Teknologia albisteak
2

Bertie Ahern Irlandako Lehen Ministro ohiaren hitzaldia Gipuzkoako Foru Aldundian

Erabiltzailearen aurpegia
Imanol Lasa. Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabinetea
2011-04-12 : 11:04

Ipar Irlandako bake prozesua izenburupean, Bertie Ahern-ek, 1997-2007 bitartean Irlandako Taoiseach (Lehen Ministro) izan zenak hitzaldia emango du asteazken iluntzeko 19etan, Gipuzkoako Forua Aldundiko Tronu Aretoan. Hitzaldian parte hartzeko beharrezkoa da 943 112 337 telefonoan edo kabinetea@gipuzkoa.net helbidean izena ematea.


Argazkiak.org | Bertie Ahern © cc-by-sa: herri.admin

Berti Ahern-ek nazioarteko sari eta aitortza garrantzitsuak lortu ditu 1998an Ostiral Santuko Akordioa lortu izanagatik, Tony Blair lehen ministro britaniarrarekin eta Ipar Irlandako alderdi politikoekin batera. Akordio horrek ezarri zituen Ipar Irlandako gatazkari buru emateko oinarriak. Ostiral Santuko Akordioari esker, 2007an Ipar Irlandan Gobernu partekatu bat eratu zen, Ian Paisley unionista presidente zela eta Martin McGuinness errepublikarra, berriz, presidenteorde.

Irlandaren historia modernoan, Bertie Ahern da Lehen Ministro izateko hiru aldiz jarraian aukeratua izan den lider politiko bakarra. Lehenago beste kargu batzuk ere izan zituen: Presidenteorde, Kultura, Arte eta Gaeltacht-eko ministro (eskualde gaelikoa), Ekonomia eta Finantza ministro, Industria eta Merkataritzako ministro eta Lan arloko ministro.

Irlandaren Europar Batasuneko presidentetzan (2004an), Europar Batasuna 27 estaututara hedatzeko prozesua zuzendu zuen. Nazioartean, ahalegin handia egin zuen Irlandaren lidergo globala sendotzeko garapenerako laguntza edo HIESAren aurkako borroka bezalako gai humanitarioetan.

Erantzunak

Sustatu
2011-04-13 : 17:21

Saiatuko gara Ahern-en hitzalditik printza batzuk Twitter bidez ematen. Adi, 19.00etatik aurrera, @sustatu edo Umap-en.


Sustatu
2011-04-14 : 09:30

Esan bezala, Twitter bidez apur bat kontatu genuen zer izan zen hitzaldi hau. Hemen tuit bilduma,


Ez zen jende askorik izan, baina VIP batzuk bai entzuleen artean, Rufi Etxeberria, Xabier Arzalluz, Rafa Diez, Miren Azkarate, Setien gotzaina, Iñigo Iruin, Antxon Etxebeste... Aukera izan zuten zuzenean ingelesez entzun ala gaztelaniazko aldiberekoa jarraitzeko, euskarazko aldibereko itzulpenik ez baitzen izan. Antolakuntzaren izenean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak onartu digu bere hutsa izan zela hori.


Bertie Ahernek demostratu zigun hizlari ona zela. Ondo prestatu eta idatzitako hitzaldia ekarri zuen, eta gehienbat Irlandako prozesuaz jardun arren, aipuak egin zizkion etengabe Euskal Herriko egoerari. Euskal Herriaren burujabetasun eskubidearen alde hitz egin zuen, eta ezker abertzalearen urratsak egiazki bakeranzkoak direla esan zuen, eta hori, argi samar dagoela azpimarratu: It's abondantly clear.


Oraingo su-etenaren estatusa ere aipatu zuen, ETAk iragarritakoa inportantea zelakoan, bereziki nazioarteko begiraletza bati zegokion alorrean. Eta puntu horretan, zeharkako kritika egin zion Rubalcaba ministroari, berifikazioak errefusatzean oker dabilela iradokiz. Abegikorrago jokatu zuen Zapaterorekin, arrazoiz azalduko delako uzkur aurreko su-etenean ETAk Barajaskoa egindakoa ikusirik. Baina hala ere, orain arriskatzeak merezi duela eta hori dela egin beharrekoa esan zuen.


Estatu-gizon baten paperean hitz egin zuela iruditu zitzaigun. Erantzukizun historikoaz, elkarrizketa dela bide bakarra, presoen gaia ere jorratu behar dela, errekontzialiazioa ere bai...


Galderen txandan Setien gotzainak zorrotza bota zion: Ipar Irlandakoa, azken batean, bi gobernu subiranok negoziatuz bideratu zutela, eta hemen, boteregune bakarra dagoela, kontraparterik gabe, eta horrek egoera zailtzen duela. Erantzun argirik ez zuen eman Ahern-ek baina esan zuen Blairrek eta berak ez zutela meritu osoa, inondik ere, herriaren eta hainbat mugimenduren borondate eta gogoari jarraitu ziotela, bulkada hori zutela.


Beste galdetzaile batek galdetu zion ea Eskoziakoa nola ikusten zuen, independentziarako prozesu posiblea. Kasu horretan, apur bat kanpotik, Ahernek erantzun zion ez zuela ikusten kontsentsu aski hedaturik independentziaren alde oraingoz.


Errepasatu tuitak, nahi baduzue.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago