Interneteko albistegia

Santorum, definizio bat

Sustatu | Sexua | 2012-03-06 : 09:03

AEBetako errepublikanoen primarioetan egun inportantea da gaur, Super-Asteartea. Mitt Romney mormoi ustez moderatua abantailarekin ageri da Rick Santorum katoliko fundamentalistaren aurretik, baina gutxigatik, eta azken egunetan dantzan ibili dira inkestak. Ikusiko da, beraz, nola doan kontua. Bitartean, badirudi Santorum-en aldekoek maniobrak egin dituztela bere izena Googlen garbitzeko, azken urteetan definizio sexual bati lotua egon baita bere izena; emaitzetan lehena agertu izan den Spreading Santorum gunearen arabera, zera da Santorum:

Gorotz eta lubrifikatzaile nahasketa, apar antzekoa, batzuetan sexu analaren albo-ondorio gisa sortzen dena

Terminoa asmatua da. 2003. urtetik, Dan Savage aktibista gay eta sexu-aholkulariak bultzatu izan du, Santorum-en jarrerak salatzeko. Orduan senataria zen Santorum eta esan zuen ez bakarrik sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak debekatu beharko zirela, baizik eta sexu ekintza pribatuak ere zaindu eta debekatu beharko liratekeela, kasu batzuetan.

Astakeria horien aurrean Santorum terminoa asmatu/berrasmatu behar zela proposatu zuen Savagek, eta bozketa baten ondorioz iritsi ziren sexu analaren ondorio izaten den gai likitsu horren kontura. Hauxe da definizioa ingelesez, goian euskaratu duguna:

The frothy mixture of lube and fecal matter that is sometimes the by-product of anal sex.

Horrela sortu zen Spreading Santorum webgunea eta kanpaina, eta 2003tik oraintsu arte, Santorum Googlen bilatuta horixe agertzen zen lehen posizioan. Presioak izan zirela kontra aipatu izan du Dan Savagek, baina Googleren algoritmoetan aldaketarik ez dela sumatu. Hala ere, Savagek berak jakinarazi du egoera hori aldatu dela duela gutxi, berak ez dakiela zergatik, baina edonola ere beste definizio are zikinago bat gailendu ei da azkenean...

Guk hemen egin ditugun aprobetan, izatez, ez zaigu lehena agertu definizio sexuala, baina bai lehen hamarren artean. Egiazki, Googleren emaitza orria hainbat modu desberdinetan ager dakioke erabiltzaileei gaur egun, pertsonalizazio faktoreengatik, eta hortaz, zaila da ziurtatzea webgune bat edo beste lehena den edo ez han edo hemen une jakin batean.

Erantzunak

Ana Morales | 2012-03-06 : 10:16 | #1

Edozelan ere, ideia bikaina izan zuen Dan Savagek, eta pupa handia egin izan dio Santorumi. Esaterako, definizioa Urban Dictionary-n sartu zen, 27 adiera zein baino zein landuagorekin, eta hainbat eratorrirekin (santorum salad, santorum snort...).

Bestalde, "Santorum"-en aldakiak ere sortu dira. Esaterako, Rush Limbaugh kazetari estatubatuar kontserbakorraren aurka, umore handiz sortu ere

Batzuetan burutik pasatu izan zait euskaldunok antzeko kanpainiaren bat egiteko posibilitatea zenbait figuraren inguruan...

Luistxo | 2012-03-06 : 11:19 | #2

Euskal Herrian antzeko kanpainarik?, galdetzen du Anak. Ez dakit, baina tontakeria galanta bota zuen Twitterren asteburuan Donostiako zinegotzi sozialistak batek, Enrique Ramosek. Tuita ezabatu zuen, baina egunkari batek jaso zuen (susmatzen dut URL hori ere iraungiko dela laster):

Las declaraciones de la IA sobre ETA son como el sexo anal. Crees que por fin lo vas a lograr pero acabas masturbándote.

Egia esan ez dut harrapatzen zer esan nahi zuen. Ez dakit zer den okerra Ramosentzat, sexu anala, edo masturbazioa, edo biak, edo gauza batekin hasi eta bestearekin amaitzea... Baina, tira, ez nuke definizio baten jomuga bihurtuko honengatik. Bilatzaileen posteritaterako gera dadila hemen gordea, akaso, eta kito.

Liztorra | 2012-03-06 : 17:06 | #3

Ez dut esperientziaz esaten, baina nik uste, sexu anala pasiboki praktikatuz orgasmoa iristeko eduki ohi den zailtasunari egin dio erreferentzia Enrique Ramosek. Alegia, ia-ia bai, baina azkeneraino ezin iristearen kontua.

Ez horregatik.

Bukatzeko, proposamen bat.

1) Kalatraba(ren) Zubi: Lan garesti, zail, oso landu, eta aldi berean, erabat alferrikakoa. Adigai berri hau "garestia" eta "tonto-inutilla"-ren artean mugituko litzateke.

2) "Aberia ederra egin digunk, demonio Kalatraba, Kalatraba alua, Kalatraba urdeputa": Maisulan bikain bat egin duela usteta, sekulako txikizioa egin duen pertsona.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu