Teknologia albisteak
8

Boltsomari emakumeak

Erabiltzailearen aurpegia
leire narbaiza
2011-02-10 : 12:02

Misterio gutxi daude emakume baten boltsoaren edukiarena baino. Edo hori diote, behintzat, gizonezko askok. Zenbat tramankulu eta sekretu gorde litzake andrazko batek boltsoan? Emakumeen esentzia ezkutua bertan egon ote litekeen galdetzen diote batzuek euren buruari. Ikusi duzue inoiz ume bat amaren edo izekoren boltsoa arakatzen? Zelako plazera! Zein mundu gordea!

Egia esateko, traste asko eta sekretu gutxi. “Badaezpada”ko gauza asko eta nahitaezko gutxiago. Inoren gauzak ere larregi. Zein emakumek ez du eroan senar edo lagunaren gauzak? “Boltsoa daramazunez, gordeko dizkidazu giltza/betarrekoak/diru-zorroa....?” Eskerrak orain gizonezko askok eurena ere badarabilten, gure sorbaldek eskertuko diote berdintasunari!

Errealitatea da, askorendako ezinbesteko osagarria dela. Batzuk ezingo ginateke boltso barik ibili, hainbeste gauza dauzkagu, batez ere lanera joaten garenean! Hor dator gure dilema: boltso handia ala txikia? Handia nahiago, baina arrisku bizia du, larregi kargatzearena. Badaezpada gauzez bete eta gero itzelezko pisuarekin oker-oker eginda. Orduan, esango didazue txikia aukeratzeko. Bai, baina txikian ez da ezer sartzen. Zelan sartu liburua, guardasol tolesgarria, konpresak, tanpoiak...? Ez dago lekurik!


Argazkiak.org | Boltsoa © cc-by-sa: txargain

Oso boltsozale garenondako badago trantze larri bat: boltso aldaketa. Edo bata bestean hustu, edo problemak dakarzkigu; izan ere, presaz eginez gero, beti dago zerbait ahazteko arriskua. Nork ez du laga gida baimena, eguzki-betaurrekoak edo eskularruak boltso aldaketa bizkorra egin ostean? Arriskutsua, benetan!

Esan beharra dago, Boltsomari andreak oso anitzak garela. Kolore guztietakoak, maila sozial orotakoak, adin espektro osoan agertzen gara. Eta gehiengoa garela esango nuke. Botsomaritar famatuak ere badaude, Ingalaterrako erregina, esate baterako. Bere edozein erretraturi begiratuta, beti boltsoa besotik zintzilik (ez sorbaldatik) ikusiko dugu. Errezepzioetan, galaz jantzita, loreak jasotzen. Beti. Boltsomari galanta eginda dago. Baina ez diozue inoiz galdetu zeuen buruari Elizabethek zer ote daraman bertan? Hori bai misterioa, eta ez nirean topa genezakeena!

Rep. Hoyer and Sen. Mikulski present photo to Queen Elizabeth II and Prince Phillip, May 8, 2007 Elizabeth II, Buckingham Palace, 07 Mar 2006
Wikipedia / Wikimedia Commons: NASA / Paul E. Alers | © cc-by-sa: Ricardo Stuckert/PR (Agência Brasil)

Baina ez dugu oso urrun joan behar emakume Boltsomaritar garrantzitsuak ikusteko. Gurera etorrita, ba omen dago beste andre bat gure taldekoa dena: Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, hain zuzen ere. Badirudi beti daramala boltso handi bat gurutzatuta, berdin jaietako zortzikoa dantzatzeko, ongi etorri ekitaldian, inaugurazioetan edo dena delakoan, beti. Antza denez, Arrasaten batzuk “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzen diotela. Badakizue, zein gaiztoak izan gintezkeen! Kasu honetan, Galparsoro alkateak barruan daroanak ez dit kuriositatea pizten; izan ere, nirean dauden antzeko gauzak izango dira berean.

Baina, nondik datorkio gurutzatuta eramatearen joera hori? Badakigu Boltsomaritarrok oso era erosoa dela, batez ere pisutsua denean gure zorroa. Egia esan ez da oso dotore geratzen, baina praktikoa bada; batez ere, atzera-aurrera gabiltzanean.


Kaosenlared.net-etik

Hala ere, Arrasaten “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzea ez ote da beste ideia baten adierazgarri? Beharbada, izan liteke oraindik ez garela ohitu emakume normal bat lehenengo lerroan ikusten, eta hainbat gauza arrunt ez ditugula barneratu. Printzipioz agintedun emakumeak era konkretu batean jantzi behar omen direlako, eta osagarriak ere era batekoak izan behar direlako. Baina alkateak nola eramango du nik darabildan boltsoa eta nire modu berean, gainera?

Ez, mesedez, ez.


Ino Galparsoro elkarrizketatzen © cc-by-nc-sa: Goiena.net

Dena dela, baliteke hori izatea Boltsomari emakumeon enkantua, garenak izanda, gure boltsoa ez dugula inoiz bazterrean lagatzen!

Erantzunak

Elena
2011-02-10 : 14:05

Emakumeen boltsoa eraman behar horrek, askotan emakumeen jarrera baldintzatu egiten du: eskuan boltso bat badaramazu, ezin duzu esku hori beste ezertarako erabili (queen Elizabeth edo Carla Bruni kasu), edo sorbaldan eramaten baduzu, beso guztiaren mugimendua mugatzen dizu.Beraz, gizonen aldean askoz deserosoago zaude, eurak libreago mugi daitezke.



Angela Merkelek ondo konpondu du gaia: gizonen pare, ez du boltsorik eramaten, eta horrela erraz eman dezake eskua, agurtu etab. Galparsorok erdi bide bat topatu du: boltsoa darama, baina diagonalean, eta horrek ez dizkio ez eskua, ez besoa baldintzatzen.

Agurtzane
2011-02-10 : 16:14

Leire, izugarri gustatu zait zure testua. Egi galantak esanten dituzu! Lakideen artean komentatu dugu (3 neska) eta hiruroi kriston grazia egin digu. Eskerrik asko irribarre bat jarri diguzulako aurpegian!



Ni ere emakume boltsomaritar bat naiz!!



Josu
2011-02-11 : 14:09

Kaixo Leire, gustatu zait testua eta batez ere zure boltsoa bilztea argazki batean. Argazki horretan harrigarriena egiten zaidana da 3 kartera izatea. Bulegoan komentatu nuen, "zertarako behar ditu norbaitek 3 kartera!?!?" eta lankide batek (une horretan bulegoan zegoen neska bakarra) argitu zidan:



1. Bileteentzat



2. Txanponentzat



3. Asteburuan koadrilaren "botea" eraman behar baldin badu



Zuk ere horregaitik erabiltzen dituzu 3 kartera? Edo daukazun dirutza ez zaizu kartera bakarrean kabitzen? ;-)

Goiena.net
2011-02-11 : 14:56

Asteko argazki bat, Ino Galpartsororena.



Luistxo
2011-02-11 : 15:01

Laster boltsoarekin ikusiko duguna, Meryl Streep. Produkzioan dagoen film batean boltsomari ezagun baten rola beteko du: Margaret Thatcher.


Thatchers and Bushes at Chequers
Bush eta Thatcher bikoteak. Wikimedia Commons / Wikipedia / Etxe Zuria


xme
2011-02-11 : 16:11

eta zein da zure poltsan ageri den liburu hori? Irati Jimenezen "Nora ez dakizun hori"? Uxue Alberdiren "Aulki-jokoa"?



artikulu ederra; zorionak, leire.

leire narbaiza
2011-02-11 : 21:02

Elena, arrazoia duzu. Boltsoa horrela eramatea, gurutzatuta, sorbalda batetik kontrako mokorraren gainean oso erosoa da. Eskuak libre lagatzen ditu eta boltsoaren pisua ere hobeto banatzen da. Hori bai, karpetak eramanez gero, ez da hain erosoa.



Agurtzane, eskerrik asko zuei barre egin eta erantzuteagatik. Hori da esan ahal didazuen piroporik politena. Mila esker.



Josu, nork diotsu nire boltsoa dela? Eta ikusten diren poltsatxo horiek karterak direla? Ikusten, zelako misterioa den zuendako andre baten boltsoa? Erabili imajinazioa! Pista bat: kartera bakarra dago (Sustatun ordaintzen diguten dirutza bankuan dago :-)). Besteak bestelako zorroak dira! Asmatu!



Mila esker, Goienatarroi! Asko gustatzen zait argazkia: Ino Galparsoro udaletxearen aurrean irribarrez eta boltsoarekin! A, GAinera bandera sahararra balkoian!!



Xabier, begi fin! Esan diatenez "Nora ez dakizun hori" da. Ederra liburua!

Mila esker denoi!!

leire narbaiza
2011-02-13 : 17:15

Testua idatzi nuenean ahaztu egin zitzaidan telebistan eta kontzertu batzuetan ikusitakoa, eta boltsoekin zerikusia duena.



Tele5ko saio batean, egunero eta ordu luzez ematen duten "Sálvame" izenekoan parte hartzen dutenek boltsoa platora eramaten dute eta atsedenaldian aldean eroaten dute. Lapurreten beldur. Oso irudi arraroa egin zitzaidan, sekula telebistan ikusi bakoa.



Hori komentatzen genbiltzala, batek esan zidan musika klasiko kontzertu batean, Kursaalen beharbada, musikariek boltsoak euren lekuraino eramaten zituztela. Orduan, gogoratu nuen Gospel kontzertu bat. Han ere korokoek boltsoa eszenatokira eraman zuten! Irudi arraroa! Boltsomaritarrak dira beharbada, baina seguruenik lapurrak uxatzeko neurria baino ez da izango! Irudi tristea, benetan!

Erantzun

Sartu