Teknologia albisteak
1

Donostiako Hiritar digitalen biltzarraren ostean hausnartzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2011-04-19 : 11:04

Oso interesgarria iruditu zitzaidan aurreko astean Donostian ospatu zen Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua. Bertako kontu interesgarrienak nabarmendu nahi izan ditut, burutazio pertsonal batzuk gehituaz, ospatu zen hiriko biztanle moduan, izan ere partaidetzaz hitz egiten denean, politikaz ere hitz egin beharko litzateekela iruditzen zait. Gaztelaniaz zein euskaraz idatzi ditut burutazio horiek, baina euskarazko artikuluan hitz batzuk gehitu ditut biltzarrean HPSk egindako agerpenaz.

Hitzaldi interesgarri asko izan ziren biltzarrean, eta nabarmendu ditut batzuk artikuluan: Jordi Graells eta Antoni Gutierrez-Rubi Kataluniatik (beti Kataluniatik!), Alfonso Alcantara (Andaluziatik, yoriento Twitterren) eta politologo eta komunikatzaile euskaldun bat, aurretik apur bat entzuna eta sekula zuzenean ikusi gabea, Yuri Morejon, tipo interesgarria.

Hitzaldi hauen eta beste batzuen ondoan, pena eman zidan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik emandakoa hankamotz geratzeak. Kontu interesgarriak ekarri zituen, bultzatuko dela .eus domeinua edo wikipediarako eduki transferentzia (Lur entziklopedia liberatuko da, eta bide teknikoak ezarriko dira artikuluekin Wikipedia hornitzeko), baina hitzaldia gutxi prestatua zekarren: beste material eta prestakuntza batekin etorri behar da halako biltzar batean. Emandako inpresioa izan zen, euskararen gaia, astuna eta komunikaziorako gutxi prestatua zela...

Eta gainera, Lurdes Auzmendik ez zion gaiari heldu: herritarron eta gobernantzaren harreman digitalak euskaraz zer? Eusko Jaurlaritzan komunikazio digital horren arduradunak, egiazki, elebakarrak dira, eta iruditzen zait euskararen presentzia "konpromisozko detaile deserosoen" kategorian tratatzen dutela sarri hiritarrarekin komunikazio prozesuan, baliabide edo arreta edo sentsibilitate handi barik; are gehiago: metodo edo plangintzarik gabe, garapen tekniko eskaseskin, eta kalitate kontrolik gabe; adibide lartxo hemen kuriositatea duenarentzat. Honetaz zer esanik ote zuen HPSk, jakin barik geratu ginen.

Erantzunak

Maite Goñi
2011-04-21 : 12:41

Luistxo, bi egun horietan zehar zurekin honetaz eta hartaz zuzenean hitz egiteko aukera izan banuen ere, komentatu nahi nizun erabat ados nagoela zuk hain garbi eta hain ondo azaldutakoarekin. Denetarik egon zen kongresuan, bi egunetako jardunaldietan gertatu ohi den bezala, baina orokorrean hitzaldien edukia, sakontasuna eta adierazteko modua maila altukoak zirela esango nuke. Ados nago, halaber, azpimarratzen dituzun hizlariekin, Yuri Morejon (Internet erabakigarria da hauteskundeak irabazteko) eta Antoni Gutiérrez-Rubíren (Alderdi politikoa egitura gisa IKTen garaian) ekarpenak bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Azken honen artikulu hau gomendatuko nuke: “Elites desconectadas”

Horretaz gain, hementxe doaz burura datozkidan hainbat ideia han entzundakoaren eta zuri irakurritakoaren haritik:


  • Asko hitz egin da gobernutik datuen irekieraz, partaidetzaz, etab., denok parte hartu ezin dugun toki/egoera batean. Nahiko ironikoa iruditzen zait. E-government ugari, baina non geratzen da benetako e-governance delako hori? Ez nuen entzun hemengo adibiderik…

  • Gardentasun lege baten beharra. Beste herrialde batzuekin konparatuta, eskas samar omen gabiltza horretan.

  • Ez omen da gauza bera herritarroi entzutea edo guk, herritarrok, benetan entzunak garela sentitzea. Ados nago. Honek ere ekartzen du politikoenganako aipatutako “desafekzio” edo gaitzuste hori.

  • Hauteskundeak irabazteko, politikoei botoa emateko… zirrara sentiarazi behar omen digute politikoek. Non gaude horretan? Noiz sentitu zenuen azken aldiz zirrara politiko bati entzutean?

  • Kanpaina garaian erraza da politikoek (edo norbaitek beraien izenean) blog bat zabaltzea, Twitterren eta Facebooken kontua egitea… Azkenaldian, politiko asko ari da hori egiten. Baina zein da benetako asmoa, entzute aktibo bat egitea edo sare sozialetan egotea Obamaren kanpaina arrakastatsuaren sukarrak jota? (Twitter eta Facebooken kontua zabaltzen duten politikoak badira, gero prentsaurrekoetan galderarik onartzen ez dutenak…)

  • Europako parlamentuaren presentzia sare sozialetan komentatu ziguten. Ondo, baina non geratzen da Twitterren (edo beste hainbat mediotan) europarlamentarioek jasotako astindua dieten kobratzea edo hegaldiak zein klasetan egiten dituzten gaiak direla eta? Nola kudeatzen dira sarean horrelakoak? Esan nahi dudana da aholku ugari eman zirela maila abstraktuan, baina gutxi hitz egin zela errealitatean gertatutako arazoen inguruko kudeaketaz. Egon badaude sare sozialetan, baina ba al da politikorik, partidurik…benetako entzute aktiboa egiten duenik bertan? Dena den, ez zait orokortzea gustatzen eta iruditzen zait inguruan ikus daitekeela aldea, sarean duten jokabideari dagokionez, batzuen eta besteen artean.

  • Atril osteko politika ez omen da jada baliagarri. Eredurik garbiena Auzmendiren hitzaldian ikusi genuen. Twitterren irakurri ahal izan zen moduan (hainbatetan errespetu kaskarrez, dena esan beharra dago), ez forma ez edukia ez ziren, ez, egokiak izan. Mezua zabaltzeko, egun, denak ez du balio. Lastima politikari gehiagok ikusi ez izana bere aurkezpena; izan ere, nik uste baitut hitzaldi irakurriek -norberak edo beste norbaitek idatzitakoek, eta salbuespenak salbuespen- eta “bla-bla-bla”-ek gaur egun inor gutxi konbentzitzen dutela (aldez aurretik, politikariak hitza hartu baino lehen, jada konbentzituta dauden horiek izan ezik). Horretaz gain, erabat ados nago zurekin, Auzmendik ez zion kongresuaren gaiari heldu eta bere hitzak tokiz kanpo geratu ziren. Kongresuaren gaia teknologiaren eragina politikan eta gobernantzan izanik, HPSren egitasmoek –interesgarriak eta garrantzitsuak izan arren- ez zuten bat egiten kongresuaren helburuekin. Eta interesgarriak eta garrantzitsuak dira, nire uste apalean. Dakizun bezala lehen eskutik bizi dut hori eta nire ahalegin guztia egingo dut nabilen esparru mugatuan, IKTetan, horiek aurrera atera daitezen euskararen mesederako badira, baina egia da horiekin ez dela nahikoa eta, orokorrean, Administrazioaren burutik hasita, hutsunea nabarmena dela euskararekiko. Baina horiek beste kontu batzuk dira eta beste baterako utzi beharko ditugu…

  • Aurrekoa irakurrita eman dezake dena politikarien esku dagoela, onerako ala txarrerako, baina ez dugu ahaztu behar herritarrok ere badugula horretan erantzukizuna. Aukera mordo bat dugu parte hartzeko eta askotan ez dugu aprobetxatzen aukera hori behar bezala. Parte hartzea kexatzearekin edo kritikarekin nahasten dugu (gutxitan kritika eraikitzaileak edota ekarpenak egiteko, zorionak emateko, …) eta horretan ere bide luzea daukagu aurretik. Benetako partaidetzaren kultura sustatu nahi bada, eskoletan eta familietan landu beharko da gaia eta horretan ere urratsak ematen hasi beharko gara.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago