Teknologia albisteak
2

Goienak: 10 urte aurrera begira

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2010-11-12 : 14:11

Zorioneko dago Goiena: 10 urte bete ditu Debagoieneko euskarazko tokiko komunikabideak batzeko, kudeatzeko eta hedabide berriak bultzatzeko sortutako kooperatibak. Gainera, talde multimediak sasoitsu egin ditu urteak eta asmoz beteta dator. Atzo, elkartearen urteurrena ospatzeko eskertze ekitaldia antolatu zuten Arrasaten. Zuzenean emititutako jaian, taldearen irudi berria eta hedabideen itxuraldaketa aurkezteaz gain, ospakizunerako propio egindako Komunika kantua estreinatu zuten, nola ez, lip-dub erara.

Hona kantuaren lipdub bideoa:

Kooperatiba hedatu aurretik izan nuen nik lehenengo harremana Goienarekin, eskatu zidatenean diseinatzea elkartearen irudi korporatiboa. Eskaria argia zen: itzalean geratzeko pentsatua zen elkartearen logoa eta ikus-nortasuna sortzea. Bultzatzaileen asmoa zen garrantzia ematea sortuko ziren hedabideei, ez Goienari (nori inporta zaio nolako logoak dituzten Iparragirre, Euskal Editorea, Baigorri edo Prisa moduko argitaletxeek? Bada, antzeko zer edo zer, baina Goienarekin).

Hamar urte geroago baina, taldeak hartu du espero zena baino indar handiagoa, eta kudeatzen dituen hedabideak ez ezik, Goienak berak ere lortu du erreferente izatea euskal kulturan eta tokiko komunikazio esparruan; horregatik erabaki du baliatzea Goiena markak atxikita dituen balio positiboak taldea birkokatzeko. Hala, atzodanik, hedabide guztiek taldearen logo berria hartu eta izen bera erabiliko dute:

Alde batera laga dituzte orain arte erabilitako GOITB edo gogoratzeko zail samarra suertatu den Goienkaria bezalako markak. Honezkero, denak dira Goiena: Goiena telebista, Goiena papera, Goiena internet... eta antzera jokatuko dute epe motzera jorratzen hasiko diren Goiena sakelarekin, bertan iPad eta sakelako telefonoei zuzendutako edukiak eskainiko baitira. Hartutako bideari, marketinean, nortasun monolitikoa esaten zaio, eta erabilia bezain eztabaidatua da.

Sakoneko aldaketa bat dago atzean: Goiena marka bateratu nahi da, audientzia batzeko. Bide horretan, ezinbestekoa izango da garatzea dagoeneko abian duten "kazetari multimedia espezializatuaren" soslai profesionala. Goiena berrituan, espezializaziora joko du kazetariak: lehenengo, eskualdeko eduki espezializatuak sortuko ditu (kirola, kultura, politika…) eta, ondoren, euskarri desberdinetara egokitu, beti ere, Internetek lehentasuna hartuta. Izan ere, baztertu barik komunikabide bakoitzaren nortasuna eta ezaugarriak, hemendik aurrera webguenak ardaztuko du taldearen nondik norakoa. Goiena.net webgune berrituak bilduko ditu taldeko komunikabide guztiak: telebista, paperekoa, irratia eta sakelako euskarriak --hauek laster sortuko dira--, eta horretarako, estrategikoa izango da Goienak eta Batura Mobil Solutions enpresak duten elkarlana.

Aipatutako asmo berriei modu egokian aurre egin ahal izateko, Goiena aldaketak agiten ari da. Batetik, jarri ditu kazetariak sareak eskatzen duen bat-batekotasunari begira; bestetik, burutzen ari da talde osoaren berrantolaketa. Baina, bide horretan badu Debagoieneko kooperatibak konpondu beharreko hainbat arazo, horietako bat da taldekideen sakabanaketa. Egun, Goienako 50etik gorako langileak hiru egoitzatan daude banatuta, Bergaran (papera), Arrasaten (telebista, Internet eta irratia) eta Aretxabaletan (herrietako edukiak). Ari dira horretan lanean, eta egin dituzte zenbait urrats etxe berriaren bila, izan ere, eduki eta audientzia batze aldera, premiazkoa bilakatu da egoitza bakarrean kokatzea.

Ikus daitekeen moduan, funts handiko aldaketak. Baina, "azaleko" aldaketa eta berrikuntzak ere bai. Egoera berrira egokitzeko, Goienako hedabide guztien diseinua goitik behera aldatu dituzte. Emaitza sarean dago:

  • Goiena internet. Webguenean dena da berria: edukiak, antolaketa, diseinua... Maite Rementeriak, etxeko diseinatzeileekin batera, eman dio itxura guneari. Zuriak eta Goienaren gorri kolore korporatiboak hartu dute garrantzia diseinu berrian.
  • Goiena papera. Iñaki Iturbe bergararrak zuzendu du astean birritan kaleratzen den argitalpenaren birdiseinua.
  • Goiena telebista. Irudi osoa berriztu dute. Lehenengo aldiz, gainera, saioen sarreratxoetan hiru dimentsiotan egindako animazioak erabiliko dituzte. Miquel Beneït izan da rafagatxoen egilea. Hemen egindako lanen adibide batzuk: 1 ,2 eta 3.

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest daude Goienan. Gainera, horretan laguntzen dute azkenaldian jaso dituzten zabalkundearen gaineko emaitza onek. Adibidez, CIES erakunde ikuskatzaile espainiarraren arabera, GOITBk sharearen %13,1a du Debagoienean; Goienkaria-k bere aldetik, 45.000 irakurle ditu astero (Espainiako OJD erakundeak ziurtatutako 19.500 aleko tiradarekin lortuta); Arrasate Irratiak 1.000 entzuletik gora biltzen ditu Arrasaten; azkenik, Google Analytics-en arabera, Goiena.net-ek egunero batzen ditu 2.000 bisitari baino gehiago. Ikus-entzule horiek guztiak eta gehiago bildu nahi dituzte Goiena berrituan.

Aurkezpen ekitaldia

Atzo, Arrasateko Amaia antzokian egindako urteurreneko ekitaldian eman zuten asmo eta nobedade guzti horien berri. Eserlekuetan elkartu ziren 300 lagun baino gehiago: herritarrak, kolaboratzaileak, bezeroak...; taula gainean, ostera, txandaka igota, bildu ziren kolaboratzaileak, bazkideak eta erakunde eta elkarteetako ordezkariak. Magazin erara antolatutako saio entretenigarrian denetik egon zen ikusgai: zorion agurrak, zuzeneko musika, dantzariak, imitatzaileak, umoristak... Oso ekitaldi berezia izan zen, besteak beste, lehenengo aldia zelako estudiotik kanpora egindako saioa zuzen-zuzenean emititzen zela, horrela, atzokoa ikusi ahal izan zen, aldi berean, Goiena telebistan eta Interneten, alegia, Debagoienean eta munduan. Gutxi balitz, jaia amaitu orduko, banatu zituzten ekitaldiaren argazkiak eta informazioa jasotzen zituen Goiena paperak ikusleen artean: harrigarria! Zorionak, Goiena!

(Urteurreneko jai-ekitaldi osoa laster jarriko dute ikusgai Goiena.net-en).

Erantzunak

Sustatu
2010-11-12 : 17:57

Goiok testuaren amaieran aipatzen zuen laster jarriko zutela ekitaldia Goiena.net-en, eta jarri dute dagoeneko.


patxi lurra
2010-11-13 : 09:10

Blogaren mundu honetan debuta Goienagaz egin neban, Igor Leturia lagun arrasatearrak akuilututa, eta horregaitik bakarrik eskertuta nago eurekin guztiekin.



Geroxeago aukera eduki neban telebistan kolaborazinoak egiteko, Arritxu Barruso eta beste lankideen eskutik (parkatu izen guztiak ez aipatzearren), saio interesgarri bezain eraikitzaile eta hezitzaile batean agertuz. Telebista zabor hutsa dala esaten dogunean (neu be oso telebistazalea ez naz) ez dogu egi osoa esaten, bistan da.



Azkenik, Goienkarian artikuluak idaztea eskaintza egin eustien eta pozik onartu neban. Azkenean familia handi horren partaide txiki baten moduan sentitzen naz, kanpotik etorria izan arren. Imajinatzen dozuen legez, eskertzeko berbak baino ezin ditut eduki.



Urteurreneko ekitaldian ezin izan nintzan egon baina orain ikusten nabil internetez, eta orain arte ikusitakoagaz (ia ordu bat) zoriondu nahi ditut, korronte politiko ustez uztartu ezinen pertsonak batzeagaitik besteak beste. Azkenik, lip-dub xalatuagaitik zoriontzea barriz be.



Segi horrela, mesedez!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago