Teknologia albisteak
2

“Media in Basque”

Erabiltzailearen aurpegia
Edorta arana
2010-11-15 : 10:11

Euskal Herriko hedabideak eta, bereziki, euskaraz aritzen direnen egoera aztertzen duen liburua kalean da, lau hizkuntzetan eta saretik doan eskuratzeko moduan.Euskal Herriko Unibertsitateko eta UEUko irakasleak diren Edorta Aranak, Josu Amezagak eta Patxi Azpillagak eremu honetan zegoen hutsunea ikusita, testu erraz bezain erabilgarri bat prestatu dute, euskaraz, ingeleraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

NOR ikerketa taldeko kideak diren hiru irakasleek euskararen egoera nolakoa den azaltzen dute lehen zatian. Bigarrenean, berriz, hedabide desberdinen errepasua egiten da, testuingurua eta datu zehatzak eskainiz.

Irrati-telebistaren kasuan, bi estatuen ikuspegi zentralista eta hizkuntza bakarrerako joera garbia aipatzen dira eta ondorioz historikoki noraino euskara baztertua izan den. Esaterako, 1956tik aurrera Amerikako Estatu Batuetatik emititzen zuen Radio Euzkadik zeukan programa eta frankismoaren urterik gogorrenetan elizako irratien emankizun apurrak izan ziren salbuespen bakarrak.

Hizkuntzari dagokionez, telebistaren egoera ez zen oso bestelakoa izan, urte luzez. France Region 3k egiten zuen “Euskal Herri” ala TVEk Bilbotik emititzen zuen “Telenorteren” albistegien laburpenak ziren euskarari eskainitako leiho estuak.

EITBren jaiotzak ekarri zuen euskara ikus-entzunezkoen mundura sartu izana. Hori gertatu zenetik 30 urte betetzear direnean, oso aldatua dago panorama mediatikoa. Tokiko telebistak, interneten bultzakada eta oro har aldakorra suertatzen den munduan bizi gara.

Eszenatoki berri honetan, EITB taldeko hedabideen zeregina oso garrantzitsua izaten jarraitzen du.

Irratiaren eta telebistaren audientziari dagokionez, argi eta garbi ikusten da erdarazko kanalak eta emandegiak direla arrakasta gehien eskuratzen dutenak. Tele 5, TVE1 eta TF1 dira ikus-entzule gehien biltzen dituztenak. Euskaraz aritzen diren kanalen merkatu kuota oso txikia da, tokian tokiko salbuespenak salbu.

Argitalpen industriari begiratu bat eginez, gaztelaniaren eta frantsesaren indarra oso nabarmena dela ikusten da. Bi hizkuntza horiek duten indarra eta nazioarteko merkatuan daukaten proiekzioak txiki uzten du euskararena. Hala ere, industria zatikatua den arren liburugintzarena, bi mila liburutik gora kaleratzen dira euskaraz urtero.

EHUko Eleaniztasunerako Errektoreordetzak lagunduta kalea ikusi duen “Media in Basque” liburuaren beste kapitulu batean euskarazko zinemagintzaren errepasu laburra egiten da eta bertan nabarian geratzen da euskararen ahulezia industria honetan. Egia da azken urteotan filmak euskaraz egiteko baldintza hobeak sortu direla eta dagoeneko urtez urteko zine produkzio erregularra dagoela euskaraz, baina erakusketan ez da oraindik asmatu euskarari leku duina ziurtatuko dion ereduarekin.

Saretik doan eskuratu daitekeen liburu honetan beraz, euskarazko hedabideen egungo egoera nolako den deskribatzen da. Ikuspegi zabala, gaurkotua eta etorkizunera begira kultur industria hauentzako erronkak eta aukerak non egon daitezkeen zirriborratzen duena.

Erantzunak

Joxe Rojas
2010-11-15 : 13:39

Irakurgai interesgarria benetan! Bi zalantza sortzen dizkit horrela, boteprontoan:



- Doako PDF deskargaz gain, bada modurik liburu fisikoa lortzeko? (oraindik ez e-readerrik, ez tabletarik ez dugunontzat!).



- Tokiko aldizkarien atalean, 70 bat aldizkari dagoela esaten da idatzian. Datu hori nondik ateratzen den jakiterik bai? Gutxitxoago direla esango nuke nik: TOPAGUNEAN federatutakoak 33 dira, eta apur bat harritzen nau federaziotik kanpo beste horrenbeste egotea. Zerrendarik-edo badago inon?



Eskerrik asko!



Joxe

Josu Amezaga
2010-11-16 : 12:19

Eskerrak zuri.
Tokiko aldizkarien zenbaketa Alazne Aiestaranek argitaratu zuen 2004an, UZTAROko artikulu batean.
Bertan 68 aldizkariren zerrenda ematen du, bai eta Topaguneko 34 aldizkariena. Gerta liteke ordutik hona zenbakiak zertxobait aldatu izana.


Egiari zor. liburu honen lehen bertsioa ingelesez argitaratzekoa izan zen, eta horregatik saiatu ginen euskarazko iturri bibliografikoen aipamena arintzen. Orain aprobetxatu nahi dut Alazneri aitortza publikoa egiteko, eta bibliografian beharko liratekeen guztiak sartu ez izanagatik barkamena eskatzeko.


Bestalde, paperezko eidiziorik ez da aterako.


Erantzun

Sartu