Teknologia albisteak
1

Ingelesik gabe euskal irakaskuntza non?

Erabiltzailearen aurpegia
Iberba Euskara Zerbitzuko Patxi Alaña
2012-03-15 : 13:03

Euskalgintzan ideiak agortzen ari zaizkigula dirudi. Orain dela 30 bat urte ekimena kalean zegoen, proiektu berriak herritik sortzen ziren. Gaur egun, ordea, badirudi denok Administrazioari begira gaudela, hura txalotuz edo kritikatuz, baina gauza berri asko sortu gabe. Artikulu hau Euskalgintza 2030 izeneko eztabaida bateko lehenengo ekarpena da. Bada ordua datozen 20 urteei begira gogoeta sakona egiteko.

Adibiderik onena irakaskuntzan dugu. Hasierako ikastolak gerra zibilean itxi ondoren, 1960tik aurrera berriro eratu ziren, eta, hiru hamarkadetan, ia ikasleen herena bereganatzera heldu ziren. Arrakasta hori lortzeko arrazoi asko zeuden: gure hizkuntza berreskuratu nahi izatea, Euskal Herriarekiko afektibitatea, metodologia berritzailea... baina baita honako hau ere: aukera profesional gehiago eskaintzea. Horrela D eredua indartuz joan zen, gurasoen erabakia ezin errazagoa zelako: hobe bi hizkuntza ikastea bakarra baino.

Baina, honen aurrean, logikoa denez, piezak mugitzen hasi ziren. Batetik Jaurlaritzak ikastolen mugimendua zatitu zuen, zentroen erdia publiko bihurtuz. Ikastolek horretan galdu zuten indarra gaur egun ere sumatzen da. Geroago, beste ildo garrantzitsu bat zabaldu zen: ingelesa. Nafarrako Gobernua, hizkuntza bat irakatsiz bi hizkuntza irakasten zituztenekin lehiatzea ezinezkoa zela konturatu zen lehena izan zen. Horrela, TIL eredua sortu zuen ingelesa sartuz. Apurka-apurka indarra hartzen ari da eta orain EAEn bide beretik joan nahi dutela dirudi.

Honen aurrean, tristeena, besteok emandako erantzuna izan da. Batetik aurreko Jaurlaritzak, hizkuntz ereduen aldaketa landu zuenean, ez zuen ingelesa kontuan hartu. Kataluniako eredua kopiatu nahi izan zuen, 80ko hamarkadakoa dena eta ingelesarena konpontzen ez duena, noiz eta orain, mundu mailan ingelesik gabe ate pilo bat ixten zaizkigunean. Bestetik, ingelesa sartzearen kontrako beldurra ikusten da, euskararen irakaskuntza oraindik finkatu gabe dagoelako. Azkenik, Euskalgintzak ez du gai honi irtenbide egokia emateko planteamendu serio bat egin.

Hala ere, gauzak modu positiboan ikusi behar dira. Batetik, Nafarroan, euskarari esker, TIL eredua sortu dute eta D eta TIL egonda, A eredua desagertzen ari da. Eta hori ona da, gaur egun hizkuntza bakarrarekin eskolatik ateratzea onartezina delako. Bestetik gurasoek eskaintza handiagoa dute, eta hori, berez, ona da. Honen aurrean euskaltzaleok egin beharko genukeen azken gauza, TIL eredua edo oraingo Jaurlaritza ingelesa bultzatzeagatik kritikatzea da. Alegia, besteen aurrerapenez eztabaidatu beharrean, hobe da norbera bizkortu eta zerbait sortzea aurrera egiteko.

Zer egin behar dugu? Lehenengo gauza gure burua kritikatzea gai hau lehenago konpondu ez izanagatik. Ingelesarena argi ikusten zen, gero eta garrantzitsuagoa izango zela, eta hemengo eredu guztietatik ondo ikasi gabe ateratzen zirela. Esan beharra dago zerbait egin dela. Ikastolen Federazioan ingelesa lantzeko ildo pedagogiko bat eratu, materiala sortu eta gero eta hobeto irakasten hasi dela. Ikastetxe publiko eta pribatu batzuetan ere gauza interesgarri batzuk ari dira egiten. Baina behar duguna baino askoz gutxiago da. Zergatik? Bada, Nafarroako Gobernuak ez duelako A ereduan ingelesa hobetzeko plan bat egin. Egin duena eredu berri bat sortzea izan da, bere izen eta izan propioarekin, bere mami eta azalarekin, eta garrantzitsua dena: salgarria dena.

Batzuek, gaztelera edo frantsesa moduan ikusten dute ingelesa, euskarari lekua kenduko dion hizkuntza izango dela alegia. Baina kontuan hartu beharra dago gazteek ingelesez egin ditzaketen gauzetan, euskarari baino, gaztelerari edo frantsesari kenduko diotela, esparru komunikatibo antzekoak dituztelako.

Euskaltzaleok, orain dela 10 urte gutxienez, irakaskuntza eredu berri bat sortu behar izan genuen euskarari eutsiz baina ingelesa ere bermatuz. Bere izen eta izanarekin. Bere hizkuntz helburu, metodologia eta abarrekin. Horrela gurasoak ez dira zalantzan egon beharko ea zer den garrantzitsuago euren seme-alabentzat, euskara ala ingelesa, gauza kontrajarriak balira.

Eredu berri bat sortzeko Kontseiluak lagun lezake, bertan sare desberdinek parte hartzen dutelako. Erronka polita litzateke datozen 20 urteetan, ahalik eta lasterren hobeto, gure ikastetxeetatik gazte hirueledunak ateratzea.

Baina horrela egiten ez badugu, euskal irakaskuntzan ingelesa ondo txertatzen ez badugu, ikusiko dugu, 10 urte barru, D ereduko ikastetxeak eta ingelesa ondo irakasten duten ikastetxeak non egongo diren.

Egia esan, oraingo irakaskuntza egituratuta dagoen moduan, ingelesa ondo irakasteko zaila da, baita euskara behar den moduan irakastea ere. Gauza asko aldatu behar direlako, ez bakarrik euskara eta ingelesa ondo irakasteko, beste hainbat gauzatarako ere bai.

Aldatu behar diren gauzen zerrenda luzea bada ere, lehenengo, Irakaskuntza karrera hobetu beharko litzateke, Finlandiakoarekin antz pixka bat izan dezan: maila igotzea, praktikak erabat txertatzea... Dauden karreren artean Irakaskuntza gainditzea errazenetakoa izatea bitxia da, ume eta gaztetxoei irakastea oso gauza zaila delako.

Beste gai bat komunikazioaren zentralizazioa aldatzea da. Joxerra Gartziak dioen moduan, eskola mutuen ereduak ez du balio, ikasleak gehienbat entzutera mugatzen dituelako. Horregatik, ikaslea komunikazioaren erdigunean jarri behar da, hiztun aktibo bihur dadin, batez ere, bere ama hizkuntza ez den bat ondo bereganatzea nahi badugu.

Irakasleen estatusean ere aldaketak behar dira, horietako asko irakaskuntza publikoan: ordainsariaren zati bat helburuen betetze mailaren arabera jasotzea, ikastetxeak ezarritako irizpideak arazorik gabe bete ahal izatea, kalitatearen kontra joan daitezkeen gai batzuetan irizpide batzuk jartzea. Adibidez, lekualdaketan gehienezko irakasle kopuru bat jartzea eskolako, urrutien dauden ikastetxeetan proiektu pedagogikoak hankaz gora ez jartzeko irakasle asko aldatzen direnean, etab. Horretarako funtzio publikoan aldaketa garrantzitsuak egin behar dira, horiek egin ezean, seguruenik, emaitza berdintsuak izatea gerta daitekeelako.

Zuzendaritza taldeek ere aldaketa asko behar dituzte: lana profesionalizatzea, eskumen askoz gehiago izatea, eredu pedagogikoa ikastetxe osora zabaltzeko aginte maila izatea, etab.

Administrazioek ikastetxe publikoei zein pribatuei ematen dizkieten estaldura ekonomikoen bidez gutxieneko emaitzak ere exijitzea tresna ona izan liteke, emaitza onak lortzen dituzten zentroen sistema pedagogikoak zeintzuk diren zehazteko eta ondoren eredu bihurtu ahal izateko.

Azkenik, Txepetxek zioen moduan, irakaskuntzan hiztunik onenak behar ditugula ere gogoratu beharra dago, emaitza onak lortzeko ezinbesteko baldintza delako. Datozen bi hamarkadetan euskara maila oso ona duten irakasleez hornitu behar dugu irakaskuntza sistema, euskaraz zein ingelesez, eta azken honetarako natibo asko izatea ere komenigarria da.

Dena dela, ingelesaren gaiari behar bezala erantzun ez izanak sakoneko arazoa dagoela adierazten du: lehen gizarteak hartzen zuen iniziatiba, erabakiak..., orain Hegoaldean Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren esku jartzen ditugu. Lehen autonomoagoak ginen, orain, menpekoagoak. Eta hori euskararen etorkizunerako ez da ona. Une honetan euskalgintzaren %80a edo gehiago frankismoan bertan edo osteko 10 urteotan sortutakoa da. Geroztik gauza berri gutxi sortu dugu. Eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke.

Artikulu hau Euskalgintza 2030 izeneko eztabaida bateko lehenengo ekarpena da. Bada ordua datozen 20 urteei begira gogoeta sakona egiteko. Arlo asko dira, eta horiei buruz epe luzerako ikuspegiarekin gutxitan idatzi izan da: helduen alfabetatze-euskalduntzea, kultura, administrazioa, lan mundua, corpusa, proiektu berriak, jaiotza politika, euskararen aldeko mugimendua... Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldiak egin zirenetik ez da berriro eztabaida zabal eta kolektibo bat egin Euskalgintzan. Egin dezagun.

Amaitzeko, txarto esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan hartu.

Erantzunak

Tolosaldeko Euskararen Semaforoa
2012-03-21 : 13:01

Ingelesaren beharraz Semaforoan ere jardun dugu, Txillardegiren esaldi honetatik abiatuta: "Euskara eta ingelesa dakiten elebidunak behar ditugu?"

Erantzun

Sartu