Teknologia albisteak
11

Euskararen ezagutzaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia
Asier Sarasua
2011-02-04 : 14:02

Artikulu gogorra kaleratu zuen atzo El Correo egunkariak. Aurelio Artetak gogor erasotzen dio euskarari eta, bereziki, euskararen inguruko inkestei eta euskaldunon gezurretako munduari. Baina, tartean, egia pare bat ere esaten ditu Artetak, beharbada.

Rober Gutierrezek Twitterren lagatako bi tuitek (bat eta bi) eraman ninduten atzo El Correon idatzitako artikulu honetara: Falsas encuestas, falsas conciencias. Euskararen eta euskaltzaleon aurkako artikulua, argi dago. Baina egia pare bat ere esaten dituena, nire ustez. Eta atzo bertan Twitterren bota nituen (bat, bi eta hiru). Eta ziztu bizian etorri zitzaidan @luistxo zirikatzaile: "Benga, idatzi lerro batzuk Aurelio Arteta defenditzen!".

Alde batera lagako ditut artikuluaren lerrokatze politikoa, balorazio partzialak eta, oro har, darion hatsa. Aurelio Arteta bera ere aski ezaguna da lehendik, euskararen inguruan dituen ideiengatik (Ermuko Forotik gertuko, UPyD alderdiko kide...).

Hala ere, El Correoko artikuluan bi egia handi ikusten ditut, lehenago ere salatu izan ditudanak (eta ez naiz bakarra izan, jakina):

1) ustezko euskaltzaleen hipokresia.

2) euskararen ezagutzaren inguruko datuak puztuta daudela.

Zenbait euskaltzaleren jarrera hipokrita

Ni neu erabat erreta nago horrelako jarrerekin. Gero eta nabarmenagoak dira, gainera; lotsagarri bihurtzeraino. Euskararentzat, askotan, benetako euskararen aurkako etsaiak baino kaltegarriago.

Eta, oro har, euskaldun, euskaltzale eta abertzale direla esan, baina jo-ta-sua erdaraz dabiltzanak.

Euskararen inguruko hainbat datu puztuta daude

Euskararen ezagutzaren datuak nabarmen puztuta daudela uste dut. Ustea baino, iruditzen zait nabarmena, nabarmenegia, dela. Nahita edo nahi gabe puztu daitezke, ulergarria da (erakundeek erakutsi nahi dute euren lana emaitzak izaten ari dela; herritarrek ere errazago erantzuten dute euskaraz dakitela, euren ezjakintasuna onartu baino, "tú pon que sí"; inkestetako datuak ere nahi diren moduan "irakurri" daitezke eta titularra norberak aukeratzen du; B eta D ereduan matrikulatutako guztiak euskaldunen taldean sartzen ditugu "defektuz"...).

Arrazoiak arrazoi, niri zenbait datu sinestezinak iruditzen zaizkit.

Benetan? Egia da hori? Zenbat euskaldun gara benetan? Euskaraz bizi gaitezkeenak eta bizi nahi dugunak? 800.000? 1.000.000? Benetan?

Galdera ez da hutsala. Izan ere, zer datu oinarrizko eta garrantzizkoagorik, zenbat garen jakitea baino?

Gainera, gutxiago izatea ere ez litzateke kaltegarri kasu honetan:

  • Erabilera datuak askoz baikorragoak lirateke.
  • Kontsumo datuak ere hobeak lirateke (Sautrelak, esate baterako, 10.000 ikusle baditu, ez da berdina 1.000.000 ikusle potentzial dituen edo 200.000). Berdin liburu edo egunkari salmentekin.
  • Hizkuntza Politikan gehiago inbertitu beharko litzateke.

Agian, kontzientziazioa ere handituko litzateke, azkenaldian lur-jota ikusten dut eta.

Erantzunak

M. Txilibitu
2011-02-04 : 15:04

Ados nago, erabat. Beti esaten da “zientifikoki” frogatua dagoela euskaldunon euskararekiko atxikimendua oso altua dela, Txillardegik egindako konbinazio matematiko haiek frogatu zutenez. Eta nik kontrakoa ikusten dut: oso atxikimendu eskasa. Orokortzea beti da arriskutsua, baina nire pertzepzioa Asierrena bera da.



Kontua da, Asier, bai instituzioen diskurtsoa bai Kontseiluarena, EHErena... kontrakoa dela, alegia, euskalduna oso lehiala dela bere hizkuntzarekiko. Horretan uste dut kale egiten dugula.



Mikel Haranburu
2011-02-04 : 15:45

Ni ere bat nator Asierrek esaten duenarekin. Datuei buruz ez dakit deus. Batzutan iruditzen zait nire inguruan euskaldun asko dagoela; bestetan erdal itsasoan gaudela. Kanpainaz kanpaina, "Euskararen" festaz festa, manifestazioz manifestazio ibiltzen gara. Erreibindikatu egiten dugu, norbaiten aurrean. Errudunak bilatzen eta aurkitzen, jakina, baina gure baitan ez dugu, sarritan, Euskara ofizial deklaratu.

Bai Euskarari eta haren 25. urteurrena; 17 Korrika. EKB, Kontseilua, Unibertsoa, Hizkuntz Politika, Ikastolak, Eskola Publikoa, Egunkaria, Berria, ETB... oraindik ez dugu gure baitan Euskara ofizial deklaratu. Topagunea, Euskara Taldeak. Oraindik ez dakigu nor eta zenbat garen. Aspaldi, hamabi bat urte, proposatu nuen horietako batean euskaldunen errolda egin beharra dagoela. Euskara talde bakoitzak bere herrian, guk gure tokian. Eratzeko modua, eratzeko lehenengo urratsa; nor garen eta zenbat garen, eta hizkuntzaren oinarrizko eta lehen funtzioa, pertsonala alegia -"zein hizkuntzatan egiten duzu erosketa-zerrenda?"- ziurtatu. Noizbait eginen ahal dugu! Erakunde publikoek erz dute horretarako asmorik, inondik ere. Baina Artetak salatzen duenaz jakiteko, beharrezkoa.

Unai Larreategi
2011-02-04 : 16:11

Lehenik esan ados nagoela Asierren irakurketarekin.
Hala ere ez dut uste euskalduna euskararekiko lehiala den ala ez M.Txilibitok saltzen duen bezain sinplea denik. Asimilazio prozesuak eragin izugarria izan du eta izaten dihardu oraindik ere. Kanpotik zein barrutik elikatzen den asimilazio prozesua (ez du balio beti errua kanpora botatzen jarduteak).
Euskarak, herri euskaldunak aurrera egitea nahi badugu aldaketak ematera behartuta gaudela pentsatzen dugu. Eta aldaketak politiko-juridikoez gain, soziala izan behar du ezinbestean.
Gure ustez aldaketarako oinarriak direnak indartzeko kalera irtetzeko deia egin dugu otsailaren 12rako EHEtik. Oinarri horiek ere manifestu baten jaso ditugu.
Lehialak geran edo ez eztabaidatzen jartzea baino interesgarriagoa iruditzen zaigu etorkizunean vascoak edo euskaldunak izan nahi dugun behingoz erabakitzea.


Benito
2011-02-04 : 17:45

Euskararen ezagutza zenbakietara ekarri orduko, uste dut zenbatekoaz gainera ezagutza horren norainokoari erreparatu behar zaiola.

Euskara dakigunok 800.000, 600.000, 200.000 edo milioi bat izan gaitezke aldi berean. "Badakizu euskaraz?" galdera nola planteatzen den eta nola erantzuten den. Euskaraz zerbait ulertzeko edo esateko gauza direnak asko dira, gero eta gehiago adibidez. Horiek euskaldunak dira? Norberak muga hori leku batean jar dezake, baina batetik inkestak eta inkestako emaitzak zabaltzen dituztenak non jarri duten, eta bestetik inkestatuak euskara jakitea eta jakitearen arteko (auto)pertzepzioa non duten, euskalduna izatea uste dugun baino kontzeptu lausoagoa izan daiteke, eta hala islatuko da.

Ez dut uste emaitzak desitxuratzen duen faktore bakarra "hipokresia" edo inkoherentzia hori denik, ez dut esango ez dagoenik ere, baina gauza gehiago dabiltza tartean.

Dena dela, eman duzun adibidetik tiratuta, Sautrela saioak zenbat ikusle potentzial izan ditzakeen zehazteko ez nioke begiratuko euskaldunen kopuru osoari soilik. Sautrela bezalako saio bat ikusteko zenbat jendek daukan gaitasuna baino, ze, akaso euskaldun egadun guztiak ez dira izango Sautrelaren ikusle potentzialak, eta ez euskalduntzat ditugun guztiak ez dira baztertzekoak izango.

Literaturaren inguruko albisteak, kritikak, elkarrizketak, istorioak (denak, osorik edo batzuk eta zatika) ikus-entzunezko hedabide baten bitartez momenturen batean ikus-entzuteko borondate erreala izan ditzakeenak, hori egiteko aukera dutenak eta hori egiteko gaitasun linguistiko eta kulturala dutenak kontatu beharko lirateke.

Eta Sautrela ikus-entzun jartzen duen lekuan jarri bizitzan euskaraz egin daitekeen edozein aktibitate, Sustatun artikulu bat irakurri edo komentatu, taberna bateko atean parraplada batzuk bota, "erretzea debeketuta" jartzen duen kartela interpretatu edo Aita Gurea errezatu. Zenbakiak desberdinak izango dira kasu bakoitzean seguruenik.

Bittor Hidalgo - Donostia
2011-02-04 : 17:46

Nik ere uste dut gauzak hola moduzkoak direla objektiboki (Asierrek eta beste guztiok maiz sentitu ditugun bezala eta Artetak ere “salatu” bezala). Eta zer? Horrela dira. Eta hortik abiatu behar dugu euskaldun bihotzekook.



Baina gauzek bere neurria dute. Nahiz gure bihotzak maiz itsutu gaitzakeen.



800.000 euskaldun inguru gara (2001ean, 779.788, biztanleria osoaren %27,6 -EDB-). Baina horietako soilik heren bat -EHAS- euskaraz errazago-edo egiten dugunak. Beste heren bat, elebidun orekatuak ginatekeenak. Eta azken herena erdaraz errazago dihardugunak euskaraz baino. Beti 3.000.000 inguru biztanleren artean urtuak.



Are 800.000 ere ezin fidelagoak bagina euskarari, egun osoan ere euskaraz bakarrik hitz egingo bagenu, aste osoan, urte osoan, are ulertzen ez diguten herrikide guztiekin ere, hauek erabat aho zabalik utzita (pentsa!), horrek, soilik %26,7ko erabilera batera ginderamatzake. Eta benetako, hau da Artetak ere eskatzen duenez, kaleko neurketetan jasotako datuek, soilik %15eko erabilera aitortzen dute. Eta negarrez hasiko gara? Itsuak gu!



Horrek esan nahi du garen -hala moduzko- 800.000 euskaldunetatik, kalean zeinahi momentutan 450.000 ari garela euskaraz. Garen euskaldunon erdiak baino gehiago (≈%56). Ze leialtasun handiago gurea, 2001ean gure inguruko biztanleen %72,4k ez duenean “euskara hiztuntzat” ematen bere burua?



Eta hala ere, baldintza soziologiko ezin zailago horietan, 5 puntu irabazi ditugu erabileran 1989-2006ra bitartean, eta beste 5 puntu euskaldun kopuruan 1986-2001 urteen artean. Are jakinik Ipar Euskal Herrian beherakada handiak izan ditugula ehuneko horietan, eta Nafarroa Garaian ere ez dugula mantentzea baino lortu.



Egin zitekeen hobeto? Bai. Bai, EAEn. Bai noski Nafarroa Garaian. Eta bai, batez ere, Iparraldean. Eta indarrean eskatu behar dugu botere publikoek arauz zabaldu dezaten euskararen ezagutza orokorra biztanleen artean, eta erabilera ere beraiei dagozkien esparru publikoetan.



Baina batez ere gure fideltasuna sendotu behar dugu, gure euskaldun izatearen eta mintzatzearen harrotasuna, euskaldun bihotzekoona, zenbat garen oso ondo ez dakigunona. Fideltasun eta harrotasun hori zabaltzen joateko Euskal Herri osoan “euskaldun ulertzaile” zaizkigun biztanleen jada erdira: ≈%50 = 1.500.000; eta EAEn %75 ere bai jada; eta 35 urtetik azpikoen Euskal Herri osoko ≈%70; eta EAEn ≈90 ere bai jada.



Eta inkestek adierazten digutena gure aldeko da. Ez gure kontrako. Aurreratzen ari gara, eta horrela jarraitu behar dugu, eta ahal badugu are burugogorrago. Eta inkestek adierazten digute, euskararen “gain-balorazio”edo horrekin, 3.000.000 biztanleko herri osoa ere gure zain dagoela nolabait, euskaldun bihotzekoon zain, beti euskaraz egingo diogunon alde, bera ere pixkanaka erantsi dadin gure harrotasunera, euskal sen “amestura”.



Baina aldaketa soziolinguistikoak, aldeko gainegitura sozial juridikoaren erabateko beharra baldin badute ere, aldaketa soziolinguistikoak oso poliki gertatzen dira, eta pertsonaz pertsona gertatzen dira, eta norberak erabaki behar du kontzienteki edo gutxiago zein hizkuntzatan mugitu. Eta gure kasuan inertziak -inertzia soziologikoak, eta frantsesaren eta espainolaren inposizio faktiko ahaltsu eta orojaleagoak- erdarara garamatza, eta euskaldunok oso hautu kontziente eta politikoa egin behar dugu euskaldun bihotzeko bihurtzeko, eta euskaldun faktiko, espainola eta frantsesa apenas erabiliko dugunak. Gaur egun jakinduria ere ingelesez mugitzen delako. Euskaldun hitzez eta bihotzez, eta ingelesa munduan mugitzeko.



Euskaldun bihotzekook, norbanakook dugu giltza. Garenak garela. 10.000, ba, 10.000. Hasteko ez da gutxi. Eta gehiago gara. Baina ezinezko ametsetan sinetsi gabe, desengainatu beharrik ez izateko. gara, garenak. Eta harro gaude. Eta erakusten dugu. Besteak beste, sinbolo edo ikur batez ere.



Halako gauzetan ibili naiz azken urteotan eta bereziki uda honetan ere (inork ezer ikusi nahi baleza: www.euskalnet.net/euskaldunbihotzekoak, eta hor halako ideien inguru: KONJURAZIO AGIRIA).



Ondo izan



Bittor

Joao
2011-02-04 : 22:28

Izugarri albiste ona da ikustea nola euskararen aldeko jarrera zeharo nagusiak bere onetik ateratzen duen bat baino gehiago.

leire narbaiza
2011-02-05 : 02:37

Aupa, asier!

Lehen esan dizut ia guztiarekin nagoela ados; izan ere, gainetiko irakurketa bat baino ez neukan eginda. Orain osorik irakurrita, esan behar dut goitik behera bat natorrela zure azterketarekin.



Batez ere zure azkeneko esaldiarekin:"Agian, kontzientziazioa ere handituko litzateke, azkenaldian lur-jota ikusten dut eta". Nik ere aspaldian horrela ikusten dut. Esparru hori galdu samar dugulakoan nago, gutxi zainduta. Beharbada gure herrian, Eibarren, aldaketa bat ikusi genuelako duela 15 bat urte, eta orain irabazitako hainbat gauza galtzen dihardugula uste dut.



Beste alde batetik, eta batez ere sare sozialetan konturatu naiz zenbait euskaltzalek erraz asko egiten dutela erdaretan, ez lagun erdaldunei erantzuteko, ez; euren egoera pertsonalak adierazteko baizik. horrek oso kezkatuta nauka. Hori guztiori beti euskararen kontrakoa delako.



Erlaxatu egin gara, ez dago dudarik. Beste arlo batzuetan bezala. Beste batek egingo du, edo umeak badaki, edo euskaldun zaharra naiz eta nahikoa daukat (analfabetoa izan arren). Euskara bihotzean, baina erdara ezpainetan!



Unai, asimilazioa existitzen da, ez dago dudarik. Baina manifestu bat sinatzea edo manifestazio batera joatea, zoritxarrez, horretan gera liteke, sinbolo hutsean. Behin sinatu, inor baino euskaldunagoa naiz, baina txisteak egiteko orduan gaztelania sartzen dut barra-barra. Gainera, berba eta idaztean ere erdaraz pentsatuz egiten dut, gaztelaniaren moldeak behin eta berriro errepikatuta. Izan ere, euskara ez da askoren pentsaeraren hizkuntza, hori da arazoa!

Joseba
2011-02-05 : 23:13

Nago asimilazio arriskua handitu egiten dela errepresioa frankista ahuldu ahala. Zergatik? Bada jendeak askatasun erlatiboa ikusten duelako. Euskaldunak euskaraz egiteko eskubide osoa du, baina bere inguru ez erdaldunak ere eskubide osoa du euskaraz fitsik jakin ez eta gazteleraz soilik bizitzeko. Eta hori ere bada gakoaren zati.


Hartara, badirudi aukera pertsonal hutsa dela euskaraz egitearena eta askatasunarekin lotuta dagoela de facto hizkuntza ahulenaren desagerpena eragiten duen egoera hori. Bi hizkuntzen egoera eta indarra (euskara-gaztelania edo euskara-frantsesa) berdina balitz bezala. Gaztelera ez da aukera bat, euskara bai.


Errepresio frankistarekin, kasu, erreakzionatzea eragiten dio zenbaiti asimilazioaren eta inposizio argiaren protesta gisa. Orain aldiz, jendea erlaxatu eta asimilazioa handitzeko arriskua dago, ezkutukoagoa delako, beste barik.


JB
2011-02-09 : 22:28

Datuak... erabat puztuta edo ni errealitatetik kanpo nago. Esan den bezala, hezkuntza sisteman D ereduan dagoen ikaslegoa, euskalduntzat hartzen dute. Eta hau, barkatuko didate, baina ez da egia. Bai, ulertzen dute baina ugari ez dira gai elkarrizketa arrunta edukitzeko. Jasotzaileak dira, ez sortzaileak. Bitartean, leku askotako D ereduko ume euskaldunak gelako "xomorroak" dira espainieraz edo frantsesez hitz egiten ez dutelako. Lagun batek dioen bezala, ez dago D ereduko edozein gela baino leku hoberik erdara ikasteko. (Sentitzen dut Bittor nire tonu ezkorra...)


Tira, dagoeneko gauza asko esan dira ezagutza eta erabileraren inguruan eta egin ditudan hausnerketek puntu berberera naramate. Alde batetik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok,geure esparrutik ateratzen garenean, neurri batean eta eremu erdaldunetan (nirea, Gasteiz), 24 orduko "militantzia" egitera behartuta gaude. Askok aipatu duzuen bezala, kontzientziak leku handia hartzen du egunerokoan.
Bestaldetik, nire ustez, armiarmak egiten duen antzera, jokatu beharko genuke. Hau da, puntu batetik abiatu (gure kasuan norbera izango litzateke) eta amarauna ehundu gure inguruan, poliki-poliki. Euskararen sarea hedatu eta euskaraz bizitzera animatu ez diren inguruko horiek hortan "harrapatu". Gure inguruan sinergiak sortu. Nigandik zugana.


Bukatzeko, uste dut egunerokotasunean egin beharko genukeela indarra. Azken finean hori bilatzen baitugu gizakiok, egunekoa. Non ditut euskaraz bizitzeko esparru horiek gaur eta hemen? Xume-xumea da galdera eta erantzuna potolo samar. Esparru horiei heldu eta amarauna ehun.


Ongi bizi!


Bittor Hidalgo - Donostia
2011-02-10 : 20:09

Gabon, JB. Guztiz bat-edo nator zuk esaten duzunarekin. Nik ere asko sumatzen dut euskara gehiago edo gutxiago ezagutzen duen jendea etengabe espainolez ari. Beti pentsatzen dut ordea, horiek direla oraindik irabazteko ditugun "euskaldun bihotzekoak", garen 800.000 euskaldunak euskaldun faktiko bihurtzeko. Edota direla herri honetan euskara gehiago edo gutxiago ulertzen dugun 1.500.000 herritarretakoak, eta horiek ere "euskaldun bihotzekoon" euskarazko jardunak bakarrik erakarriko dituenak euskaldun faktiko izatera, eta ahal bada, euskaldun bihotzeko beraiek ere.



Gaur atera da DEIA-n Patxi Baztarrikaren artikulu bat (Argia buletina-k bideratuta), ikaragarri gustatu zaidana kontu hauen ingurutik-edo, beren balioan balioztatu nahiz aipatzen gatozen inkestetako datuak-eta. Nire ustez merezi du irakurketa (http://www.deia.com/2011/02/10/opinion/tribuna-abierta/euskara-zer-diote-herritarrek). Ea zuei ze iruditzen zaizuen.



Ondo izan



Bittor

Josebe Blanco
2011-02-10 : 22:05

Oso interesgarria, Bittor, zuk aipatutako artikulua. Mila esker.

Dena den, uste dut inkesta bat erantzutea edo norberaren bizitzan eragina duen politika onartzea oso bestelakoa dela. Esan nahi dut, printzipioz ados egon daitezke euskarak administrazioan, enpresetan eta abarretan izan beharko lukeen presentziarekin; baina hori bai, askok dioten bezala, "euskaragatik" lanpostua galtzekotan baleude... Egoera horretan inkestan emandako erantzuna ahaztu eta "bidegabekeria" hitza nagusiko litzateke. Ez zaizue iruditzen? Iritzi bat izatea eta horri atxikitzea maiz ez doaz elkarrekin; azken finean, koherentzia eza. Bizitzako beste hainbat arlotan bezala... bestela egin diezaiogun begiradatxo bat gure barrukoari...

Ene, ze zaila...

Hala ere, aurrera egin beharko dugu, ezta?

Ongi izan!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago