Teknologia albisteak

Anari, kantuen gainean eta azpian

Erabiltzailearen aurpegia
ELGOIBARKO IZARRA Kultur Elkartea
2010-11-08 : 16:11

Beltzez jantzita eta kolore bereko funda batean gitarra gordeta iritsi Anari Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelara joan den asteko eguaztenean. Ordu laurden baino ez zen falta hitzaldi-kontzertua hasteko, baina ez zuen gehiago behar. Gitarrari bi akorde atera eta mikrofonoaren soinua ondo zegoela ikusi ondoren, baietz esan zigun: prest zegoela hasteko.

Jon Gurrutxaga musikariak egin zituen Anariren aurkezpen-lanak. Jonek esan zigun Anari Alberdi Azkoitian jaio zela 1970ean. Eta Anarik lehen pausuak bateria munduan eman zituela ere esan zigun; eta hasieran ingelesez kantatzen zuela ere bai. Anarik lehen diskoa 1997an argitaratu zuen, eta harrez gero beste bost disko ere prestatu ditu. Eta kantari azkoitiarrak bere bueltan izan dituen musikarien errepasoa egin ondoren, Anarik hitzei garrantzia handia ematen diela azpimarratu zigun. Haren kantak sakonak, intimistak, goibelak eta, askotan, ilunak direla esan zigun aurkezpenari amaiera ematerakoan.

Joni aurkezpenagatik eskerrak eman ondoren, Elgoibarrera etortzea pozgarria zela esan zigun Anarik: “Pozgarria da niretzat hemen egotea. Egunero etortzen naiz Elgoibarrera, baina beste zeregin batzuetara (bertako Institutuko irakasle-lanetan dihardu aurten). Hala ere, ardura handia da niretzat Andoni Egañaren eta Anjel Lertxundiren ondoren zuen aurrean jardutea”.

Eta sarrera txiki honen ondoren, bere hitzaldia kantuari lotuta etorriko zela azaldu zigun. Bere kanten eta kantagintzaren “gainean eta azpian” jarduteko asmoa zuela: “Diska bakoitzetik kantu bat abestuko dizuet, eta kantu horiek lagun ditudala emango dizuet nire kantagintzaren berri”.

Anari, estreinako diskoa

1997an argitaratu zuen Anari diskoarekin hasi zuen hitzaldia. Eta disko horretatik Hegoekira begira kanta aukeratu zuen. Soka bakarrarekin egindako kanta izan zen, eta kantu honen bueltan honako gogoeta laga zigun: “Guk ez genekien musika jotzen, baina sortzeko prest geunden. Oraingo gazteek, berriz, oso teknika ona dute, baina oso gutxi sortzen dute. Talde berri batzuk, adibidez, musika talde ezagunen bertsioak kantatzen jarduten dute. Fenomeno lotsagarria iruditzen zait hori”.

Lurrean etzanda zuen gitarra hartu eta Hegoekira begira kanta abestu ondoren, gaur egun horrelako kanturik ez lukeela egingo aitortu zigun: “Bernardo Atxagari hartu nion ideia hau, eta asko gustatu zitzaidan: Gaztetan gaien atzetik ibiltzen gara, gaien bila, baina, gero, badago inflexio puntu bat, eta gaiak datoz norberaren atzetik, guk haiei begiratzerik nahi ez dugun arren. Gaur egun ez nuke horrelako kanta bat egingo”. Amaitzeko, disko “inkoszientea” zela gehitu zuen, eta kantuak banan-banan datozela bata bestearen atzetik, batere loturarik gabe.

Habiak, garai argian egindako disko iluna

Bigarren diskoa 2.000. urtean grabatu zuen: Habiak. “Diska tristea da; garai argian egindako disko iluna. Melankolikoa ere bada, betegarria. Ez du gauza handirik esaten; metaforak dira, bata bestearen atzetik”. Eta azken errematea ere eman zion ideia horri: “disko hori gezurra da”.

Pettiren ahotsarekin batera

Habiatik salto egin eta 2002an Pettirekin batera grabatu zuen diskoan hartu zuen tokia. Pettiren ahotsa asko gustatzen zitzaiola aitortu zigun, eta oso gustura geratu zela egin zuten lanarekin. Disko horretatik Inon izatekotan kanta aukeratu zuen, eta zera esan zigun: “Hasteko, kantaren titulua aukeratzen dut, eta ondoren hasten naiz letra idazten”. Oraingoan kantak ez datoz soltean: “Diskoa obra oso bat moduan planteatu nahi nuen”. Hori esan ondoren, gitarra hartu eta kantuan hasi zen.

Zebra, egia esateko konpromisoa

2007an Zebra diskoa kaleratu zuen: “Garai ilun batean egindako disko argitsua da Zebra. Diskoa zuri-beltzekoa da, zebren antzerakoa”. Disko horrekin aldaketa sakonak datoz: “Disko honetan egia esateko eskatu nion neure buruari. Konpromiso bat nuen egiarekin”. Anariren kantatzeko era aldatu egiten da disko horretan. Argia ematen dio ilun dagoenari, eta garbi zuen zein izango ziren diskoko lehen berbak: “erori banaiz ere, gorantz erori naiz”. Zebra diskoan gitarrak pisua hartzen du, eta talde-lana nagusitzen da, kantuak Anarirenak badira ere.

Metaforak badaude diskoan, baina ideiei indarra emateko dira. Eta Zebrako kontuekin amaitzeko, lagun bati pasatakoa kontatu zigun: “Nire lagun batek bi tia-moja zituen, eta egun batean lagun bat hil zitzaion. Mojek hori ahaztu egin behar zuela esan zioten. Ahaztu. Baina amonarengana joan zenean, hark ezetz esan zion, ahaztu ez zuela egin behar. Ahaztu beharrean, nahastu egin behar zuela. Bizitzako beste kontu batzuekin nahastu behar zuela, lagunaren heriotzak sortutako samina gainditzeko ”. Anariri barru-barruraino sartu zitzaion amonaren gomendioa, eta Zebra diskoan ahaztu eta nahastu aditzak azaltzen dira.

Aingura hegodunak kanta aukeratu zuen Zebra diskotik, eta hori kantatu ondoren, zera esan zigun: “Diskoa grabatu ondoren, gauez etxerako bidea hartu nuenean, beldurra sentitu nuen. Bertigoa. Habiak-en kontrakoa zen. Baina, zorionez, diskoak oso harrera ona izan zuen”.

Irla izan, Frantzian idatzitako diskoa

Zebrabidea pasa ondoren, Anarik eszedentzia eskatu zuen eta Frantziara joan zen: “Frantzian asko idatzi nuen, eta frantsesa ikasteko ere aprobetxatu nuen. Frantzia leku ona da frantsesa ikasteko”. Frantzian idatzitakotik sortu zen Anariren azken diskoa: Irla izan. “Disko horrekin ez nuen inolako intentziorik. Ez dauka bestelako diskurtsorik; kantuak dira, besterik gabe”. Haserretik baretuta zegoen eta, bere esanetan, “ez da disko iluna, erreflexiboa da”. Azken disko horretan hitzak gero eta garrantzia handiagoa hartzen du, eta Harriak kanta aukeratu zuen guri eskaintzeko: “Aurreko diskoetan azaltzen diren letrei aurre egiten diet kanta horretan. Gustatzen zait lehen esandakoei kontra egitea”. Kanta amaitu ondoren eman zion errematea bere jardunari: “Amaitu dut. Ez daukat beste diskorik”. Amuak, kanturik gogorrera

Jon Gurrutxaga Anariren aldamenera bueltatu zen, eta ea inork galderarik bazuen galdetu zigun. Galderarik ez, baina lagun batek ea kanta bat eskatzerik bazegoen galdetu zuen. Anarik baietz erantzun zion, eskatzeko nahi zuen kanta. Amuak kantua eskatu zion. “Idatzi dudan kantarik gogorrena eskatu didazu”. 40 urte eduki eta umerik ez izatearen bueltan idatzitako kanta latza izan zen Anariren ahotik irten zen azkena.

Eta hala amaitu zen Anariren emana. Galderaren bati emandako erantzunarekin buka zitekeen beharbada, baina Anari kantaria da, eta kanta batekin esan zigun hurrengora arte.

Amaitu da. Anarirekin batera isildu dira aurtengo Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloko oihartzunak. Datorren urtean ere, ondo bagara, saiatuko gara beste horrenbeste prestatzen.

Oharra: Hitzaldi-kontzertua zuzenean ez emateko eskatu zigun Anarik, baina grabatzeko baimena eman zigun. Aitor Lauzirikari esker, azken minutuak dira ondoren ikus eta entzun ditzakezuenak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago