Teknologia albisteak
2

Urte askotarako, amona!

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-20 : 13:09

Euskal filmekin (eta euskalgintzako kultur produktuekin, oro har) sarri erabiltzen ditugu laudorio onberak, pelikula bat "ona" dela esanez, "geure mailan", esan gabe adieraziz, irizpide zorrotzagoekin, seguru asko ez litzatekeela hain ona. Telmo Esnalen Urte berri on, amona filmean ez dago halakorik. Oso-oso ona da; ez "geure mailan" bakarrik, baita edonorako ere.

"Aupa, Etxebeste"rekin jendearen txaloa eta irria lortu zuten Altunak eta Esnalek. Sei urte pasatuta, bigarren film luzea egin ahal izan du bietako bakoitzak. "Bertsolari"n beste bide bat hartu du Altunak; Esnalek, berriz, aurrekoaren ildoari segitu dio, familia batean girotutako komedia beltza eginez, baina ezaugarriak areagotuz: familiago, komediago eta, batez ere, beltzago.

Bikote batek bolada batean neskaren amona etxean hartu behar du, eta... Horraino irakurriko dut, pelikularen tripak agerian utziz gero galdu egingo baituzue ikusteko plazera; horixe baita ikusleak lortzen duena: filmak aurrera egin ahala gozatzea, ez baitu inongo momentutan behera egiten, eta belzkeriarik izugarrienekin ere barre egitea.

Meritua, konpartituta: Altuna eta Esnal gidoilariena; Esnal zuzendariarena, eta aktore talde zoragarri batena: Josean Bengoetxea eta Nagore Aranburu jenialak, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi bikainak, Manex Bengoa haurra ere primeran, eta Montserrat Carulla aktore katalana amonarena egiten.

Esandakoa errepikatuz amaituko dut: zoazte ikustera, ez euskal kulturari lagunduko diozuelako edo merezi duen pelikula bat bultatuko duzuelako, ez horregatik bakarrik, baizik eta oso ondo pasatuko duzuelako.

Erantzunak

asier
2011-09-20 : 14:13

Ño! Ba, horrela esanda, asteburuan zinera, ala?


Azkenaldian, zorionez, euskal produktu onak ugaritzen ari dira. Orain dela 8-10 urteko panoramarekin alderatuta, behintzat, badirudi bidea egiten dihardugula.


Bide batez, eskerrik beroenak Xabierri, zinemaldiaren jarraipen bikainagatik.


Sustatu
2011-09-20 : 18:46

Twitterren irakurri ditugun komentarioen artean: Arriya baino hobea izango ahal da!


Filmak Twitter kontua ere badu: Urteberrion


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago