Teknologia albisteak

UZEIk doako tresna kaleratu du testu-tratamendurako programa ezagunenekin euskarazko sinonimoak txertatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
UZEI
2011-09-27 : 10:09

Dagoeneko eskura daitezke doan Eusko Jaurlaritzaren euskarazko softwarearen webgunetik, UZEIren Sinonimoen Hiztegiaren pluginak. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak 1999an argiratu zuen Sinonimoen Hiztegia eguneratu du (2011ko bertsioa). Hiztegiak zorrotz betetzen ditu Euskaltzaindiak gaur egun arte argitaratu dituen arau guztiak, eta guztira, 25.505 sinonimo biltzen ditu.

Testuak idazterakoan hizkera aberasteko erabiltzen dira, gehienetan, sinonimoen hiztegiak, eta horregatik, hiztegi hau gaur egun ohikoenak diren testu-tratamendurako programekin erabiltzeko egokitu da: Word eta LibreOficce Writer, bertsiorik erabilienentzat (MS Word 2003/2007/2010 eta LibreOffice), eta bai Windows bai Linuxerako.

Sinonimoen bilatzaile soil bat baino gehiago

Hiztegia behar bezala integratuta dago aipatutako testu-tratamendurako programa horietan pluginen (edo osagarrien) bidez, eta nahikoa da idazten ari garen testuan klik bat egitea hitz baten ordez bere sinonimoa txertatzeko. Testu bat idazterakoan, sinonimo batekin ordeztu nahi dugun hitzaren gainean klik eginez gero saguaren eskuineko botoiarekin, tresna honek ez digu hitz horren hiztegi-sarrera soilik emango: testuan hitz horrek duen formara egokituta emango digu sinonimoa ere. Adibide batekin azalduko dugu: “bukatu” hitzaren sinonimoa bilatzen badugu eta testuan “bukatzeko” idatzi badugu, aplikazioak “amaitzeko” emango digu, ez “amaitu”, ohiko sinonimo-hiztegi batek emango ligukeen bezala.

Hori lortzeko, guk hautatzen dugun hitzaren azterketa egiten du aplikazioak, eta ondoren, sinonimotik abiatuz, forma berri egokia sortzeko gai da. Era horretako azterketak bereziki interesgarriak dira euskara bezalako hizkuntza eranskarietan.

Doan deskarga daiteke Internetetik

UZEIren Sinonimoen Hiztegia-ren osagarri edo plugina doan deskarga daiteke www.euskara.euskadi.net/euskara_soft helbidetik.

Argibide gehiagorako, jar zaitez gurekin harremanetan: uzei@uzei.com

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago