Teknologia albisteak
4

Eibarko ospitalea egiteko lursoruaren salerosketarekin 2 milioi euro irabaziko luke enpresa batek

Erabiltzailearen aurpegia
Eibarko Aralar
2011-04-20 : 12:04

Patxi Lopezek 2009ko hauteskundeetan Eibarren ospitalea egingo zuela agindu zuen. Orain, 2011ko Udal hauteskundeen bezperetan, Eibarko PSEk iragarri du ospitalea non egingo duten; eta horretarako lursorua 5,5 milioi euroan erosi beharko luke Eibarko Udalak. Lursoru hori bera 3,35 milioi euroan erosi zuen Eibar Berri enpresak, zeinaren atzean eraikuntza enpresa batzuk dauden.

Patxi Lopezek duela bi urte baino gehiago agindu zuen ospitalea, baina 2011ko martxoaren 25era arte ez dugu horren inguruko berririk izan. Edonola ere, hauteskunde kiratsa alde batera utzita, proiektuak 2 milioi euroko espekulazioa eragingo du. Azaltzen saiatuko gara:

  • Eibarko Valenciaga tailerraren lursorua 2006ko urriaren 26an erosi zuen Eibar Berri enpresak.
  • Eibar Berri enpresa 2006ko irailean sortu zen, lursorua erosteko, hain zuzen ere.
  • Erosketa egiteko lursorua hipotekatu zuen enpresa honek, 3.350.000 euroan. 3.350.000 + BEZ 16% ( 536.000) =3.886.000 €.

Lau urte pasa dira, eta orain, ospitalea egiteko, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dio Eibarko Udalari bigarren honek lursoru bat jar dezala, lehenengoak eraikina egin eta herrian ospitalearen zerbitzua eskaini dezan. Osakidetzaren eskaera hau aurtengo martxoaren 8koa da.

Ba, ospitalea eraiki ahal izateko, Eibarko Udalak goian aipatutako lursoru hori erosiko dio Eibar Berri enpresari, baina dexente garestiago: 5.500.000 euroan hain zuzen ere. Kontuan izanda BEZ orain %18a dela ( 990.000), guztira 6.490.000 €.

Alegia, BEZ kenduta, Eibar Berri enpresak lursoruaren salerosketarekin izango duen etekina 2.150.000 eurokoa izango da.

Lursorua desjabetu daiteke

Eibarko Udalak ez dauka une honetan ospitalea egiteko lursorurik. Horregatik, posible da lursoru hori desjabetzea, jabeekin negoziatu beharrean, eta lursoruaren balio legala ordaintzea, negoziatutako prezio hori ordaindu beharrean.

Horixe ahalbidetzen du hain zuzen ere Estatuko Lursoruaren 2/2008 legearen 24. artikuluak, Espainiako Buletin Ofizialaren 154. zenbakian argitaratutakoak.

Desjabetze prozesua posible da, komunitate-ekipamendua egiteko delako. Bestalde, uste dugu ikerketa bat egin beharko litzatekeela ospitalea non egin erabakitzeko, are gehiago horretarako Hirigintza Plan Nagusia aldatzea derrigorrezko pausua izango dela kontuan izanda.

Erantzunak

Elena
2011-04-20 : 12:33

Harritzekoa da ospital bat eraiki nahi izatea erabilera guztiz industriala daukan inguru batean.

txu
2011-04-20 : 13:55

Toki horrek dauka karretera alde batetik, karretera bestetik eta tailerrak beste bietan. Hau da, kea eta zarata beti. PSOEren burutazio bat da, "Ospitale bat ipini behar da Eibarren" (Eibarren psoek botu asko daukalako), eta esaten ez bada ere: "nahiz eta toki kaka batean jarri". Proiektua onurgarria da psoentzako, gaixoentzako guztiz txarra.

Josu
2011-04-20 : 14:56

Eibar Berri lursoruaren jabe den enpresa hori hiru enpresak osatzen omen dute; hain zuzen ere aurtengo apirilaren 7ko Espainiako Buletin Ofizialean (pdf) hiru enpresa agertzen dira administratzaile moduan, eta horretara, ba hiru horiek dirudite Eibar Berri enpresaren jabeak:


  • Itesa Servicios Inmobiliarios.,S.A.

  • Erain Estudio Tecnico SLP

  • Construcciones Inadi, SAL

Joseba Barandiaran
2011-04-20 : 19:29

Eibarren lurzoru eskasia nabarmena izan arren, esan gabe doa 2006tik hona lurzoruaren prezioak, orohar, pott egin duela gure inguruan. hau da, merkatu prezioari erreparatuta ere (ustel kiratsaz harago ari naiz), 2007an lurra erosi zuen edonork, printzipioz, galera (dexentekoa) pairatu beharko luke, gaur, lurra saldu nahiko balu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago