Teknologia albisteak
12

Dress code euskaldunak, Euskadi Sarietan adibidez

Erabiltzailearen aurpegia
Elena Laka
2010-11-24 : 10:11

Herri honetan badakigu zer jantzi jendaurrean agertzeko. Alegia, euskaldunok ere badaukagula gure dress code propioa plazan agertzeko orduan. Baita euskal idazleak Euskadi Sarietan ere, moda eta modu jakin bati jarraituz.

Bai, badakigu publikoki janzten. Badakigu, adibidez, errepresioaren berri emateko prentsaurreko batean mendiko janzkerak ez duela gaizki ematen, edo gizon politikariekin igande batean elkartuta, alkandora hutsa dela araua. Badakigu baita ere ezin dela janzki kode bera aplikatu Donostian edo Bilbon. Eta baita ere jendaurrean agertzeko orduan, iparraldeko euskaldunek eta hegoaldekoek koloreetan joera desberdinak izan ditzaketela.

Adibideak:

Donostia vs. Bilbo

 
Jatorria: Paisvasco-Informacio.com / Yahoo Noticias / EP

Iparraldeko koloreak vs. Hegoaldeko koloreak


Promoziokoa: Bertsozale Elkartea

Euskaldunok jendaurreko janzkera kode propioaren jabe izanda, itxura anitza eta desberdina ere izan dezakegu. Horrela bakarrik azaldu daiteke Euskadi Sarietan ikusi genuen janzkeren eta irudien aniztasuna, edo hobe esanda, janzki norberetasuna.

Sariak banatzeko ekitaldian oholtzaratu ziren bederatzi lagunen artean, agintari eta saritu, ez zegoen inongo janzki kidetasunik. Bakoitzak bere estiloa aukeratu zuen, oso pentsatua ziur asko, ez da bat alperrik Euskadiko ordezkari, ez du batek alperrik sari bat egunero jasotzen.


Argazkiak.org | Euskadi Sariak 2010 © cc-by-sa: Irekia / Eusko Jaurlaritza | Handiago hemen

Zalantzarik ez, agertokian azaldutakoek ekitaldirako propio aukeratu zuten janzkiaren bitartez eurei eta ekitaldiari buruz zerbait adierazi nahi izan zuten (parentesi artean, argazkiko kokapen postua, ezkerretik kontatzen hasita):

  • Patxi Lopez (5): irudi hiper instituzionala, traje urdina iluna, gorbata urdin iluna, beste behin ere etxeko marka bihurtzen ari denarekin: gorbataren lotura ez-perfektua, gorbata erdiratu gabea.
  • Blanca Urgell (4): irakaskuntza mundutik, letra fakultatetik datorren irudi instituzionala, jaka baztertuta, artilezko txaketak etxekotuta.
  • Miguel Sánchez-Ostiz (9): okasioetako traje iluna eta gorbata gorria, trajea erabiltzeko ohitura dutenen solturarekin eramanda.
  • Jesus Mari Mendizabal Bizargorri (8): txaleko klasikoa, euskal jaun tradiziyodunaren dotoreziya, azkenaldian Natxo de Feliperi baino ikusten ez geniona.
  • Joxe Azurmendiren ordez (7) saria jaso zuena (barka izenik ez jakitea): herria.
  • Patxi Zubizarreta (6): jaka amerikarrarekin konbinatutako alkandora ilunak ematen duten itxura moderno katalan erakoa .Dotorea, ez formalegia.
  • Jokin Mitxelena (3): zeremoniara zeremonietara joan behar den moduan. Bizitzan noizen behin gertatzen diren ospakizunetarako jantzita, disdiratsu, dotoretasuna modernotasunarekin uztartuz.
  • Jose Fernández de la Sota (2): Bilbokoa estilo klasikoa, aldi berean klasiko eta erabilgarri. Traje piezak gero ere banaka erabil daitezke: prakak beste kazadora batekin, jaka baita praka bakeroekin ere, eta oinetakoak, ia erropa guztiarekin.
  • Fermin Etxegoien (1): ez gorbatarik, ez jakarik, ez txalekorik, eta kolore puntua jarrita. Alkandora hutsa eta gorria. Eta nabarmen zimurtua, prakak bezala. Pentsa zitekeen sari banaketak lanean harrapatu zuela, eta azken unean soilik ez zela akordatu saria jasotzera joan behar zuenik. Bere itxurari erreparatzerakoan, ikuslea Elias Aldasoro Autokarabanako protagonistaz oroitu zen. Hobe esanda, protagonistaren amaren irudia etorri zitzaion burura: Oñati nobleko señora, etxeko pago-egurrezko altzaridun jangelan eserita, atsekabetuta, altzoan daukan Fagor kooperatiban fabrikatutako lisaburdina ferekatzen. Bitartean, Irantzu neskalaguna, euskara teknikaria, bazter batetik irribarre egiten.


Argazkiak.org | Fermin Etxegoien © cc-by: Irekia / Eusko Jaurlaritza

Zorionak saritu guztiei!

Erantzunak

xme
2010-11-24 : 11:16

Zorionak artikulua idatzi duenari: ederra. Xehetasun bat, hala ere:



Joxe Azurmendiren saria "herriak" jaso zuela esatea gustatuko zitzaion sarituari ere, baina agian zehaztapen bat merezi du: Joxe Azurmendiren anaia Joxemarik jaso zuen saria. Izenen antza bitxia da, garai bateko familia ugarietan Joxantonio, Joxemiel, Joxefermin eta halakoak izaten zirenekoa, baina Joxemari Azurmendi ez da ezezaguna euskal letretan: besteak beste, berak euskaratuak dira "Asterix"en abentura gehienak.

Luistxo Fernandez
2010-11-24 : 12:15

Joxemari Azurmendik antza du bai, Joxe Azurmendirena, eta janzkeran ere ondo imitatu zuela esango nuke, ez dakit Herria baina bai behintzat anaia.


Fermin Etxegoien
2010-11-24 : 12:20

Egunon; nire itxurari dagokionez, Elenak idatzitakoa hitzez hitz onartzea besterik ez zait gelditzen. Asmatu duzu, Elena, baita lisaburdinaren markarekin ere.



Halere ez nuen bigarren kolpe latz hau orain espero, sariaren egunetik astebete igaro eta gero. Bigarrena diot, lehena amak berak eman zidalako sariaren egunean, a ze disgustua zeukan Oñatiko señorak.



Eta banekien "ama-bokazioa" urbi et orbi zabaldu ohi dela euskal unibersoan, baina ez nintzen konturatzen amaren errieta orain eremu birtualetik ere etor daitekeela.



Kolpe latza eta merezia, aitor dut (eta gehien mintzen nauena; alkondara Manchester hiriko outlet batean erosita dago -printzipioz, supercool-, baina aizkolari-kamarero bat ematen dut, edo nik zer dakita).



Mila infernu ta deabru.

Josu Mendicute
2010-11-24 : 13:06

Badakigu, adibidez, errepresioaren berri emateko prentsaurreko batean mendiko janzkerak ez duela gaizki ematen, edo gizon politikariekin igande batean elkartuta, alkandora hutsa dela araua

Hori da betikoa, bai. Hori da batak eta besteak duten dress code-a, baina uste dut horiekin jarraituz ez goazela inora. Esan nuen zentzu horretan uste dudana Manifestazioetarako lookaz aritu ginenean


Hala ere dress code horietan badaude puntu amankomunak. Egunkaria auzian auzipetutako batek eta Christian rock estiloan Navidad en Navarra kantatzen duen unibertsitate ikasle batek bufanda berdina erabiltzea horren lekuko argia delakoan nago.


Errepresioaren aurkako prentsaurreko batean edo Nafarroako ikasle talde horretan ez bezala, Euskadi Sarietan ez dut dress code unifikatu hori ikusten, eta hori ez da oso normala gure herrian; izan ere oso desberdin jantziko dute Odon eta Azkunak, baina biak elkarrekin egongo badira dress code bateratu batetik gertuago daude.


J.oserra E.
2010-11-24 : 13:20

Ezkertzekoa da Sustatu.com-ek egunero-egunero lortzen duen oihartzuna eta gai honen inguruan gertatu den bezala pertsona baten aipamena egiten denean, interesatuak berak erantzutea.

Asko gara Sustaturen egunerokotasuna jarraitzen dugunok eta euskal gaien inguruko informazioa -era guztietakoa, jakina- haren bidez jasotzen dugunok. Mila esker, eta segi horrela.

J.oserra E.
2010-11-24 : 13:24

Barka ortografiazko akatsa.

"Eskertzekoa" zela esan nahi nuen, baina ezkerreko joera nagusitu zait eta "ezkertzekoa" atera zait.

xme
2010-11-24 : 13:47

Beste xehetasun bat ere bada, alde batera utzi behar ez litzatekeena: Jokin Mitxelenaren looka, edo itxura, edo piura.



Nor ikusi da gure herrian ttattarra jantzita? Txomin Peillen; baina noski, hura xiberotarra zen, eta gainera Parisen jaioa. Amatiñok ere bai noizbait, euskaldun burgesaren errebindikazio moduan edo, baina arrakasta handirik gabe, nolanahi ere.



Eta orain, zer eta berrogeita piko urteko oiartzuar bat alkandora lila eta kolore bereko pajaritarekin? Alemanian hamabost urte baino gehiago eramatea izan liteke horren azalpen edo aitzakia logiko bakarra.

leire narbaiza
2010-11-24 : 13:59

Oso azterketa ona, Elena! Gauza guztiekin ez nator bat, baina asko gustatu zait artikulua.



Etxegoieni esan nahiko nioke Adolfo Dominguezek kalte handia egin zigula "La arruga es bella" (zimurra ederra da) esloganarekin! Ni ere lisaburdinaren gorrotatzaileen klubekoa naiz (Facebooken talde bat sortzekotan nago), baina aitortu behar dut ama begirada hori kutsatu zaidala, eta hainbat arropa plantxatu egin behar direla, gehien bat publikoan agertzeko. Gogorra da, baina...Hala ere, alkandora eta prakak niri asko gustatu zitzaizkidan, batez ere, prakak.



Zorionak, liburua oso ederra da-eta!

manu
2010-11-24 : 15:11

Gure lagun bat ere Alemanian bizi da eta momentuz ez du pajaritarik jantzi...

Etxegoienen zimurrak, berriz, ez zaizkit aipatzeko modukoak iruditzen, ederto doa morroia. Pena Ostiz ikustean, ez nuke esango pinguino jantzita agertuko zenik.



Eta dress code dela eta, badirudi enegarren mailegua

hartu behar dugula premia barik, nahiko txepel diren champions ligue, prime time eta abarrekin nahikoa izango ez bagenu bezala. Ah, eta ingelesa biziki maite dut



Elena
2010-11-24 : 17:14

Eskerrik asko erantzuna eman duzuenoi parte hartzeagatik.

Batez ere Fermin Etxegoieni, post honen oinarrian dagoen inspirazioa izan baitzen. Arrazoi du ziur asko ama-bokazioa zabalduta dagoela esaten duenean, hala ere, bokazio hori ere izan daiteke ingurura begiratze soil bat: begiratu eta konturatu irudi bakoitzaren atzean zer dagoen. Baina ez da errieta, inondik inora.



Ttattarra beste euskaldun bati ere ikusi izan diogu, ez dakit Parisen bizi izan zelako, burgesaren erreibindikazioa egiten duelako ala zergatik: Jose Luis Elorzari sozialistari.

ikeler
2010-11-24 : 19:26

Noiz ausartuko da jendea horrelakoetara biluzik joaten? Horrelako batean niri korbata eramatea eskatuko balidate, bukaerako buztana baino ezingo lukete ikusi! Jende honek egiten duen exibizionismo erakustaldia berdintzearren ari naiz, kontuz! Ez pentsa hain baldarra naizenik.

Joseba E.
2010-11-25 : 10:21

Eta non geratzen da estiloa? Estiloa marka pertsonala bezala ulertua esan nahi dut, eta ez estereotipo baten modura. Adibidez, zer dira Fito Cabrales edo Tom Waits sonbreirua ez badute soinean? Eta Ruper Ordorika edo Elvis Costello (bideoan azaltzen dena) betaurrekorik gabe?



Dress code guztien gainetik, janzkerak ikutu pertsonal bat izan behar duela beti iruditzen zait, zerbait ezberdina.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago