Euskarazko lehen hiztegitxoaren Codex-a lapurtu dute
| Historia | 2011-07-07 : 14:07
Euskarazko lehen hitz-zerrenda edo hiztegitxoa dakarren testua, Codex Calixtinus delakoa, lapurtu egin dute Galizian. Hangoa da testu hau:
Deum uocant Urcia, Dei genitricem Andrea Maria, panem ogui, uinum ardum, carnem aragui, piscem araign, domum echea, dominum domus iaona, dominam andrea, ecclesiam elicera, presbiterum belaterra ...
Galiziako hiriburu Santiagon, Done Jakueren katedralaren artxibategian zegoen Codex Calixtinus delakoa, eta asteartetik faltan botatzen dute liburuzainek.
Ez da kodize horretakoa euskarazko idatzizko lehen agerpena (zaharragoak dira emilianotar glosak non izioki dugu era agertzen den), baina bai lehen hitz zerrenda, ordainekin emandako hiztegitxo txiki bat; bidaietarako gaur egunean egiten direnen antzekoa. Izan ere, nolabait funtzio hori du testuak, Aymeric Picaud erromesaren idatzia baita, Done Jakue bidearen deskribapen batean datorrena.
Bost liburu eta bi gehigarri dira beraz Codex hori osatzen dutenak, 12. mendekoak, eta horietako baten autoretza egozten zaio Aymeric Picaud frantziarrari, 5.a, Liber Sabcti Iacobi delakoa. Done Jakue Bidea egiteko gidaliburu bat nolabait esateko.
Picaudek Euskal Herritik igarotakoan egindako deskribapenaren analisia egin zuen bere garaian Gidor Bilbaok Uztaro aldizkarian, eta baita pasarte zehatzen itzulpena gaurko euskarara. Hiztegitxoaren pasartea, Klasikoen Gordailuan ere badator.
Gure hizkuntzaren berri emateaz gain, oso gaizki utzi gintuen Picaudek irakurleen begitan, hori da egia. Bilbaoren itzulpenean:
Herri basatia da hau, beste herri guztietatik ezberdina ohituretan eta izaeran, zeinnahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra, gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia, bortizkeria orotan iaioa, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta maltzurkeria guztietan ikasia, getarren 20 eta mairuen parekoa gaiztotasunean, gure herri frantsesaren etsaia arlo guztietan. Txanpon bakar bategatik hiltzen du frantsesa, ahal badu, nafarrak edo euskaldunak.
Azken bereizketa hori, nafar eta euskaldun, bitxia da bai, baina halaxe ageri da Picauden testuan, Nauarri eta Bascli ginela, nahiz eta ohituretan eta hizkuntzan bat izan, nonbait desberdintasun fisikoa zegoen batzuen eta besteen artean, Aymeric Picauden iritziz:
Nafarrek eta euskaldunek itxura eta ezaugarri berdinak dituzte, janariak, jantziak eta hizkuntzari dagokionean hain zuzen, baina begitartea zuriagoa dute euskaldunek nafarrek baino.
Detailetxo hauen berri eman dugu "Ricardo Gomez hizkuntzalariak tuiteatu dituelako albiste hauek.
Erantzunak
| 2011-07-08 : 09:37 | #2
Gidor Bilbaoren itzulpen aukera zehatz bat kritikatzea, horrela, anonimotasunetik, memelokeria iruditzen zait.
| 2011-07-08 : 09:59 | #3
| 2011-07-08 : 11:25 | #4
Bere ibilbide baterako Ostadar Mendi Taldeak VII. KAPITULUaren "Done Jakue Bideko jendeen ezaugarriak eta herrialdeen izenak" euskarazko itzulpena egin zuen. Ikus 3. eranskina.
Ederra dokumentua eta penagarria liburua desagertu izana.
Urretxu-Zumarragako OSTADAR Mendi Taldea
| 2011-07-08 : 14:07 | #5
Pasartea gaztelaniara itzulia hemen.
Jabi Zabalak ondo tuiteatu du Aymeric Picaud-ek idatzitakoaren esanahia:
La guia LonelyPlanet gala del S. XII que han robado es la que decía que los vascos son bárbaros proetarras
| 2011-07-08 : 15:32 | #6
http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/29/29009029.pdf
| 2011-07-08 : 18:17 | #7
Bide batez, ustezko "Luistxo Fernandez" baten (ez baitakigu beti berbera den) ohiko mantra "anonimotasunaren" aurka, guztiz ernegarrria da. Batez ere asmo onez eta, uste dut, gizabidez egindako ekarpen baten harira behingoagatik idaztera animatu den Sustatuko irakurle baten hitzak "memelokeriatzat" jotzeko, soilik eta izen-abizenak ipini ez izanagatik.
Nik dakidala, ez hemen, ez bestelako foro, blog edo dena delakoetan ez zaigu eskatzen NANa hortz artean daukagula idazten jarduteko. Zertarako, gainera? zer axola du? esanak du munta, ez esaleak.
Segi, segi horrela makiltzen idazteko pausua ematen dugunok.
Gero kexatuko zarete euskararen presentzia eskasaz Interneten eta bla, bla, bla.
| 2011-07-08 : 18:35 | #8
Orain lau bat urte TV3-en entzun nion tertuliakide bati "euskara eta nafarrera oso antzekoak" direla, Patxi Zabaletaren hizkeragatik. Linguista, idazle, politiko eta, hizt batez, izen handiko tipua zenez, inork ez zuen auzitan jarri hark botatako zer hura, noski. Aurrerantzean, TV3zaleentzat, euskara eta nafarrera berdintsuak izango ziren, horixe baitzen ezagun zuten errealitatearen erreferentzia bakarra, ospe handiko mezulariak helarazita.
Labur: euskal herritar eta euskaldun garela, ateak denentzat zabalik daudela, baina ez zapaldu etxekoak, mesedez. Etxeko izatearren ez gara gehiago, baina ez gutxiagorik ere.
| 2011-07-08 : 20:49 | #9
| 2011-07-08 : 21:32 | #10
Eta gero gogoratu:
1) XII. mendeko testu bat dela
2) Irakurketa eta itzulpen aukera desberdinak ematen dituela, ez bakarrik "bascli/navarri" bikotearekin.
3) Koherentzia, esaten dena koherentzia... liburu gutxitan aurkituko duzuela inoiz, Bibliatik hasi eta Espainiako Konstituzioarekin buka. Interpretazioa dela gakoa beti. Honetan ere.
4) Argudio historizistak erlatiboak eta kontraesankorrak dira beti. Honetan ere.
5) InterpretazioA esatea tranpa egitea dela; interpretazio bat baino gehiago dago beti.
| 2011-07-10 : 10:31 | #11
Asteburuan film bat ikusi dut, The Way. Done Jakue Bidearen kronika moderno bat, topiko eta hutsez betea, baina entretenigarria, eta Euskal Herriari buruzko erreferentzia batzuekin gainera, bidea Donibane Garazin hasten baita... Jandarmerian, gainera, Euskal Herri osoaren mapa dute bertan!

Filman Codex Calixtinus-i ere erreferentzia egiten dio erromes batek! Sheen-Estevez familiaren lantxo bat da The way. Martin Sheen protagonista, eta haren seme Emilio Estevez zuzendaria (eta agertu ere egiten da). Estevez izeneko etorkin galiziar baten seme da Martin Sheen, eta hari dedikatua dago filma. Izen artistiko bezala aukeratu zuen gero Sheen baina ofizialki ez omen dute aldatu deitura Esteveztarrek. Amatiñok ere komentatu zuen filma bere blogean. Buenrollismo topiko samarreko filma iruditu zait, baina erraz ikusten da, hori da egia.
Bestalde, goragoko Martinez horri berretsiko diot, bai, idiota baten memelokeria iruditzen zaidala Gidor Bilbao kritikatzea anonimotasunetik. Eta "Interneteko euskararen presentzia eskasaren motiboen" artean, nik Gidor Bilbao anonimo batengandik defenditzea kontatu behar badugu... ba bale, konta dezagun hori ere.
| 2011-07-10 : 13:21 | #12



Jaun done jakue bidetik | 2011-07-07 : 18:52 | #1