Teknologia albisteak
15

Jon Juaristiren alde

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-01-31 : 13:01

Jon Juaristiren alde idatzi du Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak Noticias taldeko Ortzadar aldizkarian:

Euskararentzako arrisku larriena gaur ez dira jonjuaristiak, halakoen mamua astinduz kontzientzia lasaitu nahi duten erdal praktikanteak baizik.

Aipatutako Mendigurenen artikulua larunbatean banatu zuen Noticias taldeak, egunkariekin batera, baina gehigarria ez dute sareratu oraindik. Mendigureni esker, testu osoa ekarri dugu hona:

Jon Juaristiren alde

Aste honetan bildu da, Leioan, Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordea. Hango erabaki eta hitzaldien berri aski zabal eman da komunikabideetan, eta ez naiz hor sartuko. Bilera egin baino lehen hautsak harrotu dituen beste kontu bat hartuko dut gaitzat: Jon Juaristi jauna.

ETAtik PPren eskuin adarreraino, aski ezaguna da Juaristiren ibilbide politikoa, eta berak ere xeheki kontatua du bere oroitzapen-liburuan. Euskarari, euskalgintzari, gure kulturari eta literaturari buruz pentsatzen dituenak ere publikoak dira, hainbat idazkitan plazaratu baititu. Horretan oinarrituta, Batzorde horretatik kanpo egon behar lukeela defenditu du zenbait alderdik eta euskaltzale askok.

Ni, ez nator bat. Honen harira, eta beste ezer baino lehen, Lopez jaunaren lehendakaritza hauteskunde antidemokratiko batzuetatik sortua dela eta haren gobernuaren legitimotasuna badaezpadakoa dela gogoratu nahi nuke aurrena; hala ere, egungo legeriaren joko zelaia eta batzorde horren izatea ontzat emanez gero, ez dut Juaristiren izendapena begi txarrez ikusten, euskararen kontra epelak bota izan dituen arren.

Arrazoia ez da Juaristi irakasle izan nuela unibertsitatean, irakasle jakintsu eta adeitsua gainera. Ez da Juaristik euskal literatura sakonki ikasi eta aztertu duela eta haren historia interesgarri bat idatzi. Ez da euskal soziolinguistikaren hastapenetako liburu guztiz gomendagarri bat idatzi zuela. Ez da euskal baladen ikertzaile onenetako bat izan dela eta haien bilketa eta analisi zientifikoaren bultzagile sendoa. Ez da euskal literatura garaikidearen berrikuntzako gunean izan zela, beste idazle inportante batzuekin batean. Meritu horiek guztiak egiazkoak dira, eta ez dira asko izango Batzordean beste horrenbeste esan dezaketenak, baina horrek ez du inola ere zuritzen gure hizkuntzaren eta kulturaren kontra hartua duen seta gaixoti eta etnozida. Eta hala ere, berriro diot, nik nahiago Juaristi batzorde horretan.

Dozena bat urte atzera eginez, gogoan dut Josu Urrutikoetxea legebiltzarkide aukeratu zutenean, Euskal Herritarrok alderdi orduan legala Gasteizko parlamentuan parte hartzen hasi eta Giza Eskubideen Batzordeko kide izendatu zutela. Orduan izan ziren espantuak eta jantzi-urratzeak hainbat hedabide espainolistatan: sarkasmoa zela etakide izandako bat giza eskubideez arduratzea, eta abar. Garai hartan Urrutikoetxeak ez zuen inongo deliturik epaitegien aurrean; bai, aldiz, errefuxiatu historiala eta kartzelako egonaldia: horrek berak nahikoa ezagutza ematen zion giza eskubideez aritzeko, ikuspegi bakarraren aldekoek hori ikusi nahi ez zuten arren.

Berdin jokatu behar ote dugu guk Jon Juaristirekin? Ez nuke nahi. Euskararen kontra bereak eta asto beltzarenak esan dituela? Egia; bere gogaide askok ezagutza gutxiagoz pentsatzen dituzten berberak, nahiz jendaurrean esatera ausartu ez. Teorian denok gaude adierazpen askatasunaren alde, ideien arteko joan-etorri librearen alde, proiektu desberdinen arteko debate eta eztabaidaren alde. Bada, horretan benetan sinesten badugu eta ez modu erretorikoan, konsekuenteak izanda, hobe da euskararen etsaiek ere dagokien lekuan beren ahotsa izatea, gure gizartean existitzen diren neurrian (eta ongi aski dakigu asko direla, eta oso indartsuak, nahiz beren etsaitasuna zurikeriaz eta itxurakeriaz jantzi, Juaristik ez bezala).

Euskararentzako arrisku larriena gaur ez baitira jonjuaristiak, halakoen mamua astinduz beren (eta gure) kontzientzia lasaitu nahi duten erdal praktikanteak baizik.

Erantzunak

Sustatu
2011-01-31 : 13:40

Mendigurenen artikuluaz idatzi zuen atzo, igandez,
Amatiñok:


Mendigurenek azpimarratzen duen paradoxa zera da: Josu Urrutikoetxeak Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordean partu hartu izana salatu zutenek ondo ikusten dute orain Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordean. Eta, alderantziz, partaidetza hura ondo ikusi zutenek ez dute oraingo hau onesten. Eta... biak ontzat emango bagenitu?

Sustatu
2011-01-31 : 13:51

Gaur igo dute Ortzadar gehigarria pdf batean (1,8 MB). Mendigurenen artikulua 3. orrialdean aurkituko duzue.


Luistxo Fernandez
2011-01-31 : 14:34

Nik ez dut bereziki asko esatekorik Jon Juaristiren alde. Eta Patxi Lopezek esandakoek ere ez naute bere alde jartzen. Baina gauzatxo bana bien alde:


Euskararen Aholku Batzordearen bileran izan ziren, eta zerbait bazuten esateko Lopezek eta Juaristik. Lourdes Auzmendi sailburuordeak ere egin ditu agerpen batzuk hedabideetan.


Baina horietatik aparte, ematen du bakarrik egon zirela pertsona horiek EAB-n. Edo han ez zela beste ezer komentatzekorik izan, ez aurretik, ez bertan, ez ondoren. Mikel Belaskoren iruzkin batzuk (artikulu honen erantzunetan, gaztelaniaz) aurkitu ditut Lopezek esanak kontestuan jartzen. Baina hortik aparte...


Portuko Gonsales jauna
2011-01-31 : 15:28

WTF? "Euskararentzako arrisku larriena gaur ez dira jonjuaristiak, halakoen mamua astinduz kontzientzia lasaitu nahi duten erdal praktikanteak baizik"?????



Y vuelta con la burra al trigo, hona hemen erdal praktikante sutsu bat, "kommite" horretara deitu ez dutena: ni neu. Baina gune hau, antza, euskaraduna denez, zuen hizkuntzan arituko naiz, errespetua eta itzala zer den ondotxo ezagutzen dudanez (gurasoek eta gizarteak irakatsiak, eta tamalez ezin dut gauza bera esan euskarari buruz). Bestela, ez egin dudarik gaztelaniaz idatziko nituzkeela nire iritziak, zeuon ehuneko ehunek bezala-bezalaxe, euskaldun praktikante sutsuak.



Juaristik, Lopezek eta enparauek jo dituzten harrikadak jaso eta gero (nik, horiez bestela, estimu handian dut euskara, horiez bestela gogoak hala aginduta ikasi nuen eta, horiez bestela, ez naiz horren kontra gaizki esaka ibiliko), idazlan honen egileari bururatzen zaion gauza bakarra da esatea ze Juaristi jauna oso irakasle jatorra izan dela bere garaian eta lan asko egin duela? Horixe behar genuen, gure diruarekin alferkerietan ibiltzea! Baina, horrez gain, erdal praktikante sutsuok omen gara transmisio etena baino edenagoak, juaristiak baino ganbaratik pitzatuagoak (barkatu, ez dut esan nahi gizon hori burutik dagoenik, baina botatzen dituenak botata hala ematen du).



Burutik egon behar dugu Gonzalez izenda eta lehendakariak esportatzeko adina ditugun herrikoak izanda, erdaraz, hots, gure ama hizkuntzan, aritzeko, sutsu gainera. Are gehiago ederki kostata ikasi eta gero. Zertarako atera genuen EGA? Zertarako ikusi genuen Goenkale, kulebroizaleak izan barik? Zergatik Dragoi Bola, frikiak izan barik? Gero euskaraz auzokoaren txakurrarekin ere gaztelaniaz egiteko? Zertarako gurasotu gara, gero umeei gaztelaniaz egiten badiegu gure ama (eta gure amaren) hizkuntza delako eta bisitan goazkionetan gaztelania hutsez egiten badugu "salmantina" horren aurrean?



Ez, hobe da euskaraz barra-barra aritzea, auzoko "terrorista" izatea, umeei kaka ematea euskaraz haiek gaztelaniaz (eskola hizkuntza erreala) erantzuten dizuten bitartean. Hobe da CLAN ez sintozinatzea eta DORAESPLORADORA edo BOESPONJA barik berebiziko espioiak ikus ditzatela, nahiz eta gero Paninik haiek kromo bildumarik ez atera. Hobe umeak ere euskalfriki bihurtzen baditugu. Hobe berrogei kanal ibili beharrean ETB1 baino ez badugu ikusten, hori bai, jonjuaristien lagunen paridak euskaraz entzun ahal izateko, (lasai bi-hiru urte barru "betikoak" itzuliko dira eta ETBren ur gazia gernikakokakola bihurtuko da atzera, oi mirariaren ederra!).



Euskararen arloan jan-gizon eta jan-emakume asko dago, eta erraza da mundu errealean bizi garenen kontra aritzea, euskaraz badakigu eta ez dugu erabiltzen, ai ene bekatari, tira, izan zintzo eta korrikaren kamiseta erosi, zoaz Durangora edo Eroskira eta bete saski-gurdia "euskal produktuekin", batez ere "haur literatura"... eta erosi bi periodiku ilustratzeko, bat euskaraz, astelehenetan izan ezik, eta bestea erdaraz, etxeko ez-euskaldunek ere TBn zer dagoen jakin ahal izateko...



Asesore deituko banindute, txit irakasle txit jator txit txistosoaren ondoan edo ordez, jakingo nuke nik ekarpen xumeak egiten, neure gorringotik ateratakoak, adibidez, eta soziologoa izan barik, ederto azalduko nieke zergatik ez dugun egiten euskaldun zatarrok euskaraz.



Patxik ezin du argiro esan, ez azaldu, zergatik ez dakien euskaraz etz zergatik se la sopla, eta zergatik uste du, askok bezala, euskaldun fededun zaharkitu horren ordez, euskalduna metralletaduna dela, lehendakari jarri dutelako eta itxurak, nekez bada ere, gorde behar direlako. Jonjuaristiei "se la sopla" itxurakeria, bost axola berari. Euskararen arerio gaiztoak euskararen inguruan aholkuak ematen jartzen hasita, bada, geu, euskaldun zatarrok, jar gaitzatela, horrela "del enemigo, el consejo" harrapatuko dute.



Bueno, banoa dokumental bat "streamin´"-en ikustera, Sinde mamua agertu aurretik, ea euskarazkorik topatzen dudan... azpititulutan bada ere. Perdonad los gaizkiesanas eta besterik balego, gogoan hartu.



Me vuelvo a erdaralandia, ke los txikitxus ya salen de ikas. Abur.



Joseba E.
2011-01-31 : 16:11

Nik ulertzen dudanez, ditxosozko batzorde horrek Eukararen Aholku Batzordea du izena eta bere lana kontestu batetik abiatu beharko da eta ez zerotik. Ondorioz, ez du balio esateak denok gaudela "proiektu desberdinen arteko debate eta eztabaidaren alde", pluraltasunaren izenean ez badugu nahi errebisionismoan erortzea.



Jon Juaristiren izendapena dela eta galdera xinple bat okurritzen zait: zertarako behar ditu euskarak gizon horren "aholkuak"?.

Sustatu
2011-01-31 : 16:18

Klig izeneko blogean ere erantzun diote Xabier Mendigureni.


Portuko Gonsales jauna
2011-01-31 : 16:19

Goiko artikukuan azaldu dizute, bada, zertarako behar den halako xelebre bat Batzordean... bera bezala erdaraz barra-barra euri eta eguzki, ur eta güisqui, aritzen garen euskaldun zikinosook akuilu izan dezagun...



Akuilu bai, baina ez dakit zertarako zehazki. ETB1 ikusteari uzteko, euskal produktuak erosteaz behingoz paso egiteko, seme-alabei Uxue barik Vanessssa bezalako izen glamourosoak ezartzeko, Juaristiren fede berriaren altzoan gerizatzeko, edo euskaraz jo ta su aritzeko, ahora que parece que va a dejar de ser delito y simplemente va a ser un gesto inutilagoa irlandar abiadorearena baino.

Borja
2011-01-31 : 17:47

Diferentzia (askotarik) bi:



- Jon Juaristiren eta Josu Urrutikoetxearen izendapenak alderatzeko (hori zilegi balitz) bigarrena etakidea zenean izendatu behar zuketen, zeren eta Juaristik ORAIN baitu (aspaldixetik egia esan) euskararen aurkako jarrera, ez Mendigurenek aipatzen dituen lan onak egin zituenean.



- Jon Urrutikoetxeak ez zuen esan, nik dakidala, "ETAren biktimak bost axola niri" edo horrelakorik; Juaristik, aldiz, esan berri du euskararen etorkizunak epel uzten duela...

Jazinto
2011-01-31 : 23:09

Pello Salaburuk eta Patxi Baztarrikak Diario Vascon erdaraz kontatu dituzte bilerakoak.


Michael Corleone
2011-02-01 : 11:11

Keep your friends close, but your enemies closer



(Manten itzazu gertuan zure lagunak, baina are gertuago etsaiak).

Amonamantangorri
2011-02-01 : 16:12

Zaldieroak tira batean jarri du Blanca Urgellek ia esan zuena, alegia, zuzenean esan gabe ulertzera eman zuena.



http://berria.info/zintak/zaldieroa/2011-01-29/



Jakina, euskara maite dutenek ez ezik, gorroto dutenek ere eskubidea dute ekarpenak egiteko. Azken Bake Nobel Saria Barak Obamari eman zioten, Kirmen Uribe da euskal idazle bizien artean ospetsu eta txalotuenetako bat: gure garaiotan edozer absurdo da posible.



Zorionak Portuko Gonsales jaunari: espezial pasarazi dit, eta arrazoi osoa du.

JGAA
2011-02-06 : 09:44

Xabier Mendiguren Elizegik esaten digu berak Unibertsitatean Jon Juaristi irakasle izan zuela eta hau jakintsu eta adeitsua zela, ez naiz ni dudatan jarriko duena bere iritzi hori, bainan iritzi horren erabat kontrakoa da 1997.ko Apirilaren 12an EGIN egunkariak argitaratutako artikulu hau. Artikuloa


xme
2011-02-06 : 22:03

Eskerrik asko JGAAri.



Artikulu horren berri lehenago izan banu, beharbada ez nuen idatziko neurea.

Jazinto
2011-02-08 : 15:14

Jon Bollarrek euskaraz Garan bilerakoak.


Jazinto
2011-02-09 : 22:13

Unai Brearen joan den azaroko artikulua Argian, Jon Bollarrek presiditzen duen UEMA elkarteaz.


Erantzun

Sartu