Teknologia albisteak

Koldo Saratxagaren hitzaldi irekia "Informazioaren kudeatzailea" ikastaroari hasiera emateko

Erabiltzailearen aurpegia
Tabakalera, Donostia
2012-03-16 : 15:03

Tabakalerak eta Asmoz Fundazioak antolatutako Informazioaren kudeatzailea eta bitartekaria izeneko ikastaroa joan zen astean abiatu bazen ere, hasiera ofiziala eta publikoa datorren astelehenean, martxoaren 19an, emango zaio, Koldo Mitxelena Kulturuneko ekitaldi aretoan Koldo Saratxagak eskainiko duen hitzaldiarekin. Interesa duen ororentzat zabalik egongo den saioa 18:30etan hasiko da eta gaztelaniaz izango da. Gainera, bertaratu ezin dutenek ere hitzaldia jarraitzeko aukera izango dute, streaming bidez emango baita Koldo Mitxelenako webgunean.

"Aro Berria, Modu Berria" izenburupean, honako gaion inguruan jardungo da Saratxaga: Etengabeko eraldaketa prozesua bizi duen mundu honetan giza-harremanak nola aldatu eta egokitu baloreei dagokien protagonismoa eskainiz; besteekin, desberdinarekin, nola eraiki harreman horiek; nola bultzatu pertsona independente eta helduetan oinarritutako jarrera arduratsuak eta parte-hartzea, eta nola sustatu etengabe ikasteko, desikasteko eta berrikasteko prest dagoen gizarte bat.

Koldo Saratxaga (Sopuerta, Bizkaia, 1947) aski ezaguna da gure artean, batik bat lan eremuko giza-harremanetan eta antolakuntza sistemetan garatu dituen proiektu berritzaileek izan duten arrakastagatik.

Bere ibilbide profesionalaren zati garrantzitsu bat kooperatiben munduan eman du eta esperientzia azpimarragarriena eta ezagunena, behar bada, Ormaiztegiko Irizar S. Coop.-en burututakoa izan da. 1991ean sartu zen bertan, enpresa porrot egoeran zela, eta hamarkada baten buruan mundu mailako ikur izatera eta bere jardunaren bikaintasunagatik makina bat sari jasotzeara eraman zuen.

Saratxagak berak ere hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu bere ibilbideagatik, besteak beste, Gipuzkoako Urteko Enpresariaren Saria (1997), Espainiako Urteko Ekintzailearen Saria (1997) edo Euskal Herriko Enpresari Onenaren Saria (2001), eta 2005ean Euskal Herriko Osperik Oneneko Kudeatzaileen arloan buru zen, Euskadiko 2005eko Recor Txostena egiteko kontsultatu ziren iritzi liderren ustez.

Azken urteotan hainbat unibetsitatetan dihardu irakasle moduan, hala nola, Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Halaber, 2005ean Koldo-2k Emocionando, S.L. sortu zuenetik (www.k2kemocionando.com), zenbait enpresa proiektutan (ner group-en batutako 20 proiektu baino gehiago) aholkulari lanak egiten ditu, erakundeetako antolakuntza sistemetan eraldaketak bultzatuz, Harreman Modu Berrian oinarrituta (Nuevo Estilo de Relaciones - ner). Gainera, hainbat libururen egile da eta hitzaldi zein mintegietan erakundeetan burutu beharreko eraldaketen gaineko bere ezagutza eta esperientziaz jardun ohi da sarri.

Informazioaren kudeatzaileta eta bitartekaria ikastaroa

Tabakalerak eta Asmoz Fundazioak antolatzen duten "Informazioaren kudeatzailea eta bitartekaria" ikastaroak hirugarren edizioa du aurtengoa. Egun, esparru pertsonal zein profesional orotan beharrezkoa da informazioa eta edukiak beste pertsonengana hurbiltzeko gaitasuna lantzea.

Ikastaro honen helburua, hain zuzen, bitartekaritza behar horri, edozein eremu eta formatutan dela ere, erantzuteko trebakuntza eskaintzea da, hau da, unean uneko informazioaren bilaketa, analisi, komunikazio eta hedapenean adituak sortzea. Ikastaroa martxoaren 5ean abiatu zen eta ekainaren 22ra arte luzatuko da eta aurrez aurreko hiru saioz indartutako e-learning metodologia erabiliz burutuko da.

Erantzun

Sartu