Teknologia albisteak
4

Euskarazko azpidatzien urtea izan da 2011.a

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez, Azpitituluak.com
2011-12-20 : 08:12

2008an sortu zen Azpitituluak Euskaraz ekimena, eta 2010 amaitu bitartean, apenas 40 film oso eta beste atalen batzuk gehitu ziren. 2011. urtea, berriz, 164 film osorekin eta telesail sorta polit batekin itxi behar dugu. Top 2011 inkesta egiten ere ausartu gara, euskaraturiko film onena aukeratzeko.

Gauzak zuzen esate aldera, webgune honen meritua barik, 2011ko jauzi hau beste pertsona batzuen lanaren ondorio izan da batik bat:

Beste webgune horietako ekarpenak ere kargatzen ditut nik Azpitituluak.com-era, batzuetan informazio edo bertsio gehigarriak gehituz, eta hortaz, horrek ere puztu du katalogoa. Baina banakako azpititulatzaileok ere egin ditugu gure saiakeratxoak: Kieslowski (Gari), Von Trier (Jon), Super 8 (neurea), Donnie Darko (Borja), V for Vendetta (Orreaga776)...

Multzo honetan, gainera, estreinaldi berri mordoxka bat dago, eta hortaz, Top 2011 bat egiteko moduan gaude. Honako film zerrenda hau 2011ko onena aukeratzeko osatu dugu. Urte amaierako top batean edo bestean (edo lehenagoko sariketetan) agertutakoak dira denak. Batzuk 2010ekoak dira, baina estreinaldi edo zabalkundez geurean, 2011kotzat jo ditzakegu:

 127 hours
 Another Earth
 Arrietty
 Attack the Block
 Black Swan
 Cave of Forgotten Dreams 
 Drive
 Essential Killing
 Haevnen (in a better world)
 Incendies
 Jodaie Nader Az Simin (A Separation) 
 Jusan-nin no Shikaku (13 Assassins) 
 Le gamin au velo
 Les petits mouchoirs 
 Melancholia
 Midnight in Paris
 Misterios de Lisboa
 Pina
 Rise of the Planet of the Apes 
 Super 8
 The Tree of Life
 True Grit
 Uncle Boonmee Who Can Recall His Past Live

Eta horien artean onena aukeratzeko, inkesta bete dezakezue sarean. Bozka zuk ikusi dituzunen artean. Ez dio axola ez badituzu euskarazko azpidatziekin ikusi, filmak baloratzen ditugu, ez azpitituluak.

Animatzen bazarete azpidatziekin, ekin; ez da hain zaila. Lehenbizi, jaitsi gauzak eta ikusi. Umeen kasuan, konprobatua dut 9 urtetik aurrera film azpititulatuak jarraitzeko gauza direla (eta, Europako Batasunak enkargatutako ikerketa honen arabera, hizkuntzen ezaguera handitzeko baliagarriak dira azpidatziak). Kontsumitzeaz gain, aportatu nahi bazenu zerbait euskaratzen, hainbat hobe.

Sarean Azpitituluak.com jarraitzeko, e-posta buletina daukagu, eta Twitter kontua ere bai.

Erantzunak

Sustatu
2011-12-20 : 10:57

Europako Batasuneko Batzordearen ikerketa horretatik, datu interesgarri batzuk. Batetik, atera dituzten hiru ondorio nagusiak:


  • Azpidatziek lagundu egiten dute atzerriko hizkuntzak menderatzeko orduan.

  • Azpidatziak pizgarri izan daitezke, hizkuntzak ikasteko motibazioa emanez, bai kontestu formaletan zein informaletan, eta horrela eleaniztasuna sustatzen dute.

  • Unibertsitateko ikasketak dituztenak eta atzerriko hizkuntzetan mintzo direnak, oro har, azpidatzien aldekoagoak dira, bikoizketarena baino.

Eta bestetik, mapa parea. Honetan, azpitituluekin dauden joera nagusiak herrialdez herrialde, Europako zine aretoetan:



Argazkiak.org | Azpidatziak Europako zine aretoetan © cc-by-sa: herri.admin


Goiko honetan, gorriz, bikoizketa; horiz, azpidatziak; arrosa: bien nahasketa.


Beheko mapa, berriz, telebistetako ohiturei dagokie:



Argazkiak.org | Azpidatziak Europako telebistetan © cc-by-sa: herri.admin


Kolore gakoak telebistarako: Gorriz, bikoizketa; horiz, azpidatzia; berdez, ahotsa gainetik jarrita; urdinez (Luxenburgo), tokatzen den originala.


Luistxo
2011-12-21 : 10:28

Hemen Sustatun idatzi ditudanak osatu ditut apur bat nire blog pertsonalean, azpidatziak itzultzeko darabildan metodoa eta motibazioa azalduz.


Euskara batuan mesedez
2011-12-21 : 15:49

Xabier Aramendik lan handia egin duela ezin da ukatu baina erabiltzen dituen hiztegia eta ortografia ez dira batere ortodoxoak eta hori nire ustez kalterako da. Gainera, norbait, asmo onez, zuzenketak egiten saiatzen denean purrustadaka erantzuten du, guztia izorratzen ari direla esanez:
Adibide bat
Beste bat
Eta hirugarren adibide bat


Eskubide osoa du nahi duen bezala itzultzeko, baina ulertu behar luke erabiltzaile askok ortografia estandarra duen euskara ulergarrian nahi ditugula azpitituluak. Adibidez, lesbiana hitzaren ordez "emaberekundekoia" erabiltzen du, jakin nahi nuke nondik atera duen hitz hori.


Luistxo
2011-12-27 : 11:21

Gorago adierazitako inkesta hori burutu dugu, eta horra emaitzak, euskaratutako 2011ko filmen Top edo ranking-a:


  1. Drive

  2. Cave of Forgotten Dreams

  3. Black Swan

  4. Attack the Block

  5. Midnight in Paris

Boto (edo ikuskapen) gutxiago jaso dituzten multzo bat ere osatu dugu, eta orain artean daude adibidez Osaba Bonmee edo Essential Killing.


Informazio gehiago Azpitituluak.com-en.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago