Teknologia albisteak
15

Durangoko bonbardaketa: une hartantxe hartutako irudi sekula ikusi gabea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-03-30 : 09:03

Durangoko Gerediaga elkarteko lagunek Durangoko 1937ko bonbardaketaren irudi sekula ikusi gabeak aurkitu dituzte Italiako artxibategietan. Erromako “Ufficio Storico dell Stato Maggiore del’’Aeronautica Militare”-ra joan ziren bisitan, eta bertan aurkitu dutenetako bat da hau, sekula ikusi gabea, parekaturik hemen gaur egungo aire-irudi batekin:

1937ko martxoaren 31n bonbardatu zuten Durango, Espainiako armada nazional matxinoak, Emilio Mola jeneralaren aginduz, Bizkaiko frontean ofentsiba hasi zuenean. Orduko hartan Italiako armada faxistaren laguntza izan zuten, egun batzuk geroago Gernikan Alemaniaren laguntza izango zuten bezala.

Orain, Erromara egindako bisitan, guztira 100 argazki inguru erreproduzitzeko aukera izan dute Gerediaga elkarteko Jon Irazabal historialariak eta Txelu Angoitia argazkilariak. Durangoko bonbardaketari buruzko argazkiak ezeze, Bizkaiko beste herri batzuetako bonbardaketako argazkiak ere aurkitu dituzte: Elorrio, Mañaria, Otxandio, Elgeta, Igorre, Galdakao, Berriatua, Derioko kanposantua, Gernika, Portugalete, Bilboko portua, Somorrostro, Jata Mendia, Galdakao...

Argazki guztiak italiarrek airetik bonbardeatzen zutela ataratakoak dira. 1937. urteko martxoaren 31tik ekainaren 19ra bitartean, Bilbo hartu zuten arte, ateratako argazkiak dira. Horietako argazki gehienak ezezagunak dira eta balio historiko handia dute Bizkaiko erasoetan italiarren parte hartzea hobeto ezagutzeko aukera ematen dutelako.

Gerediaga elkarteak gaur arratsaldean irekiko du erakusketa irudiokin. 100 direla diote webgunean, baina atzo Bizkaie agerkariak bat aurreratu zuen. Argazkiak erakusten duena ikaragarria da. Horra Durango bonbapean, leherketak erdigune osoan.

Ipar-hego ikusmira batera eraldatu dugu angelua (irudi tamaina handiagoan ere):

 


Konparatuz gero Google Maps-eko gaur egungo irudiarekin, argi ikusiko dituzue Durangoko puntu batzuk, herria ezaguna bazaizue: Eliza, zuzen-zuzenean jo zutena (dozenaka lagun hil ziren han, abadea barne); Ezkurdi plaza, trenbidea, eta oro har kasko zaharreneko ipar partea. Herriguneko alderdi populatuena jo zuten hegazkinek, ikusten denez.

 

 

Urrutiagoko ikusmira bat, hau ere gaurkoarekin alderatuta:

Erakusketa eta oroimen ekitaldiak

Gaur irekiko da argazki hauen erakusketa, Durangon. San Agustin Kultur Gunean, 19:30ean:

  • Gerra garaiko kronika. 1936-1945eko argazkigintza Euskal Herrian, hitzaldia eta argazki proiekzioa, Juantxo Egaña argazkilariaren eskutik.
  • Goitik ikusita, bonbardaketa guneko argazkiaren aurkezpena.

Bihar, martxoak 31, bonbardaketaren urteurrena da. Gauza hauek antolatu dituzte:

  • Gerra zibileko biktimei omenaldia kanposantuan, 12:00etan.
  • Bonbardaketaren oroimen ekitaldia Andra Mariako elizpean, 20:00etan.

Durangoko bonbardaketan 336 lagun hil zirela uste da. Baliteke Gernikan baino hildako gehiago izatea, benetan, horiek. Gernika guztiz suntsitu arren, ez baitago hildakoen zenbaketa zehatzik, suntsiketa eta gutxira erasotzaileek hartu baitzuten herria, edozein kontaketa galaraziz.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2011-03-30 : 13:28

Astindu txiki bat eman dit argazkiak. Gure aita, 15 urteko mutikoa, hantxe zegoen, eta Ezkurdi plazan lurrera bota zen eta hantxe igaro zuen bonbardaketa. Irudi honetan puntu zehatza markatu dut gorriz.


Aita gerrako errefuxiatua zen, familiarekin zegoen han. Haien artean ez zuen inork kalterik izan. Gaztelaniaz kontatu dut erdi-berpiztu dudan blog batean.


Ez dakit hau irakurriko duten baina eskatuko nioke Gerediaga elkarteari 100 argazki horiek jar ditzatela Interneten erresoluzio digital handienean, denok ikus ditzagun Durangokoak eta beste herrietakoak. Istorio pertsonal bat baino gehiago berregiteko balio dezakete, neuk idatzi dudan hori bezala. Herri honen memoria historikoa dira, gainera.


Sustatu
2011-03-30 : 13:34

Izan ere, Gerediagakoen arabera, beste hainbat argazki daude Erromatik ekarritako sorta horretan:


Elorrio, Mañaria, Otxandio, Elgeta, Igorre, Berriatua, Derioko kanposantua, Gernika, Portugalete, Bilboko portua, Somorrostro, Jata mendia, Galdakao... Argazki guztiak italiarrek airetik bonbardeatzen zutela ataratakoak dira. 1937o martxoaren 31tik ekainaren 19ra bitartean eginak.


Joxe Aranzabal
2011-03-30 : 14:00

Zorionik beroenak Gerediaga elkarteari, egin duen lanagatik argazki hauek eskuratzeko eta gure artean zabaltzeko. Hain justu horretarako, nik ere eskatuko nioke 100 argazki horiek Interneten jar ditzala, ahalik eta bereizmen handienean, jendeak ikus ditzan traba barik, askorentzat inportanteak izango dira-eta beren aurrekoen bizitzen zati esanguratsua bat osatze aldera.

Sustatu
2011-03-30 : 14:12

Deia egunkariak ere idatzi du kontu honetaz gaztelaniaz. Hemen gorago ageri den argazkiaz gain, beste hau ere argitaratu dute. Durango dela ematen du, sutan:



Argazkiak.org | Durango 1937.03.31 © cc-by-sa: sustatu


zaldieroa
2011-03-30 : 14:29

Hauek ere garai bertsuko argazkiak, ikusgarriak. Batez ere gudari txapeldun horienak.


http://museum.icp.org/mexican_suitcase/gallery_chim.html


Theklan
2011-03-30 : 14:35

Jarri dugu dagoeneko argazki hau Wikipedian. Bertan Durangoko bonbardaketari buruzko artikulua nabarmendutako artikuluetako bat da eta argazkia falta genuen artikulua hobetu ahal izateko.


http://eu.wikipedia.org/wiki/Durangoko_bonbardaketa


Xabier Eskisabel
2011-03-30 : 16:03

@Theklan:
Argazki hauek Wikipediaren lizentziarekin bat al datoz? Alegia, zein baimenekin ekarri dituzte gurera Gerediagakoek?


Ufficio Storico dell Stato Maggiore dela Aeronautica Militare delakoak zein baimenekin eskuratu dizkio Gerediagakoei? Hemen ez da gehiegi azaltzen.


Gerediaga Elkartea
2011-03-30 : 19:26

Eskerrik asko Sustatukoei bonbardaketako argazkiarekin egin duzuen konparaketa zabaltzearren. Durango ezagutzen dutenek eta sasoia bizi ez zutenek bonbardaketaren dimentsioa ulertzeko baliogarria da.



Bestetik, gaur arratsaldean Durangoko San Agustin Kultur Gunean egingo dena ez da erakusketa bat. Erromatik ekarritako argazki batzuen proiekzioa izango da. Aztertzeko daukagu oraindik Italiatik ekarritako argazkiak zelan zabaldu, baina sarean bere lekua izango dute eta lehenengoa zabaltzen gaur arratsaldekoa izango da.



Bide batez, horrelako emaitza bat lortzeko esan beharra dago Gerediaga Elkartearena bakarrik ez dela meritu guztia. Durangoko Udalaren laguntza izan dugu bidaia egiteko eta ekitaldia antolatzeko. Berbaro Elkartea eta Kriskitin dantza taldea ere Durangoko bonbardaketako ekitaldietako lan-taldean dagoz. Eta argazki hauen aurkikuntzan, bereziki, Gernikako Bakearen Museoko Ana Tere Muñozek eta Iratxe Momoitiok lagundu digute.

Theklan
2011-03-31 : 00:08

@Xabier Eskisabel. Nik ez dakit zein den Gerediagak erabiliko duen lizentzia, nahiz eta argi daukat orain dela 70 urte baino gehiago ateratako argazki bat librea izan beharko litzatekeela.



Are eta gehiago, estatu faxista batek eginiko argazki batek ezin du gaur egun lizentzia pribatibo bat izan. Baina hori beste eztabaida bat da.



Nik ez dut Wikipediara igo Italiako lizentziarekin, baizik eta Argazkiak.orgen aurkitu dudan lizentziarekin. cc-by-sa lizentziarekin aurkitu dut argazkiak.orgen eta hortik igo dut. Bertara igo duenak, hau da, Sustatuk, argitu beharko du zergatik argitaratu duten cc-by-sa lizentziarekin hementxe bertan.

assar
2011-03-31 : 00:18

Hau gustuko izango du nire koinatuak: Igorre bonbardaketa egunean eta gaur egun.



Argazkiak.org | Igorre 1937-2010 © cc-by-sa: assar
Xabier Eskisabel
2011-03-31 : 00:57

"...nahiz eta argi daukat orain dela 70 urte baino gehiago ateratako argazki bat librea izan beharko litzatekeela."

Nik ere "argi" daukat, baina horrek ez du esan nahi egitea daukadanik.



"...Nik ez dut Wikipediara igo Italiako lizentziarekin, baizik eta Argazkiak.orgen aurkitu dudan lizentziarekin. cc-by-sa lizentziarekin aurkitu dut argazkiak.orgen eta hortik igo dut. Bertara igo duenak, hau da, Sustatuk, argitu beharko du zergatik argitaratu duten cc-by-sa lizentziarekin hementxe bertan."

¿ta Sustatuk hori argitu aurretik Wikimedia Commonsera igo duzu? Uf, uf, uf...

Sustatu
2011-03-31 : 10:15

Gaur argazki gehiago argitaratu ditugu, Gerediaga elkarteak bidalitakoak. Eskerrik asko, egindako guztieagatik, eta baita hemen gorago esandakoengatik. Irudi berrien artean itsatsi ditugu assar erabiltzaileak Igorre eta Durangorekin egindako Google Earth-eko konparaketak.


Bestalde, Twitterretik atzo jakindako pare bat:


  • Durangoko elizan hildako abadea, Rafa Rueda musikariaren amamaren aitabitxia zen.

  • Beñat Irasuegiren aitaren lehengusu bat, Floreal, bonbardaketaren egunean jaio zen Durangon.

haritz rodriguez
2011-03-31 : 12:53

Orain lau bat urte, nire amonarekin nuen zor bat kitatu nuen GAUR8 aldizkarian.


Txiki-txikitatik entzun izan ditut amonaren etxeko sukaldeko beroan Durangoko bonbardaketaren inguruko istorioak, lekuko zuzen baten ahotik.


Beti sentitu izan dut istorio horiek paperera (eta sarera) eramateko beharra. Durangoko bonbardaketaren 70. urteurrenean, azkenik, GAUR8n argitaratu ahal izan nuen.


Nire amona Maria Durangon zegoen, Donostiatik ihes eginda, 1937 urtean. Martxoaren 31 hartan, 24 urte bete zituen orduan. Urtemuga beltza.


Gaur 98 bete ditu, eta bazkaltzera noa berarekin. Berriz ere entzungo ditut istorio haiek, seguru. Eta malkoren batek ere ihes egingo dio berari, eta agian baita niri ere.


Hemen duzue gaur 98 urte betetzen dituen pertsona batek egun triste hartan bizitako urtemuga beltzaren testigantza.


Ander Goñi
2011-04-01 : 14:15

Nire aitaginarreba, Durangora ezkondutako Berriztarra da. Bonbardaketan hil zen abadeaz galdetuta, hau esan dit:

"Andra Marin ildako abadea asturiarra zen, eta Durangoko notariaren anaia zen, bere etxean errefuxiatua zegoela, Asturiasen baino seguruago egongo zelakuan. Bere izena Carlos Morilla Carreño.

Jesuiten elizan ere hil zen bertan meza ospatzen zebilen abadea: Rafael Billabeitia Maurolagoitia"

ahotsak.com
2011-04-02 : 14:50

Hementxe Ahotsak.com webgunean jaso ditugun lekukotasunetako bat. Elorrion bizi den Herminio Urizarrek Durangon bizi izan zuen bonbardaketa.







Durangoko bonbardeoa

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago