Teknologia albisteak

Awajun emakume honek zerbait esan nahi digu

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2010-10-08 : 09:10

Peruko gatazka politiko bati buruzkoa da bideo hau. Iazko ekaineko gertaera batzuk. Bost minutuko bideoak gertatutako drama aldeetako baten ikuspuntutik ematen saiatzen da, indigenen ikuspuntetik. Baina harrigarriena niretzat, ia hasieran, 21. segundutik minutu batez luzatzen den emakumezkoaren hitzaldia da. Aspaldian Interneten ikusi dudan gauzarik inpaktanteena.

Gertaerak 2009ko ekainekoak dira. Peru iparraldeko bazter batean, Bagua eskualdean, Awajun indiarrek protesta egin zuten inguru hartako ustiaketa mineralerako baimen eta irabazietatik eurek ez dutelakon ezer lortzen. Errepide batzuk moztu zituzten, zenbait herritarako gai eta pertsonen sarbidea itxiz. Poliziak bidali zituen gobernuak eta borroka armatuak izan ziren; indiarren aldetik, lantzekin batik bat, beste aldetik suarekin, noski. 12 polizia eta 22 awajun hil ziren astebetean.

Peruko medio gehienek bertsio polizial ofiziala babestu zuten, noski, eta oso irudi estereotipatuak eman albistegietan. Polizia eta agintarien eledunak, kameren aurrean zutikako prentsaurrekoetan bezala agertzen ziren. Indiarrak kameraz grabatzerakoan, fokoa urrundu-hurbildu egiten zen azkar irudietan, basakeriarekin lotzen den dramatismo hori emateko. Indiarrak ere prentsarekin hitz egiteko prest zeuden, eta ahal bezala gaztelaniaz egitean, barre ere egin zieten zenbait albistegitan. Kazetari elebakar horientzat, nonbait, awajundar elebidunak ezjakinak dira; uste dut euskaldunok ere ezagutzen dugula ipuin hori.

Hala ere, egon zen medio bat, bat bederen, saiatu zena indiarren ikuspuntua ematen, Frecuencia Latina telebista katea izan zen. Hark ekoiztu zuen bost minutuko bideoa, iazko ekainaren 8an emandakoa telebistan, awajundarren bertsioa jakinarazten saiatzeko. Bideo horretan mintzo da emakume hori, bere senarra lurperatu berri, gatazka haren biktimetako bat izan baitzen. Hala ere, haien aldekoa izan arren albistearen doinua, Frecuencia Latinak ez zion itzulpenik edo azpititulurik eskaini emakumezko honi. Zer dio, benetan, andrazko horrek?

Itzulpenik izan ez arren, hitzen indarraz jabetuta, Jacqueline Fowks blogari eta kazetari peruarrak erabaki zuen gehiago ikertu beharra zegoela. Zer zioen emakume horrek. Zenbait saioren ondoren, lortu zuten itzultzaile bat, Fermin Tiwi izeneko Awajun indiar bat, eta itzulpen hau eman zion Fowksi. Zehaztasun asmo handiegirik gabe, honela itzuli dut neuk.

Mesedez entzun Alan Garcia jauna: Erruduna zara, gu akabatu gaituzue. Hiltzen gaituzu. Saltzen gaituzu. Zu zeu zara terrorista. Gure lurra defenditzen dugu guk, ez suzko armekin, baizik eta makila eta lantzekin, eta ez dira jendea hiltzekoak, zuek gurekin erabilitakoak ez bezala. Zuek gu hil gaituzue pistola, bala eta helikopteroekin; gure anaia-arrebak hil dituzue, gure ikasle, irakasle eta haurrak. Alan, eskatzen dizugu etortzeko gure lurraldera eta ordaintzeko gurekin duzun zorra. Alan, herrialdea saldu duzu, indigenak saldu dituzu, baliabide naturalak: urrea, petrolioa, ura eta airea. Gure ingurunea kutsatu duzu eta pobreago egin gaituzu. Ikusi nola bizi garen, nola utzi gaituzun. Guk, Awajun-Wampi herrikoek ez dizugu eskatu gu hiltzeko, eskatu dizugu laguntzeko. Hil dizkiguzun gure umeak hezteko laguntza eskatu genizun. Guk ez dugu inoren propietaterik harrapatzen. Guk ez dugu zure haurrik edo seniderik hil. Zergatik akabatu nahi gaituzu orain? Hil egin gaituzu. Ezertxo gabe geratu gara.

Itzulpena Frecuencia Latinara bidali zuen Fowksek, eta haiek bideoa berriz eman zuten telebistan. Ikusle batek grabatutakoa ikusi daiteke beste pieza honetan.

Itzulpenarekin zalantza geratu zait neuri. Batetik, deigarria da nola sartzen diren erdarakadak emakume horren hizkuntzan, hain da "euskalduna" hori ere... Erdarakada horien artean, helikopteroa aipatu baino lehen, sinko-metros eta dies-metros ahoskatzen du emakumeak, eta esango nuke behar duela izan bost metro eta hamar metro kontesturen batean, nahiz eta itzulpenetan ez den ageri. Beraien lanzak ez direla urrutiago iristen, edo distantzia gertu horretatik egin zietela tiro soldaduek... Euskaldunzahar batzuen artean neurri-kopuru batzuk ere erdarakada gardenekin esaten den era gogoratzen dit, denborazko batzuk adibidez, katorse-de-abrilla, otxeintaikuatruan...

Termino horiek gora-behera, Ameriketako indigenen eta beraien hizkuntzen zapalkuntza eta dramaren adierazgarri dira gertaera hauek. Haiei begira jartzen garenean, zer esaten diguten ere ez dakigula.

Kontraste bitxia egiten du horrek, neure baitan bederen, latinoamerikako gertaerekin daukagun enpatia ikusita. Honduras edo Ekuadorreko kolpe saiakerak, Chavez eta Moralesen ibilerak, ezagunak zaizkigu, eta salagarri edo txalogarri batzuon edo besteon iritzian, geure hizkuntza berean mintzo zaizkigulako. Espainolez, alegia. Indigenismoaren bandera hartzen duenean baten batek, haren alde egiten dugu instintiboki, baina egiaz, gaztelaniaz esaten digutelako da hori: ez dut uste ezer dakigunik benetan, egia ala diskurtso hutsala den esaten zaiguna. Susmoa dut kriollismo mestizoa ez ote den aspaldiko kolonialismo espainolaren parekoa indiarren hizkuntzei dagokionez. Bolivian, adibidez, presidente indigena bai, baina.... baina zer? Ez dakigu. Boliviako presidentziaren webguneak estatu plurinazional bat aurkezten digu, baina webgunea, nola ez, elebakarra da. Ez dugu behar azpititulurik.

Duela urte batzuk Amets Arzallus kazetari eta bertsolaria joan zen Boliviara, Argiaren izenean. Erreportaia sorta argitaratu zituen aldizkarian, baita elkarrizketa bat ere Evo Morales presidentearekin, eta webgune batean dokumentatu zuen hura guztia. Kolonialismoaren eta neokolonialismoaren inguruan kontu asko zeuden han, baina hizkuntzen auziaz, apenas ezer, ezta galderarik ere Moralesi kontuaz. Galdera neuk utzi nion Arzallusi webgunean, eta harekin zerbait erantzun zuen, baina ezer gutxi.

Haien ahotsa entzun barik jarraitzen dugu. Eta entzungo badugu, ez dugu ulertuko. Espainolezko diskurtso kriolloak ulertuko ditugu, beharbada, ez besterik.

Awajun indiarren bideo hau eta Baguako gatazkaz, El Oso izeneko morroi baten ingelesezko webgunean ezagutu ditut. Jacqueline Fowks-ek ere informazio ugari dauka, bere blogean.

Erantzun

Sartu