Teknologia albisteak

Etxekoentzat eta kanpokoentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi, xme
2011-09-17 : 21:09

Jendetza zetorren gaur Donostiara, ez bakarrik Zinemaldiagatik, baita presoen aldeko manifestazioan parte hartzeko ere. Dena dela, euskaldun multzoak Antiguako tunelean biltzen ziren ordu berean beste euskaldun asko (leku bietan egon nahi luketenak, ez gutxi) Kursaaleko areto nagusian sartzen ari ziren, Asier Altunak zuzendutako Bertsolari ikustera, lehiaz kanpo baina sail ofizialean eskaini den filma, gure inprobisazioari nazioarteko ohore guztia emanda. Horrez gain, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Euskal Herriko beste dokumental on bat, Comète sareari buruzko El ultimo paso.

Pelikula ederra da Altunak egindakoa, irudi eder eta iradokitzailez betea, eta hori da bertsolaritza zer den aldez aurretik ezagutzen duen ikuslearentzako berritasun nagusia: bertsoa asmatu aurreko segundoetan bertsolariaren buruan zer dabilen irudikatzeko hainbat metafora bisual erabili ditu zuzendariak, hala nola Miren Amuritza harrobi bateko amildegiaren ertzean ibiltzen jartzen duenekoa (ikus goiko bideo pusketan; Lekunberri ondoko Aldatzen errodatua da hori, Altunak berak prentsaurrekoan argitu duenez).

Filmaren hartzaile asko bertsozaleak izango dira, dudarik ez, baina berezko helburua, edo helburuetako bat, gure hizkuntzaren mugetatik harago joatea da, Euskal Herri barneko erdaldunengana eta mundu zabalean interesa lukeen edonorengana iristea eta azaltzea zer den bertsoa, zer bertsolaria, zer bertsolaritza: teknikaren aldetik bai, baita historiaren ikuspegitik ere, baina batik bat kultur agerpen moderno gisa eta gizartearekin daukan lotura kontuan hartuta.

Filmean, hainbat bertsolarik hitz egiten dute: batik bat Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak, eta baita Jon Sarasuak eta Amets Arzallusek ere. Irudien aldetik haria daramana, berriz, aurretik aipaturiko Miren Amuritza da. Ordu eta erdian, era askotako baliabideak darabiltza Altunak, eta hori da filmaren dohainetako bat, gaiaren eta pelikularen beraren interesari eusten jakitea.

Mugaz gaindi

Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak okupaturiko Europan hegazkina galduta eroritako pilotu aliatuak salbatzeko sare bat izan zen Comète, erresistente belgiar batzuek sortua eta Ingalaterraren laguntzaz garatua. Brusela-Paris-Bordele pasa eta gero, pilotu horiek Euskal Herrian barrena joaten ziren gero, Iparraldetik Hegoaldera, eta Bilbon kontsul ingelesak haien ardura hartuta, Gibraltarreraino eramaten zituzten gero, etxera bidean.

Esan dudan hau ezaguna izango da askorentzat, ez hainbeste beste batzuentzat (nahiz iaz bertan egin zen beste ikus-entzunezko bat gai berberarekin: "Mugaldekoak" telebistarako filma, Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuések zuzendua). Oraingoan, berriz, "El último paso" izeneko dokumentala egin dute Enara Goikoetxea eta Iurre Telleria zuzendari gazteek, Zinemira sailean eskaini dena, eta azpimarratzekoa da oso lan txukuna egin dutela.

Gaiari buruzko irudi dokumental zaharrak ez dira asko, orduko protagonista gazteen argazkiak gehienbat. Horiek ere ageri dira, baina horiekin batera beste hainbat baliabide: gaur egun egindako elkarrizketak, fikziozko errekreazioak, tokien irudiak... Emaitza, dinamikoa, argia eta edonori gomendatzeko modukoa. Eragozpen bakarra, nire aldetik, pilotu haiei lagundu zietenetako asko euskaldunak izanda, off-eko azalpenetan ematen den ikuspegian gure herria ez dela ia ageri, Frantziako hego-mendebaldetik Espainiako Iparraldera pasatuko balira bezala; eta hala zen, alde batetik, baina ez hori bakarrik.

Erantzun

Sartu