Teknologia albisteak

IndigenousTweets.com eta hizkuntza gutxituak

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2011-04-27 : 09:04

Kevin Scannelli Informatika Zientzien irakaslea da St. Louis Unibertsitatean, AEBetan, eta IndigenousTweets.com sortu berri du, webgune bat hizkuntza gutxituen aztarnei jarraitzen diena Twitter-en, horretarako robot bat erabilita. Une honetan webguneak 71 hizkuntzaren aztarnei egiten die jarraipena, tartean euskara, bigarrena erabiltzaile kopuruari dagokionez.

Scanellik blog bat sortu du, eta bertan ari da idazten bere asmoen gainean. Berak esan duenez, “gero eta hizkuntza-talde gehiago ari dira sarera jotzen beren hizkuntza indarberritzeko. Ondorioz, gaur egun milaka lagun ari dira blogeatzen eta Facebook nahiz Twitter bezalako sare sozialak erabiltzen beren jatorrizko hizkuntzan. Gune hauei esker, orain arte sakabanatutako zenbait komunitate gaur egun konektatuta daude eta erabiltzen ari dira beren hizkuntzak sarean modu naturalean”.

Egileak ideiak partekatu nahi ditu, zelan erabili eta sustatu gure hizkuntzak sarean. Hori lortzeko, hitz egin nahi du komunitate desberdinetako jendearekin, zehazki hizkuntza teknologiak lantzen, softwarea nahiz webguneak itzultzen edo sare sozialak erabiltzen ari direnekin. Euskararen kasuan, Kevin Scannellik aipatzen du zelan jaso duen Julen Ruiz Aizpururen laguntza.

IndigenousTweets.com webguneak jasotzen duenez, une honetan 71 hizkuntzetatik euskara bigarrena da erabiltzaile kopuruari dagokionez, 3.790, kreolaren atzetik.

Erantzun

Sartu