Teknologia albisteak
1

"Koloreaga, Nafarroako festagileak" liburua karrikaratu dugu

Erabiltzailearen aurpegia
Duguna dantza taldea
2011-01-06 : 12:01

Asisko Urmenetaren marrazkiekin, Nafarroako dantzari eta festagileen irudiz, kolorez margotzeko liburuska argitaratu du Duguna dantza taldeak, Koloreaga, Nafarroako festagileak.

Otsagabiako dantzariak, Arizkungo sagar-dantzariak, Lesakako ezpata-dantzariak edo Luzaideko bolantak edo Jaurrietako neskak ageri dira bertan besteak beste.

Liburuarekin libreki libertitu

Asisko Urmenetaren esanetan, liburu, libre eta libertitu hitzak erro beretik datoz eta Koloreaga liburuan bat egiten dute hirurek. Batetik, liburu bat da, bestetik libre egiten gaitu, munduari gure txoko honetatik begiratzeko balio du, gure ohiturak ezagutzeko, glokalki eragiteko, mundura gure nortasunarekin ateratzeko. Azkenik libertitzeko balio du, marrazkiak koloreztatzeko, gure festetako (libertimenduetako) pertsonaiak ezagutzeko eta horiekin disfrutatzeko.

Liburua XXI. mendeko balorrei erreparatuz egin da, etorkizuneko dantzariei zuzenduz. Etorkizuneko dantzariak beltzaranak, horixkak, nabarrak eta zuriak izanen dira kultura ezberdinen joan-etorriak tarteko, eta hala marraztu ditu Asisko Koloreagako dantzariak.

Koloreaga

Frantsesez coloreage deitzen zaie gisa honetako koloreztatzeko liburuei. Asiskok "Koloriaga" proposatu zuen liburuaren izena, Antton Olariaga marrazkilari handiari keinu txiki gisa. Euskaltzaindian galdetuta, Koloreaga egokiago zela ebatzi zuten (kolore hitza baitu erroa izenburuak) eta hartara, hitz berri eta guzti dator liburua. Hemendik aurrera koloreztatzeko liburuak euskeraz, Koloreaga!

Liburu honetan 32 marrazki agertzen dira, Nafarroako hainbat herrietako dantza, inauteri eta festetako pertsonaienak. Mila ale karrikaratu ditugu eta salgai izanen dira Dugunan bertan (duguna@duguna.org) edo Karrikiri eta Abarzuza liburu-dendetan.

Erantzunak

Borja
2011-01-06 : 15:28

Bada, nik hasieran beste esanahi bat ulertu diot hitz berriari. Pentsatu dut "-aga" atzizkia zegoela hor (Pagoaga-n, Lizarraga-n, Harriaga-n, bai eta Olariaga abizenean ere topatzen duguna), eta "kolore (askoren) tokia" esan nahi zuela (edo "koloreak", besterik gabe, atzizki horixe omen da-eta egungo "-ak" determinatzaile pluralaren jatorria!). Earki ba!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago