Euskararen normalizazioaz hitz egin nahi dugu Deban: Zer den proposatzen duguna, nola irudikatzen dugun bi hizkuntza komunitateen arteko elkarbizitza, gaztelaniak ze toki izan behar duen euskal gizartean,... Zergatik lotzen dugun hizkuntza identitatearekin eta zertan gauzatzen den identitate hori. Identitate horretan denok kabitzen ote garen, nola,...
Hona egitaraua:
Lehenengo hitzaldia euskaraz ez dakitenentzat bideratu dugu: uste dugu erdaldunei, oro har, ez diegula adierazi zergatik gabiltzan euskara normalizatu nahian, eta euskara normalizatu nahi horrek zer esan nahi duen guretzat. Euskararen normalizazioari buruz eduki ditzaketen beldurrak, uste okerrak,... uxatzea eta gurera hurbiltzea, uler dezaten saiatzea,... izango litzateke helburua. Erdaldunentzat ez ezik, euskalzale guztiontzat ere argigarri eta interesgarri izango da.
Bigarrena, geuretzat. Batez ere euskaraz gehiago eta hobeto bizi nahi dugunontzat. Baina euskaraz jakin arren, praktikan gutxiago erabiltzen dutenentzat ere bai. Ideiak argitu eta bideak ikusteko. Etorkizuna irudikatzeko. Denon artean egin behar dugulako.
Hirugarrena herriko kultur talde eta eragileentzat bereziki. Herriaren bizitasunean, herriaren nolakotasunean,... izan dezaketen eragina ikus eta sinets dezaten. Hala nola, ordezkari politikoentzat, kultur eta hizkuntz politikaz hausnar dezaten. Eta herritar guztiontzat, horretaz jabetu gaitezen.
Laugarrena, gazteentzat bereziki; baina ez haientzat bakarrik, guztiontzat baizik. Hitzaldia-musika-antzerkia,... uztartuko dituen saio esperimentala. Zerbait berezia izango da...
Hitzaldiak Deba Udalaren webgunean jarraitu ahal izango dira, eta gero Youtuben ikusi ahalko dira.
Ostiralean Jon Sarasuak aipatutako esaldi bat: A ze zortea geografikoki hain zabala den hizkuntza bat edukitzea, eta historikoki hain sakona den beste hau izatea. Aisia.net blog berrian laburpentxoa aurkitu dezakezue.