultak egiteko, edo ingurukoei norberak ezagutzen dituen gomendio onak emateko.

Webgunea guztiz doan da eta nahiz eta ez den erregistratu behar hau kontsultatzeko, erabiltzaileek erregistratu egin behar dute proposamenak egin edo bozkatzeko.

Publizitatea gehitzeko aukera

Ihesi.com webgunearen berrikuntzetako bat, publizitatea jartzeko bere sistema berritzailean aurkitzen da.

Erabiltzaileek beren bannerrak saretik bertatik inorekin harremanetan jarri beharrik gabe igo ahal izango dituzte. Iragarleak hautatu beharko du zein orritan nahi duen bannerra erakutsi, zein tamainakoa jarri nahi duen, eta zenbat egunez erakutsi nahi duen.

Webgunea ARGIAren proiektua da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago