Teknologia albisteak
1

Txirri, Mirri eta Txiribiton: 40 urte oholtzan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-03-19 : 09:03

Datorren martxoaren 25ean 40 urte beteko dituzte oholtza gainean Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunek. 1972an egin zuten lehen agerraldia eta harrezkero 40 urtez ibili dira herririk herri umetxoen irria sortaraziz. Erakusketa eta ekitaldi bereziak antolatu dituzte Donostiako Udal Liburutegian.

Euskaldun gutxi izango da Txirri, Mirri eta Txiribiton ezagutuko ez duenik. Izan ere, 40 urtez, hainbat belaunalditako haurren arreta jaso dute hiru pailazoek.

Donostiako Kresala elkartean eman zuten lehenengo ikuskizuna, 1972. urtean. "Kixki, Mixki eta Kaxkamelon" izena hartu zuten eta Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Andoni Ezeiza ziren hasierako hirukotea. Hirukote gazte-gaztea zen, ordura arte Euskal Herrian ezagutzen zen zerbait egitea erabaki zutenak: pailazo-lanak euskaraz egitea. Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon pailazo gazteen kezka nagusia horixe baitzen, umeentzako euskarazko ikuskizunak sortzea, eta arlo horretan aitzindari izatea lortu zuten.

Hainbat urtez herririk herri jardun ondoren, 1984an telebistarako jauzia egin zuten. Andoni Ezeizak hirukotea uztea erabaki zuen, ez zuelako telebistan lan egin nahi, eta Txema Vitoriak hartu zuen bere lekua. Hirukotearen izena ere aldatu zen, eta Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izatetik Txirri, Mirri eta Txiribiton izatera pasatu ziren.

Lehen ere aski ezagunak baziren, telebistan agertzeak arrakastaren ateak ireki zizkien eta hainbat proiektu abiarazteko aukera eman zien. Harrezkero, hamaika jaialdi, Pailazokeriak marrazki bizidunetako filma, dozenaka telebista-saio eta emanaldi ("Don Don Kikilikon", "Barre Busa", "Altza Porru" edo "Trikitraka Trikitron"), eta azkenaldian baita ingelesezko saioak ere, "Sagarra da Apple" (gogoratzen sagarra mantzana, ikatza karbon...?). 40 urte ez direla alperrik pasa!

40 urteko ibilbidea

1972ko martxoaren 25ean, egin zuten lehen emanaldiaren urteurrena ospatuko dute aurten. Jardueren artean, Donostiako Haur Liburutegian prestatu duten erakusketa aipatu behar dugu, non ikuskizunen ibilbideaz gain, garai hartako jantziak, eta oroitzapen kuttunenak azalduko dituzten. Osogarri gisa, berrogei urte hauetan argitaratu dituzten eta Haur Liburutegian dauden liburu, pelikula eta disken bilduma jarriko da.

Erakusketa zabalik egongo da martxoaren 12tik 30era, Liburutegiaren ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera: 16:00 - 20:00 eta larunbatetan, 10:00-14:00.

Martxoaren 23an, gainera, hiru pailazoak Liburutegira bertaratuko dira eta 18:00etatik aurrera bisita gidatuak egingo dira, Txirri, Mirri eta Txiribitonekin. Berrogei urteetan gertatu zaizkien pasadizoak kontatuko dizkigute eta beraiekin batera abesti ezagunenak kantatzeko aukera izango da. Saio bakoitzak 30 minutu iraungo du eta hiru saio izango dira: 18:00,18:30 eta 19:00etan. Bisitan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik, gonbidapena eskatu behar da Haur Liburutegian.

Horrez gain, lehiaketa bat ere abiarazi dute euren Facebook orrialdean.

Beste zenbait lotura:

Erantzunak

Sustatu
2012-03-22 : 10:38

Argiak ere erreportaje zabala argitaratu du joan den astean: Pentsatu ere ez 40 urtean pailazoarena eginez ibiliko ginenik.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago