Teknologia albisteak

10 proposamen zertarako erabili Google+en hitzorduak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-08-04 : 11:08

Google+ sarearen ezaugarri deigarrienetako bat Hitzorduak dira —Hangouts ingelesez eta Quedadas gaztelaniaz—, erreminta bat bideokonferentziak egiteko hainbat jenderen artean. Zertarako erabili baina, hitzorduak? Horra zenbait proposamen.

Inti Acevedo ingeniari eta blogari hegoamerikarrak bost bat aldiz erabili du bideokonferentzia multiplea, eta 10 proposamen idatzi ditu Alt1040 agerkarian, erreminta izugarri gustatu zaio-eta.

Hamar erabilera

1. Eskolak emateko. Hauxe da erabilerarik begi-bistakoena. Irakasle batek ikasle-zirkulu bat osa dezake, eta aldiko 10 ikaslerekin antolatu bideokonferentzia. Tutoretza lana egin lezake doktoregai talde batekin, edo webinar bat, alegia, web bidezko mintegia. Elkarrizketa amaitutakoan, post bat geratuko da Google+en, eta bertan egin daitezke galderak edo ekarpenak.

2. Lan elkarrizketak egiteko. Zirkulu bat sor dezakezu lan eskean dabilen talde batekin, eta Hitzorduak erabili berauek elkarrizketatzeko. Elkarrizketak taldekakoak edo banaka egin daitezke. Bukatutakoan, post bat geratuko zaizu, eta, behar izanez gero, eska diezaiokezu elkarrizketatuari bidaltzeko informazio gehiago.

3. Bezeroari laguntza teknikoa eta zerbitzua eskaintzeko. Post bat sor dezakezu Google+en, eta bertan zehaztu zein ordutan egingo duzun hitzordua, zalantzak edo arazoak konpontzeko. Mezulari batek laguntza gehiago behar izanez gero, abiarazi bideokonferentzia pertsona horrekin.

4. Etxean bideozaintza sistema bat osatzeko. Irtenbide merkea izan daiteke etxean zaintza sistema bat sortzeko, bideoa erabilita. Hala ere, ez da behin betikoa, Google+ek 90 minutuz behin begiratzen baitu ea jenderik dagoen hizketaldi horietan.

5. Rock kontzertua eskaintzeko zale irabazleentzat. Imagina ezazu rock talde bat duzula, eta saritu nahi dituzula zure jarraitzailerik onenak, berauek munduan zehar barreitatuta daude-eta. Zer iruditzen kontzertu esklusibo bat 9 lagunentzat?

6. Zure idazlanak jakinarazteko. Idazle hasiberria zara. Erabil dezakezu Hitzordua azaltzeko zure balizko irakurleei zelakoa den sorkuntza zure kasuan. Idazle ezaguna baldin bazara, baliatu dezakezu iritziak trukatu eta galderei erantzuteko. Talde bakoitzari 10 minutu eskain diezaiokezu. Etorkizunean horrela sustatuko dira liburuak.

7. Lan bilerak egiteko. Ez dago zertan lankide guztiak bertan egon bilera egiteko.

8. Prentsaurrekoa egiteko. Gonbidatu 9 kazetari, eta hitz egin eurekin hitzordu batean. Etorkizuneko prentsaurrekoa. Galderak osa daitezke bideokonferentziaren osteko posta erabilita.

9. Produktu bat merkaturatzeko. Erabili Google+ merkaturatzeko produktu bat eta berau oparitu elkarrizketan sartzen diren lehen 9 lagunei.

10. Jolas egiteko. Erabili duzu inoiz mimika jolasteko? Gonbidatu zure aspaldiko lagunak eta gogoratu une barregarri haiek.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago