Teknologia albisteak
2

Izendatu dituzte talde irabazleak First Lego League Euskadi robotika eta ikerketa txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2010-12-13 : 13:12

Arrasateko Arizmendi Ikastolako taldeak irabazi du pasa den larunbatean jokatutako First Logo League Euskadi txapelketa. EAEko 27 taldetan bildutako 10 eta 16 urte bitarteko 270 ikaslek hartu zuten esku Zamudioko parke teknologikoan izandako jardunaldian. Lego piezekin egindako robotak programatzen duten abilezia erakustetik aparte, gazteek aurkeztu behar izan dute biomedikuntza gaiaren bueltan egindako ikerketak.

Arizmendikoekin ospatzen

Larunbatean ikusitakoaren arabera, EAEtik bost talde joango dira Bilbora, 2011ko otsailean, jokatuko den estatu mailako finalera; Nafarroako ordezkariak, bestalde, aukeratuko dira abenduaren 19an egingo den txapelketan.

Hauexek dira Zamudion sailkatutako bost taldeak:

  • Arizmendi-Ikerlan (Arizmendi Ikastola. Arrasate). Debagoienekoa txapelketako talderik onena izan zen. Robota bikain kontrolatzeaz gain, epaimahaikideek oso ondo baloratu zuten eramandako proiektu teknologikoa: dastapena kaltetuta duten pertsonentzat mingain protesikoa. (Goiko argazkian, arrasatearrak zuriz jantzitakoak dira; elastiko berdedunak, aldiz, dira Debagoienetik sailkatutako beste taldeko kideak, Leintz Gatzagakoak).
  • Prototype (GUREL guraso eta euskara elkartea. Leintz Gatzaga). Gatzagarren kasuan saritu dituzte, bereziki, taldekideen gaztetasuna (12 urte) eta aurkeztutako proiektua. Gatzagarrek garatu zuten elbarrituen bizimoduan hobetzeko egitasmoa, zehatzago esateko, gurpil-aulkidunek herrietan duten bide eta gune egokituen mapa egiteko ideia, beti ere, horretarako Internet eta software librea erabilita. Blogean kontatu dute prozesu guztia.
  • Overclock Axular (Axular Lizeoa. Donostia).
  • Laurobang (Lauro Ikastola. Loiu).
  • LSBideluze (La Salle Berrozpe Ikastetxea. Andoain)

Naziarteko lehiaketa da FLL, eta aldi berean, 400 txapelketa baino gehiago egiten dira munduan barrena. Europako finala, Herbeheretan jokatuko da, eta, azkenik, munduko finala AEBko Saint Luis hirian.

EAEn, Euskaltelek eta Innobasquek antolatzen dute txapelketa, eta aurtengoa, gurean egin den bigarren aldia izan da.

Zamudion hartutako irudiak ikusteko egin klik hemen, hemen eta hemen.

Oharra: Mezu hau argitaratzerakoan, gaztelera hutsean dagoen FLL Euskadi webgune ofiziala eguneratu barik zegoen, eta ezin izan dugu zehaztu zeintzuk diren Overclock Axular, Laurobang eta LSBideluze taldeen proiektu zientifikoen nondik norakoak.

Erantzunak

Maitane Loinaz
2010-12-13 : 18:06

Zertan laguntzen du FLLk euskara eta teknologia berriak modu naturalean txertatu daitezen? Gutxiegi.

Zamudioko parke teknologikoa baino aurreratuago daude hainbat eskola, hiri eta erakunde. Pena ematen du ikustea FLL Euskadiren webgunean, propagandan, bideoetan eta agerpen publikoetan euskarak zein leku gutxi duen.

Goio Arana
2011-03-13 : 02:37

Gaur izan da First Lego League Espainiaren finala Bilbon. Egun luzea izanda, goizeko 10:00etan hasi eta 20:00etan bukatu. Gazteak oso gustura ibili dira: robotak, DJak, zientzia proiektuak, aurkezpenak, talde lana...



Ekitaldiaren aurkezleak izan dira ETBko Iñaki Lopez eta Gemma izeneko neska bat. Egun osoan ez dute hitz erdi ere egin euskaraz, ezta ohiko "kaixo" edo "agur" horiek; ekitaldi oso-osoa gazteleraz izan da. Lotsagarria. Eta aluzinanteena: saioaren amaieran, saritu batek eskerrak emateko ekitaldian entzun diren euskarazko lehenengo hitzak bota dituenean txistuka hartu dute Espainiatik etorritako entzule askok!



Itxuraz ez dago tokirik euskararentzat, "berrikuntza, etorkizuna, ikerketa, nazioartekotasuna, elkar lana..." moduko hitzak behin eta berriro errepikatzen duten FLL moduko ekitaldietan, ezta Euskal Herrian antolatzen badira ere.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago