Teknologia albisteak
2

Hitzapasa tematikoak sortzen lagundu nahi?

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Goñi
2010-12-30 : 11:12

Opor hauetan hartu dut tartetxo bat Hitzapasa jokoaren gunea berritzeko. Hitzapasan bertan azaldu dudan bezala, bere garaian, politagoa-edo zelako, txantiloi berezi samarra hautatu nuen eta, maiz, erabiltzaileek zailtasunak izaten zituzten edukietara heltzeko. Kontua da, atzo goizean horretan ari nintzela, Xabier Mendiguren Elizegik Hitzapasak sotzen laguntzeko eskaini zuela bere burua eta...

Xabierren eskaintza ikusirik, nik, adiskidetasunaz abusatuz, pentsatu nuen berak ederki asko menperatzen duen literaturan oinarritutako Hitzapasa bat (edo gehiago) ekoiztea oso ondo legokeela. Esan eta egin! Handik gutxira hortxe neuzkan korreoan Atik Zra bitarteko definizioak, euskal literaturaren 1. urratserako. Hementxe duzue Xabierrek bidalitako definizioekin sortutako Hitzapasa:

Hitzapasa Hitzapasa
HP literatura 1-1 html HP literatura 1-1 swf

Hari horretatik tira eginez, garbi dago denok badugula alor zehatz batean jakintza gehixeago edo pasioz betetzen gaituen gairen bat edo beste. Informatikaria bazara, esate baterako, ez al zenuke informatikari buruzko Hitzapasa bat di-da batean sortuko? Eta zuk, musikari edo musikazale amorratua zaren horrek, ez al zenuke euskal musikari buruzko errosko bat egingo? Edo zinemari buruzkoa? Politikariren bat animatuko al litzateke? Imajinatzen al duzue Iruña-Veleia aferari buruzkoa, adibidez? Ez dakit, linguistika, zuzenbidea, Donostia, Ordiziako historia, Laboa, Lete, telebistako programaren bat, edozein euskal autore... bururatzen zaizuen zer horri buruzkoa!

Garrantzitsuena litzateke nork bere barruan dugun jakintza apurtxo hori partekatzea eta denon eskura ipintzea, denok denongandik ikasi ahal izateko. Zer iruditzen?

Bueno, bada, erronka orain zuena da. Hauxe litzateke proposamena eta jarraitu beharreko prozedura:

  • Gai bat (literatura, zinema, musika, Internet, kirola, opera, Reala...) eta urrats bat (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa) hautatu.
  • Atik Zra bitarteko hitzak eta definizioak prestatu.
  • Formulario hau bete edo korreoz bidali (euskaljakintza, Gmail.com-en)

Hortik aurrera nire kontu. Jasotako guztiak Hitzapasa formatura egokituko ditut eta sarean, denon eskura, ipiniko ditut ahalik eta azkarren. Inork aurrera egingo?

Erantzunak

eli
2010-12-30 : 16:30

Arazotxo bat ikusten diot galdera askotan erabili den formulazioari. Adibidea galdera honetan:


—"... artists", Xabier Montoiaren azken ipuin liburua—


Horrela formulatzeak zera dakar, Montoiak beste liburu bat ateratzen duenean galdera zaharkitua geratuko dela.


Beraz, nire proposamena litzateke halako formulazioak saihestea, zaharkitze programatua ez eragiteko.


Maite Goñi
2010-12-30 : 18:41

Aupa, Eli!



Arrazoi osoa duzu; ez gara horretaz ohartu. Egin ditugu aldaketak, eta, ustez, orain ondo dago. Beste edozein iradokizun oso ongi etorria izango da. Mila esker. :-)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago