Teknologia albisteak
2

Euskaraz, haserretu gabe

Erabiltzailearen aurpegia
EMUN
2010-12-05 : 18:12

Harreragileei eta euskara hutsean bizi nahi dutenei zuzendutako liburuxka bana aurkeztu ditu EMUNek:

  • Zer egin...? Euskaraz egiterakoan egunero sortzen zaizkigun egoerei aurre egiteko lagungarriak
  • Hizkuntza harrerarako gidaliburu praktikoa.

"Euskaraz bizitzea erronka da". Hala esan du Eider Alustiza EMUN lana euskalduntzeko kooperatibako teknikariak Zer egin...? eta Hizkuntza arretarako gidaliburu praktikoa liburuxken aurkezpenean.

"Egunero euskara hutsean bizi nahi duenak egunero izango du hizkuntzari lotutako gatazkaren bat", gaineratu du; izan ere, denok entzun dugu noiz edo noiz euskara inposatu egiten dela, gaztelaniaz hitz egiteko hori delako guztiok ulertzen duguna etab. Orain, EMUNek aurkeztu berri duen Zer egin...? liburuxkarekin, errazago aurre egingo diegu halako gatazkei.

Askotan, tentsio uneak sortzen dira hizkuntza gatazketan, baina Katalunian halako egoeretatik lasaiago alde egiten ikasteko teknikak latzen ari dira aspalditik. Horren adibide dira Valentzian sortutako TELP tailerrak, esate baterako. Euskal Herrian, EMUNek ematen ditu TELP tailerrak eta gaur aurkeztu duen liburuxka hau, tailer horietan banatzeko asmoa du. Berez, Katalunian egindako liburua bada ere, itzulpena baino gehiago egin dutela azaldu du Alustizak. “Katalunian ikusi genuen Plataforma per la Llenguak egindako liburuxka, eta pentsatu genuen han balio badu, hemen ere balioko duela. Hala ere, euskararen egoera eta Katalanarena ez dira berdinak, eta itzuli baino gehiago, egokitu egin dugu liburuxka”, esan du. Imanol Larrea Mendizabalek egin ditu egokitzapen lanak. Hizkuntza eskubideen gaineko informazioa eta kexak bideratzeko moduak ere azaltzen ditu liburuxkak.

Plataforma per la Llenguak 17 urte inguru daramatza hizkuntzaren alde lanean, eta Daniel Mundet plataformako kidearen arabera, katalanezko bertsioaren 115.000 kopia daude argitaratuta: “liburuxka egokitu egin genuen katalana erabiltzen den esparru geografiko bakoitzerako: Valentzia, Balear uharteak, Katalunia eta iparraldeko Katalunia. Orain, oso pozik gaude, euskaraz argitaratu delako, eta Euskal Herrian erabiltzeko modua iritzi diozuelako”. Liburuxkak egunero sortu daitezkeen arazoak konpontzeko aholkuak ematen ditu. Egoera horiek, itxuraz sinpleak diren arren, korapilatu egiten dira askotan. “Askotan agertzen diren galderen erantzunak dira. Zer egin dezaket nik baten batek Katalana inposatu egiten dugula esaten badit? Halakoei atsegin erantzuteko bideak daude liburuxkan, tentsiorik sortu gabe”.

Mundeten arabera, liburuxka hau, didaktikoa, pedagogikoa eta argia da. “Jendea animatu nahi dugu inertziak apurtzera, naturaltasunez”, azpimarratu du Mundetek. Haren ustez, urteetan zehar izandako inposaketen ondorioz, inertzia batzuk hartzen dira eta ez da jakiten horiek nola apurtu. Gida honek horretarako bidea ere eman nahi du, bai Katalunian eta bai Euskal Herrian ere.

Harreragileentzako gidaliburua

Aipatutako liburuxkan hizkuntza biko komunitateetan izaten diren aferak azaltzen dira, baina paisaiak zeharo aldatu zaizkigu. Gaur egun, dozenaka hizkuntza entzuten dira Euskal Herriko kaleetan, eta gehiago Kataluniakoetan. Beraz, beste bide batzuk eta jarrera batzuk aztertzeko beharra ere, ikusi dute Plataforma per la llengua eta EMUNekoek: Hizkuntza harrerarako gidaliburu praktikoa. Mundeten arabera, estrategikoa da liburuxka hori: “demografia aldatu egin da, eta horrek panorama aldatu du. Gizarte integratzaileago bat eraikitzeko pautak jarri nahi izan ditugu liburuxka honekin”. Alustizak gaineratu duenez, “ Euskal Herrian ere atzerritarrak egon badaude, eta hizkuntzak era kontzientean kudeatu behar dira”.

Biak ala biak etorri dira bat Katalana eta Euskara batzeko aitzakia paregabea direla esaterakoan. Mundeten berbetan, “hizkuntza ez da barrera: aukera da. Katalana gizartean parte hartzeko tresna bat da, eta aukera berdintasunetik abiatuta, bestelako gizartea eraiki daiteke”. Material gehiago prestatzen ari diren arren, katalanez bizi direnei zuzenduta ere badago honako material hau, “parte hartze aktiboa bultzatu nahi dugu”.

Alustizak gero eta gizarte konplexuagoa ikusten du, eta argi dauka “horren kudeaketa ez dagoela irakasle eta eskolen esku bakarrik”. Gidaliburuan hizkuntza aipatu arren, immigrazioak “gizarteko esparru askotan eragingo du”, eta horregatik egin du EMUNek immigrazio plana. Dani Larrea EMUNeko zuzendaria ere aurkezpenean izan da, eta immigrazio planaren garrantzia aipatu du. Aldatzen ari den gizarteari aurrea hartu eta bidea eman behar zaiolako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Saileko zuzendari Estibalitz Alkorta eta Imanol Miner ere izan dira aurkezpenean. Arabako Foru Aldundiko lagunek ezin izan dute parte hartu. Hiru instituzioak izan dira liburuxken argitalpenean laguntzaile. Minerrek esan duenez, “euskararen kultur tradizioan osasuna integritatearekin lotzen da, eta euskal hiztun batzuk osasunez eskas dabiltza. Horrek gainera, neurriz kanpoko egoerak sortzen ditu, eta liburuxka hauetan portaera arduratsuak eta helduak nola bideratu erakutsi digute. Hori elkarbizitzarako ona delako”, iruditzen zaio Gipuzkoako Kutxari proiektu interesgarria liburuxkek proposatzen dutena.

Alkortaren berbetan, “administrazioaren zeregina da hiritarrei nahi duten hizkuntza horretan hitz egiteko aukerak jartzea”, eta horregatik agertu dira pozik aurkezpenean. “Liburuxka hauek euskaraz aritu nahi dutenei jokaera egokiak erakusteaz gain, baliabideak ematen dizkie etorri berriekin lanean ari direnentzat”. Ari horretan, Udalekinen barruan, programa bat garatzen ari direla ere esan du.

Erantzunak

txerra
2010-12-06 : 16:28

Bi liburuxka horiek sarean daude eskegita:


ederto
2010-12-12 : 23:31

Eskerrik Asko #1!! Liburuxkak bilatu nahian nebilen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago