Teknologia albisteak
20

Eroski, entrekotak eta matematika apur bat

Erabiltzailearen aurpegia
Haritz Rodriguez
2010-12-14 : 09:12

Abenduaren 10a, ostirala, arratsaldeko 18:30ak. Donostiako Garbera merkatalguneko Eroski jendez lepo. Eskaintzak nonahi, azafatak bonboiak, txokolateak eta turroiak banatzen. Eta sarreran, kartel handi bat: Behi entrekotak 2x1. Lehen, kiloa 10,95 €; Orain, 5,48 €. Bada, guztia ez da dirudiena. Ordaintzerakoan ohartu naiz publizitate engainagarria zela. Azaltzen saiatuko naiz.


Argazkiak.org | Eroski, entrekotak eta matematika apur bat © cc-by-sa: xuriken

Dendara iritsi eta berehala aurrez aurre egin dut topo eskaintzarekin. Eroskiko arraina eta haragia ez ditut gehiegi estimatzen, baina aitortu behar dut entrekot horiek erosi ohi ditudala, primerakoak iruditzen zaizkidalako.

Bi aldiz pentsatu gabe, berehala hartu dut pare bat bandeja. Zalantza ere sortu zait. 2 bandeja 1en prezioan eskuratuko ditudala agindu didate, baina guztiek ez dute pisu berbera. Kiloa 5,48 euroan kobratuko didatela jartzen duenez, halaxe izango dela pentsarazi diot nire barrenari.

Beste erosketa batzuk ere egin ditut. Txipiroi begi-handiak prezio onean, "Natur" oilaskoa ere merketuta... Pozik joan naiz kutxazainarengana, erosketa ona egin dudalakoan.

Ez da Eroskin eskaintzaren bat erosi eta, dendatik alde egin ondoren, ordainagiria errepasatzerakoan, behar baino gehiago kobratu didatela konturatzen naizen lehenengo aldia. Adi-adi egon naiz, beraz, entrekotak ze preziotan kobratuko dizkidaten ikusi arte zain.

Bada ezpada ere, galdetu egin diot kutxazainari:

-Entrekotak prezio erdian aterako zaizkit, ezta?

-Bi baten truke. Garestiena ordaindu eta merkeena oparituko dizugu- erantzun dit neskatoak.

-Baina... sarreran daukazuen kartelak dio kiloa 5,48 euroan kobratuko didazuela. Ez, ordea, fakturan bien artean merkeena deskontatuko didazuela.

-Bada, orain arte halaxe egin dugu. Nahi baduzu, bezeroen arreta zerbitzura joan zaitezke. Hor kanpoan, aurreraxeago.


Argazkiak.org | Eroski, entrekotak eta matematika apur bat © cc-by-sa: xuriken

Esan eta egin. Amorrua eragin dit eskaintza iragartzen duen kartelean zerbait agindu eta errealitatea beste bat dela ohartzeak. Aldea ez zen handia, hartu ditudan bi bandejak antzerako pisua baitzuten. Baina kontua ez da zentimo batzuk aurreztea, publizitate engainagarria onartezina dela baizik.

Arretarako zerbitzuan beste neska batekin hitz egin dut. Saiatu naiz azaltzen, baina ez du ulertu, edo ez du ulertu nahi izan. Eta sail arduradunari deitu dio. Harekin ere arrazoitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa egin zait.

-Ea... sarreran duzuen kartela ez da argia. Bi baten truke jartzen du, baina, halaber, kiloa ze preziotan aterako zaigun ere zehazten du. Eta niri, azkenean, entrekotak ez zaizkit prezio horretan atera...

Honek ere ez zuen ulertzen, edo ez zuen ulertu nahi. Ezetz eta ezetz. Hor bi baten truke jartzen duela, ea Eroskiko ohiko bezeroan naizen eta ba ote dakidan normalean eskaintza hori egiten dutenean prezio baxuena duen produktua deskontatzen dutela.

Eta nik baietz, maiz erosten dudala Eroskin. Baina kontua ez dela hori. Ez dela ze ohitura duten eskaintzak egiterako orduan. Hor kiloari prezio bat jarri diotela, baina sistema horrekin beti garestiagoa aterako dela. Sakelako telefonoa atera eta kalkuluak egin dizkiot. Esan diot nire asmoa ez dela diru hori itzul diezadaten, azken finean ez baita eurora ere iristen. Baina ohartarazi nahi izan ditudala, publizitate engainagarria dela, komunikazio hori nahasgarria dela kontsumitzailearentzat.

-Baina... Bi bandejek ez dute inoiz pisu berbera- esan dit.

-Hori da, bada, gakoa!-erantzun diot.

Berak ezetz eta ezetz, oker nagoela. Ez dudala arrazoirik. Eta nik, tematuta, matematikan finago dabilen arduradunen bat ba ote dagoen galdetu diot. Beste arduradun bati deitu dio orduan. Eta horri ere ulertarazten saiatu naiz. Baina alperrik.

Demagun bi bandeja hartu ditugula. Lehenengoak 1.000 gramoko pisua du (kilo bat), eta bigarrenak 100 gramo. Lehenengoak 10,95 euro balio ditu, eta bigarrenak 1,095. Ordaintzerako orduan bigarrena debalde ematen badidazue, 1.100 gramo entrekot eramango ditut etxera, baina 10,95 euro ordainduko ditut. Beraz, kiloa 9,95 euroan aterako zait, ez 5,48 euroan. Hiruko erregela sinple bat.

Azkenean atsekabetuta joan behar izan naiz etxera. Lau lagunekin hitz egin dut, eta ezinezkoa egin zait bakar bati ere ulertaraztea. Esan didate ohartaraziko dutela beste arduradunen bat. Eta nire buruari galdetu diot: "Eroskiko finantza buruari deituko ote diote txikikeria hau uler dezan?"

Etxera bidean, sakelakoa atera eta kartelari argazkia ateratzea bururatu zait. Eta zinpeko zaintzaileak (kanpotik ekarritako poltsak prezintatzen dituenak) ohartarazi dit ezin dela argazkirik atera. Zorionez, ordurako egina nuen. Espero dut datozen egunotan kartel hori aldatzea eta gauzak behar bezala adieraztea, kontsumitzaileak engainatua sentitu gabe aukera dezan.

Egia da Eroskin salgai dituzten bandejen artean ez zegoela halako diferentziarik pisuari dagokionean. Baina 200 gramoko aldea izanda ere, publizitate hori engainagarria da. Edo, hobe esanda, kartel horretan jartzen duena gezurra da, gezur galanta.

Erantzunak

leire narbaiza
2010-12-14 : 09:53

Horrelako gehiago ere gertatzen dira, Haritz. Esate baterako, okela produktuekin kaduzitatea gertu dutenean, askotan jartzen dute pegatina bat "2 6 euroren truke, adibidez. Baina, bigarren hori ez dago, beste ontziak prezio arruntean daude, eta hartuz gero, biak prezio originalean kobratzen dituzte. Beraz, ontzi kopurua bakoitia bada, ontzi batek ez dauka ofertarik.

Horrelako gauzak ez dituzte batere zaintzen!

Beñat
2010-12-14 : 11:36

Nire ustez bi aukera daude:



1.- Denek hasieratik ulertu dizute baina jendea etsiarazteko oso entrenatuta daude (zalantzan jartzen dut)



2.-Inutil hutsak dira denak, eskaintza sortu duena izan ezik, azken hau oso argia baita, baina berarengana ez zara inoiz iritsiko.



Zorionak, hala ere, zure kemenarengatik!

Haritz Rodriguez
2010-12-14 : 11:37

Amak kontatu didanez badute beste iruzurtxo bat egiteko ohitura ere.



Maiz produktuen "eskaintzak" egiten omen dituzte, seinaletika deigarriz lagunduak. Baina eskaintzarik gabeko prezioarekin alderatuta, zentimo bateko diferentzia izaten ei da soilik askotan.



Alegia, atzo 2,51 euroan zegoena, gaur 2,50 euroan. Hori bai, su artifizialez lagunduta...



assar
2010-12-14 : 12:11

"Eroskiko arraina eta haragia ez ditut gehiegi estimatzen, baina aitortu behar dut entrekot horiek erosi ohi ditudala, primerakoak iruditzen zaizkidalako."


"Beste erosketa batzuk ere egin ditut. Txipiroi begi-handiak prezio onean, "Natur" oilaskoa ere merketuta..."


Ba argi dago, proteina gehiegi eta barazki gutxiegi jaten duzula, zure dieta orekatu beharko zenuke apur bat.


Nire irizpideak erosketak egiteko orduan:
- bertako produktuak erostea
- bidezko merkataritzakoak erostea
- auzoko dendetan erosi


Luistxo Fernandez
2010-12-14 : 12:38

Arazo matematikoak beste saltoki ghandi batean aurkitu dut nik duela gutxi. Baina kontuak, kasu honetan, neure aldekoak irten ziren,


El Corte Inglesen Eibarren, platerak 6 euroan, %60ko
beherapenarekin. Ba, pagatzeko orduan, bi euro ziren bakoitza! Nik ez
nuen protestatu, eta hiru plater ekarri nituen etxera ;-)


Leire Narbaizaren kasua ez dut ondo ulertu.


haritz rodriguez
2010-12-14 : 12:52

@asier XD Litekeena da bai, ni proteina zale xamarra izatea, baina ez da hori erosi nuen gauza bakarra.



Porruak, piperrak, fruta eta bestelakoak ere erosi nituen. Eta ikusi beharko zenuke edo, hobe, dastatu, zein txipi onak atera zitzaizkidan.



Bertako produkturn inguruan. Bada, zer nahi duzu esatea, iruditzen zait mito asko ere badagoela. Bertakoa ez da beti onaren sinonimo. Mugikorretik ari naiz eta ezin gehiegi luzatu orain. Baina hor ere bada zer eztabaidatu.



Eta bai, eguneroko lanak eta sakelak uzten didatenean, niri ere gustatzen zait Bretxako baserritarrengana joatea. Baina ezin beti joan.



@luistxo Ez nekien Eibarko Corte Inglesak pazifistak zirenik. Supermerkatu Ghandi? :p

josu
2010-12-14 : 14:46

Bi paketeek pisu bera badute, orduan bai, 5,48 euro, ez?


Edorta
2010-12-14 : 15:59

Oparoa gaia.

Hasteko, banatzaileak dira egun diru gehien irabazten dutenak, asko arriskatu gabe: gure dirua eta ekoizlearen produktua, biak, dauzkate batera. Hori ez omen da delitua.

Eroski ez da zintzoa izan askotan. Beti espainolez, noski, etiketan "txipiroiak" ezarri eta, "osagaiak" irakurtzean, "txokoa"; "txorizo etxekoa" iragarri eta, osagaien zerrendara begiratuta, etxean ez dira kabitzen hainbeste "E"; arrainaren tamainarekin jokatzen du, prezio handiagoa kobratzeko; kutxen ondo-ondoan kontsumo-merkatuaren gutiziak (koka kolak, txikleak...) jartzen dizkizu, ilaran asper-asper eginda zaudela eros ditzazun... Nik uste dut hogeiren bat iruzur atera genezakeela.

Hitz gutxitan, euskaldunon militantziari esker forratu eta Espainia aldera hedatu da.

"Bidezko merkataritza" aferakoei orain hogeitxo bat urte norbaitek egin zien produktu guztien katalogoen eta etiketen itzulpena debalde baina oraindik ere (Orio, 2010 abenduaren 7an adibidez) dena espainol hutsez agertzen dute. Bidegabekeria batzuk ez omen zaizkie interesatzen.

Onena agian ez da izango bertakoa, konforme. Baina badakizu nork ekoitzi duen, noiz, nola... Eta Thailandiatik edo Almeriatik ekartzen dutenaz, ez jakin eta ez jakingo. Bertakoak denbora asko ez du egin bidaian, gasoil asko ez du gastatu, IVA asko ez ditu ordaindu... Eta diru beltz bihurtzekotan, Euskal Herrian geratuko da. Dena den, artzain, nekazari edo abeltzain horrek, bihar ere saldu nahi badizu, fin ibili beharko du. Banatzaile handiek klientela zabala eta, horrek nahi bezala ez erantzutekotan, bezero berriak arrimatzeko telebistan iragarkiak egingo dituzte, diru asko baitute, batzuetan hemengo herri-diruetatik aterata.

Leire Narbaizak adierazitakoa interpretatuz, bikotekako eskaintzak funtzionatzen du bikotekidea baldin badago, bestela ez. Areago, batzuetan (nahi izan gabe sinetsiko dugu) artikuluak "gaizki" jarri eta, ez duzu asmatzen bigarrena hartzean. Kutxan gauzak bertan uzteak lotsa ematen dio jende askori.

Hor bizi gara... Estatu pikaresko horren erraiak ongi ezagutzen dituztenek zukuak erauzten dizkigute. Zuku asko, urtearen buruan.

Zorionak usurbildarrei "Urbil baino hurbilago" mugimendua sortzearren, bide batez.

Larremotx
2010-12-14 : 16:44

Entrekota kiloa 5´48 eurotan erosteko prest al zeunden? Ba al dakizu zenbat kostatzen den Euskal Herriko baserrietan haragi kilo bat ekoiztea?

Gero ez harritu Ertzaintzaren kontrol batean postibo ematen baduzu, Contadorri horrelakoa gertatu omen zitzaion eta...

haritz rodriguez
2010-12-14 : 16:55

Ba ez, ez dakit zenbat balio duen EHko baserri batean behi haragi kilo bat ekoizteak. Eta ez dakit Eroskiko haragi hori Euskal Herrikoa ote den ere (begiratu nuen, baina ez nuen jatorriaren inguruko informaziorik topatu)...



Eta zuk, ba al dakizu zuk niri zenbat kostatzen zaidan kilo bat haragi erosteko dirua lanaren bitartez irabaztea? Bai, prezio horretan erosteko prest nengoen.



Bestalde, nekez emango dut nik positibo ertzaintzaren kontrol batean, bizikleta gidariei kontrolak egiten ez dizkieten bitartean. Ez baitut, oraino, ez auto ez motorik gidatzen.



Zuk bai? Gidatzen duzu? Nahi duzu eztabaidatu petrolioaren erosketak mundu honetan dituen eraginez?

Larremotx
2010-12-14 : 19:25

Badirudi haserretu zarela, Haritz. Ez zen hori nire asmoa, irratian bezala hemen ere ironia ez da ulertzen.


Inork haragia ekoiztea zenbat kostatzen den jakin nahi badu 2009 urtean Gipuzkoako 29 baserrietako datuekin osatutako Lurgintza kudeaketa zentruaren txostena kontsultatu dezake.


Txosten horretan ikusten denez txekor haragia ekoizteko 2,10 € behar dira kanaleko kilo bakoitzeko ,baserritarraren eskulana kontuan hartu gabe. Kanalaren parterik handiena ez da entrekota, baizik eta hezurra.


Ni ez naiz zurekin haserretu, Haritz. Baditut haserretzeko beste motibo batzuk, esaterako:


-2009tik 2010era haziendei eman beharreko pentsua %30 garestitzea.


-Gure baserrietan ekoiztutako txekorrak saltzeko dauden arazoak, inork ez ditu erosi nahi, kanpoko haragiz josita baitago merkatua.


Contadorrek ez zuen kotxean eman positiboa, baizik eta bizikletan zebilelako. Bere aitzakia, Irunen erositako azpizuna janda iritsi zela klenbuterola bere odolera. Okerrena ez zen bere aitzakia izan, baizik eta Patxi Lópezek Contadorren hitzei sinesgarritasuna eman izana. Zein ondorio atera behar dugu, autonomi erkidegoan jatorri ezezaguneko, eta klenbuterolez tratatutako haragia saltzen dela? Beraz, non daude kontsumo kontrolak?


haritz rodriguez
2010-12-14 : 22:05

Ez zaitez nahastu, Larremotx, ni ere ez bainaiz haserretu. Ironiaz hitz egin didazu (idatzi) eta nik ironiaz erantzun.



Ulertu dut zure ironia, baita zure arrazoiak ere. Ulertzen ditut okel ekoizleek, esne ekoizleek eta abar dituzten arazoak. Eta badakit bitartekariek zenbat kalte egiten duten elikagaien ekoizpenean, nola literaturan edo beste sektore batzuetan.



Adierazi nahi izan dudana da, ordea, mundu petral honetan kontraesanez beteta bizi garela etengabe. Ni bai, noski, baina baita zu ere.



Kontsumitzaileak badu horretan ardura, baina ez da arduradun nagusia. Aipatu duzun arazoa zuzenean eragiten dutenei helarazi iezazkiozu kritikak, ez soldata xume batekin egunero jan beharra duen pertsona bati, bere jarduna kontraesankorra izanda ere. Kontsumitzailea ez da eta arduradun nagusia. Izatekotan, baserritarra bezala, biktima izango da.



Agian Cantonak esan dituenei kasu egin, eta geure diru guztia bankuetatik ateratzen hasi beharko ginateke. Nik lan gutxi izango nuke, ez baitut apenas ezer bankuan eta.



Eta bai, Contadorri bizikletan ibiltzen delako egiten dizkiote kontrolak. Baina nik oraindik ez dut Tourrera joateko erabakia hartu. Zahar xamarra naiz horretarako. ;)



Ondo izan.

oier gorosabel
2010-12-15 : 00:27

Zure entrekoten antzerako gauzia gertatzen da "Boffard" ardi-gaztai asturianuakin, bi erosi ezkero prezio erdixan urtetzen jatsula diñue... baiña ez da hola. Hiru aldiz jan neban amua (Boffard gaztaiori asko gustatzen jata) baiña hirugarrenian, moska, kalkuladoria hartu neban eta iruzurrakin konturatu.

Haritz Rodriguez
2010-12-15 : 10:28

Aupa Oier. Galdera bat, saltoki berberean gertatu izan zaizu gaztarena?



Izan ere haiek esandakoaren arabera, bezeroek oso argi ei dute horrelako eskaintzak egiten dituztenean zein den deskontu sistema. Baina, hala bada, ez naiz hain argi ez duen bakarra, antza.



Portzirto, deskontua aipatu dudanez, Deskontu.com webgunean bai dagoela argi deskontua zenbatekoa den. Ez da hain zaila, gaur saltzen dituzten gaztainekin bezala: Prezioa 3 €, deskontua %40ekoa, 2 € aurrezten dira. Hiru datu, garbi-garbi.



Bestalde, gaiari helduz, uste dut artikulu honetan adierazi nahi izan denaren gakoa desbideratu egin dela apur bat eztabaidan.



Aipatu diren beste gaiak oso interesgarriak dira, noski. Eta merezi dute eztabaidagai izatea, zalantzarik gabe.



Baina hemen gakoa beste bat da. Publizitate engainagarria onartezina da. Praktika oso itsusia eta ilegala da. Ni zintzo-zintzo eta beren hobebeharrez joan nintzaien azaltzera, nahita egin ez zutelakoan. Eta eskertuko nuke argibideren bat Eroskiren aldetik.



Besterik ez.

oier narbaiza
2010-12-15 : 14:21

Eroskiren komunikazioa eskasa izango da, eta nahi duzuen guztia, baina Eroskik egiten duenari dumping esaten zaio, produkzio kostuen azpitik saltzen baititu produktu jakin batzuk. Larremotxek azaldu duen moduan, hemengo abeltzainak ezin dira prezio horietan sartu. Matematika kontua da.



Saltoki horiek erreklamo gisa erabiltzen dituzte estrategi horiek. Eskaintza deigarrien bidez, kontsumitzaileek beste produktu batzuk erostea lortzen dute. Olioaren eta esnearen kasuetan nabarmen-nabarmena da. Orain gutxi, Santanderren, Mercadona efektuari aurre egiteko edo, Galiziako Muuu esnea saltzen jardun du Eroskik 0,45 eurotan, baina 3x2 eskaintzaren bidez 0,30 eurotan eskura zitekeen!!! Nola bada? Esnea ekoizten dutenei, gutxi gorabehera, 0,30 euro ordaintzen diete, barren! Eta prezio horretan ordainduta ere, abeltzainek produkzio gastuei ezin aurre egin. Lurgintzako datuen arabera, esnea ekoizten duen baserri bakoitzeko sarrerak, batez beste, 46.600 euro jaitsi ziren 2009an. Beste modu batez esanda: baserritarren lan ordua laster txinatarrenaren pare.



Inork ez dugu nahi esplota gaitzaten. Marketing estrategia hauek kontsumitzaileak erakarriko dituzte, baina nekazaritzari, abeltzaintzari, hemengo ekonomiari eta baserritarren bizi-kalitateari ez diete inolako mesederik egiten.

Ramon
2010-12-15 : 15:35

- Prezioa 3 Euro, deskontua%40=1,2 aurrezten da.Azken prezioa 1,8.

Lox
2010-12-15 : 16:54

Ramon, hasierako prezioa 5€ bada, eta deskontua %40, 2€ aurrezten dira eta bukaerako prezioa 3€ da.

Ramon
2010-12-15 : 18:58

- NIk gaztainen adibidea hartu duk komentarioa egiteko, eta Haritzen arabera, hasierako prezioa 3Ekoa zen, ez 5.Baina dena dela onartu beharko dugu esnearen prezioa Eroskin, baserrian baino merkeagoa bada...Eroskik mesede bat egiten dio bere bezeroari. Eta beste ondorio bat ordaintzen ari dira kostatzen den baino askoz ere gutxiago. Funtsean galderatxo bat: Oparotasunean bizi gara, Marx eta gainetikuek asmatutako gizarte perfektuan?Ez zen hau XX. mendeko obrerista, sindikalista, anarkista,sozialista, izkierdista eta beste askok eta askok amestutako oparotasunaren gizartea?Eta benetako programa politikoak ez dira izango saltoki handietako katalogoak?

Haritz Rodriguez
2010-12-15 : 21:16

Ramon, nik inon ez dut esan hasierako prezioa 3 eurokoa zenik, beraz, es asmatu esan ez denik.

Egia da, hala ere, agian ez dudala ondo adierazi. Gaztainen jatorrizko prezioa 5 eurokoa da, finala da 3 eurokoa, eta 2 euro aurrezten dira. Deskontua %40ekoa. Webgunera sartu besterik ez duzu egin behar nola azaltzen duten ikusteko. Niri behintzat horkoa nahiko modu argia iruditzen zait.

oier gorosabel
2010-12-15 : 23:49

Bai Haritz, leku berian gertatu jatak Boffard gaztaiana: Lekeitioko goiko Eroskixan, nere etxepekuan.



Eta ez, bezeruak ez dake bape argi supermerkauan egitten dirazen ofertak benetakuak edo engainagarrixak dirazen. Hara ardixen modura juaten gara; adarra ez jotzeko modu bakarra kalkuladoria eskutan erabiltzia danez, eta eurak badakixenez ez garala hala ibilliko...

Erantzun

Sartu