|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet "Martzelino" jertsea© cc-by-sa leire narbaiza ¦ 2010-11-01 ¦ 10:39 ¦ zer-erantziBadakizue badagoela "martzelino" izeneko jertse bat? Behintzat, nire inguruan hala esaten diote trikota mota bati. Normalean, puntu ingelesez egina, kremaileraduna, idun zabalekoa (lotuta dagonean lepo luzea eta zisnea edo zamora dena), poltsiko birekin. Normalean, beltza, grisa edo berde kakia izaten da. Langileek eramaten dutena. Azalpen honekin asmatu duzue zein den?
Martzelino deritzo jertse horri Marcelino Camachori esker. Iparraldekook eta gazteok ez duzue jakingo nor den Camacho. Gizon hau sindikalista handia izan zen trantsizio sasoian, eta komunikabideetan sarri azaltzen zen, beti antzera jantzita, traje barik, jertsearekin (moda hori ez zuen Evo Moralesek hasi). Horregatik, eta berak beti eramaten zuelako horrelako bat hasi zitzaion pullover horri horrela deitzen. Badirudi, emazte Josefina Semperrek egiten zizkiola kartzelan egon zen sasoian, hotz handia pasatzen zutelako bertan. Beraz, Camacho eta jertsea bat dira gure imajinarioan. Hori dela eta, jakinda zer gertatzen den arroparekin, pertsona batek asko erabiltzen badu, bere izena ematen zaiola janzki horri, edo idun horri (Mao eta Zamora lepoak, esaterako); Camachok bere ekarria egin dio modari. Izena eta izana bat datoz sueter horrekin; izan ere, hainbat lanbidetako beharginek erabili izan dute, beroa eta erosoa delako: sindikalistak izena eman dio langileendako beroki bati. Jertse hau, duela urte batzuk, modan ere egon zen. Nik gris bat izan nuen; tira, ahizparena zen, baina puntu ingelesak asko ematen duenez, handiegi gertau eta oparitu egin zidan. Gustura janzten nuen, erabilera asko zeukalako: udazkenean, jaka; negu gorrian, lotuta lepoluze; grisa zenez, edozein arroparekin ondo zetorren,... Ederra, berba batean. Erabiltzeari laga nion desagertu egin zitzaidalako, eta inoiz ez nuelako berreskuratu. Penaz, sarri gogoratu dudalako.
Baina zergatik pasatu da moda hau? Dagoeneko oso langile gutxi ikusten dira arropa honekin, lehengoaren aldean. Artikulurako prentsatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen forro polarrak hartu diola lekua. Eta hori berori aipatu zidaten Elena Lakak (Zer erantzi kideak) eta ahizpak (martzelinoaren jabeak); gure artean -eta bakoitzak bere aldetik- horrelakorik komentatu barik, gainera. Bai, merQuechuak kendu dio espazioa janzki honi, lanerako arropen dendetan ikusten den bezala, ia jertse guztiak forru polarrak dira. Dena dela, uste dut martzelinoak izan duela eboluzio bat modan. Trikota asko daude antzekoak, beharbada finagoak, ez hain sendoak, diseinu gehiagorekin eta aldaketa batzuekin: poltsiko barik, kolore gama zabala, beste puntu batzuk... Kalamuako parlamentua” Eibarko mahai-jokoa aurkeztu genuenean ikus genezakeen bezala: argazkian sei lagun eta lau martzelinodun, edo hobeto esanda, jertse horren bariazioekin.
Ostiralean hil zenez sindikalista handia, nire txaketa harekin gogoratu nintzen, eta Zer erantzirako ezin aproposagoa izan zitekeela pentsatu nuen. Horrela, Camacho gogoan, gurera ekarri. Inoiz pentsatu ote zuen arropa-sail batean agertuko zenik? Edota beroki bati izena eman zionik? Zenbat gauza bitxi gertatzen diren! Jarraitu Camacho ukabila gora, jertsea jantzita guri argi gorria emanez! Erantzunak#1. "Martzelino" eta "Otegi"Goio Arana ¦ 2010-11-01 ¦ 11:43Politikari eta sindikalista gehienak janzten dira igualtsu. Lehenago ere aipatu izan da, gure artean, Otegi izan dela nortasuna erakutsi eta tendentzia markatu duen bakarrenetarikoa. Artikulua mereziko luke elgoibartarrak: "Otegi" kamisetak. #2. Moda mundua hunkituta dagoCusto ¦ 2010-11-01 ¦ 12:12Conmocion en el mundo de la moda espanola por el fallecimiento de Marcelino Camacho #3. Nehru jakak eta Evoren eboluzioaLuistxo ¦ 2010-11-01 ¦ 12:55Izen propioa daukaten jantzien artean, Nehru jakak aipatu daitezke. Lepoan tolesik ez duten horiek, Indiako lehen presidente Jawaharlal Nehruk modan jarri zituenak. Izatez, badirudi Evo Moralesek artilezko jertseak utzi, eta Nehru estilora hurbildu dela orain, Wikipedian duen irudiagatik. Nehru:
Evo 2006:
Evo 2010:
#4. Re: "Martzelino" jertseaJoseba E. ¦ 2010-11-02 ¦ 14:22Ba nik Otegiren estiloko Martzelinoak ikusten ditut "El Corte Inglés-eko katalagoan":http://www.elcorteingles.es/tienda/moda/browse/subcategory_horiz_showCase.jsp?categoryId=999.1278678078&navAction=push&navCount=0&addFacet=9004:999.1278678078 Bai, janzkeraren bideak bitxiak dira. Akordatuz gero kanpaidun prakak modan izan zirela orain dela urte batzuk, guztia dela posible pentsa genezake. Edozein kasutan, nire ustez, zerbait iada historiara pasatu bada gurean, berriro ez itzultzeko noski, senarrari jertseak egiten dizkion emakumearen kontua da. Seguruenik, emakumearen erabateko integrazioak lan merkatuan, esku lanaren balio gutxitzeak eta globalizazioak zer esana dute horretan. #5. Re: "Martzelino" jertsealeire narbaiza ¦ 2010-11-02 ¦ 18:57Goio, arrazoia daukazu. Otegiren janzkerak, baina, post oso bat merezi du. Beharbada animatuko naiz. Gauza asko dauzkat esateko horren gainean-eta. Custo, ona izango litzateke Marcelino Camacho fashion week antolatzea. Kaleko jendearen benetako janzkera ikusiko genuke, behintzat! Luistxo, Nerurena ez nuen ezagutzen. Posta idaztean Mao eta Zamora lepoak baimo ez zitzaizkidan bururatu. Orain Montgomery berokia ere etorri zait, trenak izenez ere ezagutzen duguna. Evo Moralesek ere post bat merezi du, baina baliteke, argazki hori atera ziiotenean udaberria izatea... Joseba E. Martzelinoa argazkiko blogariok daramagu, Otegik askoz ere linea depuratuagoa erabiltzen du! Jertsea egitea galtzearena pena dela uste dut. Nik kaltzetinak, kuleroak, txanoak, bufandak, prakak eta jertseak izan ditut amamak eginak, eta neuk ere inoiz ezer egin dut. Egia esan, dendakoak merketu zirenean, denbora gehiegi behar zen egiteko. Hala ere trikotatzea oso lan polita eta errelaxantea da. Gustuko dut, orratzak hartu, eta jo ta sua jardutea telebista ikusi bitartean. Beharbada, hurrengo errenkarnazioan! #6. Re: "Martzelino" jertsealeire narbaiza ¦ 2010-11-03 ¦ 13:08A! Ahaztu egin zitzaidan aipatzea artikuluan, baita atzoko erantzunean ere. Artikulua idazten hasi nintzenean baten batek esan zidan gaur egun jertse honen erabiltzaile nagusienak errumaniarrak direla, eskatzen dabiltzan errumaniarrak, alegia. #7. Re: "Martzelino" jertseaJoseba E. ¦ 2010-11-03 ¦ 22:05Eta jertsei buruz ari garenez, ezin aipatu gabe utzi Alfred Hitchcock maisuaren "Rebecca" filma, argazkian agertzen den Joan Fontaine zelarik protagonista.
Barkaezina izango zen ;-) #8. Re: "Martzelino" jertseaIruñetik ¦ 2010-11-04 ¦ 15:27Ohar ttiki bat, besterik ez. Guk Iruñean "martzelina" esaten diogu txaketa horri. #9. Re: "Martzelino" jertsealeire narbaiza ¦ 2010-11-04 ¦ 15:50Joseba, mila-mila esker! Ahaztuta neukan "rebeca" jerstea. POst baterako beste material biltzen ari naiz. Barka ezina litzateke Alfred Hitchcock-ek modari egindako aporatzioa! Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Zer ErantziZer erantzi: moda, estetika, estiloa... Estereotipoak borrokatzeko gogoz, hiru estilista: Elena Laka, Leire Narbaiza eta Amodio Jauna elastikoa.
Badakizu zuk ezer estiloaz edo estilo faltaz? Zure kamisetak, modak edo abarrak hemen agerrarazi nahi? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com Albiste gehiagozer-erantzi gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|