Teknologia albisteak

Gaur hasi dute musulmanek ramadana

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-08-01 : 14:08

Telebistako udako programazioarekin janaria, edaria, jaiak eta sexua erakusten dizkiguten bitartean, gaur hasi dute musulman gehienek Ramadana; nahiz eta toki batzuetan, Marokon esaterako, bihar hasiko duten. Islamdar egutegian 9. hilabetea da, 30 egunekoa, eta tarte horretan debekatua dute egunsentitik iluntzera bitartean jatea, edatea, erretzea edo sexu harremanak izatea.

Ramadanarekin musulmanek gogora ekartzen dute Gabriel goiaingeruak Mahomari Korana ezagutarazi ziola. Hori dela eta, 5 otoitzaldi egiten dituzte egunero, eta otoitzek oztoporik ez izateko helburuarekin egiten duten barauldia da ramadana.

Ramadanaren datak aldagarriak dira gregoriotar egutegian (nazioartean onartutako egutegi zibila); izan ere ilargian oinarritzen da lehenengoa, eta eguzkian bigarrena. Aurtengo ramadana abuztuarekin batera denez, egunak luzeagoak dira, eta ondorioz, gogorragoak barauldiak.

Datorren urteko ramadana uztailaren 20tik abuztuaren 18ra bitartean izango da, when-is webgunearen arabera. Webgune hori erlijio-egutegien tresna bat da, ikusteko data garrantzitsuak noiz izango diren. Bertan ikus dezakegu adibidez 2012.ko Berpizkunde-igandea apirilaren 12an izango dela.

Ramadanari buruzko albistea Eitb.com-en eta Joxe Arregiren artikulua Uztarrian.

Erantzun

Sartu