Teknologia albisteak
4

Zeraingo herri-proiektuaren defentsan

Erabiltzailearen aurpegia
Zeraingo herri-proiektuaren aldeko ekimena
2012-03-18 : 15:03

Hainbat herritarrek Zeraingo herri‐proiektuaren aurkako erasoak salatu dituzte. Zerainen martxan dagoen herri‐proiektuaren eta ereduaren aldeko apustua berretsi dute eta herri barruan sortu den mehatxuari "nahikoa da" esateko hainbat ekimen martxan jartzea erabaki dute.

Zeraingo herri‐proiektuaren aldeko ekimen honen sustatzaileek atzo arratsaldean herriko plazan egin zuten agerraldian adierazi dutenez, azken urteotan, Zeraingo herri‐proiektuaren eta ereduaren kontrako zuzeneko borroka martxan jarri dute Zerainen barruan zenbaitek. Orain arte egin den bidearen onurak eta lorpenak aitortu gabe, bide horretan lanean dihardutenen kontra zuzeneko erasoa hasita dute hainbatek. Eta eraso horrek helburu argia du: Zerainen azken 40 urteotan landu den herri‐proiektua eta auzolanean oinarritutako eredua geratzea eta deuseztatzea. Baina erasoa azken boladan hartzen ari den neurria eta herriak duen arriskua ikusita, zeraindarrek erantzutea erabaki dute Zerainen martxan dagoen herri‐proiektuaren eta ereduaren aldeko apustua berresteko eta urte hauetan herrigintzan aritu direnei eta gaur egun dihardutenei babesa emateko.

Ekimenaren sustatzaileen esanetan, azken 40 urteetan, Zerainen, herriaren biziraupena ziurtatzeko eta etorkizuna eraikitzeko lan egin da: "Herritarrok bat eginda eta auzolanean oinarrituta, egunero‐egunero joan da herri‐proiektua aurrera egiten, unean uneko oztopoak, arazoak eta erronkak gaindituta. Aurrera eramandako herri‐proiektuari esker, eta hori egiteko aukeratutako ereduari esker (auzolanean oinarrituta eta alderdi politikoetatik kanpo) gaur zeraindarrok duela 40 urte baino baliabide, zerbitzu eta ongizate handiagoa dugu, eta Zerain orduan baino biziago dago". Herria berpizteko martxan jarritako proiektuek eta ereduak hasieratik izan dute oztoporik eta etsairik. Era guztietakoak izan dira bidean aurkitutako etsaiak eta haiek botatako harriak, ia guztiak kanpotik iritsitako trabak. "Zeraindarron aurrera egiteko nahiak, indarrak, ahaleginak eta batez ere egindako lanak traba guztiak gainditzea lortu dute orain arte, eta aurrera begira ere herri barruan sortutako erasoei arrakastaz erantzungo diegu".

Zeraingo herriaren erantzuna herri proiektuaren aurkako erasoei izenburupean prentsaren aurrean Antonio Gartziak (alkatea 1979‐1987 eta 1995‐1999 urteetan) eta Iñaki Berasategik (alkatea 1987‐1995 eta 2003‐2007 urteetan) irakurri duten dokumentuaren bidez, guztiz salatzen dituzte herri‐proiektuaren eta funtzionatzeko ereduaren kontra herri barruan izaten ari diren etengabeko erasoak, zuzenak eta zeharkakoak: "Ez dugu onartzen elkarrizketa erabili ordez etxe guztietara dokumentu anonimoak zabaltzea eta dauden guneetan lan egin ordez, aparteko gune paraleloak sortzea kontra egite hutsagatik". Era berean, Zerainek azken 40 urteetan egin duen bidea babestu dute: "Garatzen ari garen herri‐proiektuarekin bat gatoz eta urte hauetan guztietan modu batean edo bestean herriaren alde aritu direnen lana aitortzen dugu. Badakigu gauza asko hobetu daitezkeela, baina horretarako oinarria dagoena eta egin dena aitortzea da, eta ez guztia errotik aldatzea".

Zeraingo herri‐proiektuaren aldeko ekimenak adierazi duenez, iragan hurbilean egin den bezala, Zerainen oraina eta etorkizuna eraikitzeko bide onena herritarron auzolana da eta horretarako, orain arte egin den bezala, herrigintza ideologia eta alderdikeria politikoez gaindik egin behar da. Ildo berean, argi utzi dute arazoa ez dela politikoa, baizik eta eredu eta proiektu kontua dela: "Arriskuan daude proiektua, Zerain eta orain arteko egindako bidea eta lana". Horregatik gaur arratsaldean Zeraingo plazan elkartu diren herritarrek babesa ematen diete momentu honetan herriaren alde ardurako lekuetan lanean ari diren herritarrei, herri‐proiektuaren eta "ereduaren kontrako eraso zuzenenak haiek jasan baitituzte".

Amaitzeko, Zerainen alde, lehen bezala orain eta orain bezala gero, lan egiteko konpromisoa berretsi dute: "Auzolanean, gu guztiok eta hala nahi duten gainontzeko herritarrek, elkarrekin Zerainen eta gure etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu".

Atzo arratsaldean herriko plazan elkartu ziren 70 herritar inguruk sinatu zuten komunikabideen aurrean irakurri duten dokumentua. Horien artean ziren orain arte Zerainen alkate eta zinegotzi izandakoak, herriko garapen sozio‐ekonomikoari esker herrian enpresak jarri edo proiektu ekonomikoak hasi dituztenak, herriko elkarteetako arduradunak nahiz gainerako herritarrak. Datozen egunetan berriz, gaur plazan ez zeuden herritarren artean firma‐bilketa hasiko dute eta beste hainbat ekimen ere aurrera eramango dituzte.

Erantzunak

Iñigo Ramirez de Okariz Telleria
2012-03-18 : 20:29

Zerainek hainbat urtetan egin duen auzolanaren jarraitzailea izan naiz, eta une honetan gertatzen den haritik ez dut ulertzen zeintzuk diren beste herritar (edo gune) horien zehatz-mehatzeko egitasmoak. Argitzerik bai?

Irala
2012-03-18 : 21:18

Nik ere argitasun pixka bat eskatuko nuke zeraindar ez garenontzat.

joseba
2012-03-18 : 23:05

Iñigoren galdera bera nerabilen neuk ere buruan. Publikoki Zeraingo herriaren orain arteko bidearen defentsa egin dutenerako, mehatxu hori gertu sentitu duten seinale da baina, zertan datza zehazki?

Arantzazu Muñoa
2012-03-21 : 13:15

Kaixo.



Zeraindarra naiz eta Zeraingo herri-proiektuaren aldeko adierazpena oraindik sinatu ez badut ere, sinatzeko asmo osoa dut, erabat bat egiten baitut idatziak dioenarekin.



Mehatxua zehazki zer den galdetzen duzue, eta iruditzen zait horri erantzuteko trapu zikinak aireratzen hasi beharko nukeela eta ez zait iruditzen hau horretarako unea eta tokia denik. Bestalde, gainera uste dut Zerainen gertatzen ari dena kanpoa ulertzea ez dela erraza. Horregatik, niri ere aproposena iruditzen zait Zeraingo herri-proiektuaren aldeko ekimenak egin duen moduan, herri-proiektua bera eta horren atzean lanean ari direnak babestea, eta ez inor publikoki larrutzea.



Kontuak kontu, zehazki zer gertatu den galdetzen duzuenez, labur erantzuten saiatuko naiz. Aspalditxoan, adibidez, Kultur Elkartetik ekintzaren bat antolatu denean, hainbatek ekintza paraleloak antolatu dituzte Kultur Ekintza horri boikot aktiboa eginaz. Azken urtean, bestalde, gure etxeetan idatzi anonimoak jaso ditugu (gezurretan oinarrituak eta guztiz demagogikoak)herri-proiektuaren atzean lanean ari direnen ekintzak arbuiatuz eta pertsona horiek barregarri utziz. Hori gutxi balitz, herri-proiektuaren barneko hainbat egitasmoren eta proiektu horren ondorioz sortu diren hainbat egituraren kontrako pintadak ere agertu dira, herri-proiktuaren atzean lanean ari direnak lapurtzat joz.



Hau guztia agian normala irudituko zaizue, baina Zerainen 250 lagun bizi gara eta honek guztiak giro oso txarra sortzen du eta doan herriaren alde lanean ari den jendeari min handia eragiten dio eta kargu publikoetan daudenak (hauek ere doan lanean) erre eta ahitu egiten ditu. Pertsona horiek, askotan euren bizitza pertsonala alboratuta, herriaren, herri-proiektuaren eta herritarron alde lanean ari baitira, ordu mordoa sartzen.



Argi dago Zerainen taldetxo antolatu bat dagoela herri-proiektuaren aurka aktiboki diharduena: eurentzat Zerainen egin den guztia eta egiten den guztia da txarra. Inoiz ez diet ezer onik entzun gure herri-proiektuaren inguruan. Noski, hau guztia ikusita, nik uste dut, ni bezalaxe gainontzeko herritarrak ere nazkatu egin direla, batez ere, herriaren alde lan gehien egin dutenak eta jende honen erasoa zuzenean jasan dutenak (telefono dei mordoa, exijentziak, irainak...)



Zeraindarrek publikoki auzolanean oinarritutako eredua eta horren atzean lanean ari direnak babestu nahi izan dituzte. Kontuan eduki behar da, Zerainen auzolanean gauza mordoa egin dela eta egiten dela: hasi mendi-bideak garbitzetik eta herri aldizkaria egiteraino. Guztiaren oinarrian dago auzolana. Orain bertan Udaletik 15 lan-talde sortu dira eta herritarren parte-hartzean oinarrituz ari da herria aurrera egiten. Honengatik guztiarengatik Zerain herri bizia da: medikua, eskola, haur-eskola, gaztetxea, kultur etxea, bi taberna, bi sagardotegi, bi nekazalturismo, Turismo Bulegoa, herritarrentzako denda, artisau-denda, ondarea erakusgai (museoa, diaporama, kartzela, meategiak, zerrategia...), mediko ibilbideak, eta abar luzea dugu.



Hori guztia, noski, ez da posible herritar guztiok norabide berean, indarrak batuta aurrera egiten ez badugu. Hori guztia ez da posible, herrian oposizioa egiteko antolatutako taldetxo bat estrategikoki gure herri-proiektuaren eta funtzionatzeko ereduaren aurka ari bada.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago