Lankide bati gertaturikoak aspaldiko kontu bat piztu zuen sarean, eta horren harira galdera iritsi da gaur Eusko Legebiltzarrera. Aralarreko Mikel Basabek egin dio Blanca Urgell Kultura sailburuari: ea ETBko kazetarien ohitura hori, euskaldunei esanak erdaraz errepikatzeko eskatzekoa, ezabatu daitekeen, eta euskara agerikoagoa izan daitekeen horrela ETB2n. Urgellek erantzun dio ados dagoela euskararen bisibilitatearen kontuarekin, zentzuzkoa dela euskaldunen hitzak behin esan eta bi kateetan agertzea, baina gehitu du gauzak horrela egitea, "normaltasunaren" seinale diela, eta gainera hala omen dago adostua eta arautua: elebidunei bi aldiz eskatzea gauza.
Blanca Urgellek gehitu du adierazpenak bi hizkuntzatan eskatzea ETBko "estilo liburuan jasota" dagoela, eta lantalde batek egindako gomendioei 2005eko ekainean EITBko Administrazio Kontseiluak ontzat emana dela ohitura. Hau da, euskaldunoi erdaraz egiteko eskatzen segituko dutela ematen du. Kazetariek duten lan eta ordutegiak diren bezalakoak direla ere esan du Urgellek, eta mesede egiten diegula euskaraz eta erdaraz gauzak errepikatuta. Basabe eta Urgellen arteko elkarrizketa Legebiltzarraren streaming sistematik jarraitu dut duela minutu batzuk.
Agian kontu hau iritsi da gaur Legebiltzarrera Garikoitz Araolaza neure lankideari gertatu zitzaioanagatik. Duela egun gutxi izan zen: Megaupload eta kontuak komentatu behar zituen, aditu gisa, eta etorri ziren kamerak eta kazetaria. Azaldu zituen bereak euskaraz, eta orduan kazetariak erdaraz errepikatuko ote zituen. ETB2n ere euskaraz agertu nahi zuela-eta, azpidatziak jartzeko eskatu zuen. Kontua da, azkenean, teknologia aditu hau euskaraz agertu zela (29m13s) ETB1eko albistegian, eta ETB2koan (33m25s) azaldu ere ez.
Gaztelaniaz idatzi zuen kontua, bera iritsi ez zen publiko hark entzun zezan askotan sentitu izan dugun nahigabe hori. Baina ondoren, ikusi zuen erdaldunen artean ere ez zuela kontu horrek oihartzunik izan, eta jarraipeneko beste post bat idatzi zuen, atsekabetuta, euskaraz. Tartean, gainera, beste adibide triste bat ere ikusi genuen joan den astean ETB2n: Abadiñoko San Blas ferian baserritarrak erdaraz hau eta bestea komentatzen.
Ba horixe da duguna, eta horrexekin jarraituko dugula ematen du.
Albiste zerrenda