Teknologia albisteak
3

Sustatu.com, 2010eko estatistikak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-01-07 : 10:01

Urteroko legeari jarraituz, aurten ere hementxe dituzue 2010. urtean zehar webgunean izan ditugun bisiten estatistikak. Aurten ere zenbaki politak izan ditugu eta inoiz baino Sustatuzale gehiago izan dugu 2010. urtean gure artean: 619.510 bisitaldi, aurreko urtean baino %22,57 gehiago. Eskerrik asko guztioi!

Datu orokorrak

Datu orokorrak

Hauexek dira azken urtean izan ditugun zenbaki orokorrak (aurreko urteetakoak ikusteko: 2005, 2006, 2007, 2009).

  • Bisitaldiak: 619.510 (2009arekin alderatuta %22ko igoera) eta 170.299 bisitari (%14ko igoera).
  • Ikusitako orrialde kopurua: 1.936.756 (%62ko igoera)
  • Bisitari bakoitzak, bataz beste, 3,13 orrialde ikusten ditu (2009an baino %32 gehiago) eta 2:32 minutu igarotzen ditu webgunean (%6,5eko igoera).
  • Bisitari gehien izan zituen eguna irailaren 6a izan zen (2.509 bisitari), besteak beste, albiste hauek kaleratu zirelako.
  • Guztira 1174 artikulu argitaratu dira eta 3199 erantzun jaso ditugu (2009an 1335 eta 2774). Ikus artxibo historikoa.

Sustatura heltzeko bideak:

  • Googletik %33,7 (2009an %32). Dena den, horko erdia inguru "Sustatu" bilatuta iristen dira gurera eta, beraz, sarrera zuzen gisa ere konta daitezke.
  • Zuzenean %28,6 (%27,5)
  • Buletinetik %9,5 (%10)
  • RSS bidez %8,5 (%12)
  • Twitter %5 (%1)
  • Facebook %3,7 (%1,7)
  • Beste webgune batzuetatik %10 (esate baterako, Berria, Zabaldu.com, Argia, eta Goiena.net).

Harpidetzak

  • 1569 lagunek jasotzen dute Sustatu RSS bidez
  • 846 lagun daude harpidetuta buletinera
  • Facebooken 893 jarraitzaile ditugu (%43 25-45 bitarteko gizonezkoak)
  • Twitter-en 1.003 follower eta 3.389 tuit (2010ean zehar).

Sare sozialen eragina

Aurreko puntuetan ikusi denez, azpimarratzekoa da sare sozialen eragina. Oraindik ere ez dira trafiko-iturri nagusiak webgunean, baina:

  • gero eta trafiko gehiago erakartzen dute (RSSak beherantz doazen bitartean)
  • eta sare sozialetan bertan hainbat erantzun eta komentario ere sortzen dira. Elkarrizketa beste plataforma horietara bideratzen da, neurri handi batean. Esate baterako, Facebookeen argitaratutako albisteek beste 104.675 bisita izan dituzte.

Gehien ikusi diren albisteak

Hauexek dira 2010ean gehien irakurri diren albisteak.

Nabigazio hizkuntza

Nabigatzailea euskaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileen kopurua ere neurtzen dugu urtero. 2005. urteaz geroztik igoera sumatu izan dugu urtero, baina 2010ean ez. Sustatuzaleen %46ak bakarrik dauka euskaraz konfiguratuta bere nabigatzailea.

  • 2005 %20
  • 2006 %32
  • 2007 %37
  • 2008 %44
  • 2009 %46
  • 2010 %46

Goranzko bidea geratu egin da eta adierazgarria da oraindik erabiltzaileen erdiak baino gehiagok erdaraz izatea konfiguratuta nabigatzailea. Nabigatu euskaraz!!!
Badakizu, informazio gehiago Nabigatzailea euskaraz webgunean.

Erabilitako nabigatzaileak eta plataformak

Erabiltzaileek darabilten nabigatzaileari dagokionez, aipagarria da Firefoxek lehen aldiz beherantz egin duela (gutxi). Explorerren beherakada askoz nabarmenagoa da (eta urtez urte gehiago). Aipatzekoa da Chromek indartzen jarraitzen duela eta Safarik 2010ean izan duen igoera (ikus Europa osoko datuak):

  • Firefox %55 (iaz %56).
  • Explorer %32 (iaz %36)
  • Safari %6,5 (iaz %4,2)
  • Chrome %5,2 (iaz %2,5)

Erabilitako plataformei dagokienez, 2009an nabaritutako joerak jarraitu du 2010. urtean ere: Windows sendo (%78), Mac goraka (%11tik %13ra) eta Linux beheraka (%8,4tik %7ra).

Pantaila bereizmena

  • 1280x1024 eta 1280x800 %33 (2009 %37)
  • 1024x768 %28 (2009 %35)
  • Handiagoa %44 (2008 %41)
  • 800x600 %2 (2008 %3,4)


Oharra: Artikulu honetako datuak Analytics sistemarekin lortu ditugu. Sustaturen estatistika publikoak Statcounterren aurkituko dituzu. Statcounterrek beti "puzten" ditu apur bat bisitarien datuak.

Erantzunak

xme
2011-01-07 : 11:50

Zorionak. Krisiak krisi, sustatu goraka doa.



Ea 2011 honetan ere bide berari eusten diozuen.

zuzeu.com
2011-01-07 : 12:34

Benetan bikainak datuak. Zorionak Sustatu.

Imanoltxu
2011-01-07 : 14:01

Zorionak, Marx zen zioena "beharrak, lanak, libre egingo zaituzte"? Zuek egiten duzue.

Erantzun

Sartu