BabeliumProject.com, Euskal Herriko Unibertsitateko GHyM ikerkuntza taldeak garatutako, mintza-praktika egiteko web aplikazio kolaboratibo bat da. Erabiltzaileak ez du ezer instalatu beharrik izango, aplikazioa bere nabigatzailean bertan erabili dezakelako.
Babelium tresnaren funtzionamendua honakoa da: erabiltzaileak hainbat hizkuntzatan dauden elkarrizketak dituzten bideoak eskuragarri izango ditu. Elkarrizketa bakoitzean 2 edo 3 pertsonek hartzen dute parte. Erabiltzaileak bideoa ikusi eta pertsona baten papera edo rola har dezake, alegia, pertsona horren bikoizketa egin dezake. Bikoizketa egiterakoan, erabiltzaileak hautatu duen pertsonaiak hitz egin behar duen unean, erabiltzaileak mikrofonotik esaten duena grabatzen da (eta nahi izanez gero, web-kameraren laguntzaz erabiltzailearen aurpegia eta ezpainen mugimendua ere grabatu daiteke).
Bizitza errealean gertatzen den legez, erabilitzaileak denbora mugatua izango du esaldi bakoitzean esaten dena bikoizteko (jatorrizko pertsonaiak erabili zuen denbora eta abiadura/erritmo bera, alegia).
Bideoko elkarrizketaren bikoizketa amaitu ondoren, erabiltzaileak egindako lana berrikusteko aukera izango du. Emaitzarekin gustora badago, grabaketa zerbitzarira igoko du, beste erabiltzaile batzuek, modu kolaboratiboan ebaluatu dezaten. Hau da, bikoizketa euskaraz egin bada, euskaldunak diren beste erabiltzaile batzuek bikoizketaren kalitatea ebaluatzeko aukera izango dute, bai bideo-erantzun bat emanez edo bai testu soila erabiliz.
Bideo-elkarrizketek zailtasun-maila ezberdina dute, eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan darabilten mailakatze sistema erabiliz sailkatzen dira (A1, A2, B1, B2, C1).
Bestalde, Babeliumek euskarazko eta ingelerazko bideo sorta ederra badu ere, edozeinek nahi adina bideo igo dezake, nahi duen hizkuntzatan.
Bukatzeko, mintza-praktika egiteaz gain, erabiltzaileak bere ulermen gaitasunak landu ditzake bideoen azpitituluak idatziz. Izan ere, bideo bat igotzen denean, honek ez du azpititulurik izango, eta horiek gabe ezin izango da bikoizketarik egin. Beraz, azpitituluak idazteko atal kolaboratibo bat ere badu Babeliumek. Kolaboratiboa, bideo baten azpitituluak hainbat erabiltzaileen artean bete daitezkelako (alegia, ez du pertsona bakar batek azpititulu guztiak berak bakarrik idatzi behar)
Erabiltzaileen arteko kolaborazioa sustatzeko, kredituen kontzeptua sartu da baita ere. Kredituak lortzea doakoa da, baina hori bai, erabiltzaileak Babeliumen ekarpenak egin beharko ditu gehiago lortzeko. Adibidez, bideo bat igotzerakoan, edo azpititulak sartzerakoan, edo beste erabiltzaile baten bikoizketa ebaluatzerakoan, kredituak lortuko ditu. Berriz, bere lana beste ebaluatzaile batek zuzentzea nahi badu, kredituak kontsumituko du.
Bukatzeko, Babelium aplikazioaren erabilpena doakoa izateaz gain, Abendutik aurrera, ezagutza teknikoa dutenen erabiltzaileek Babelium aplikazioa osatzen duen kodea aztertu eta hobetu ahal izango dute, software librean askatuko delako bere kodea.
Twitter erabiltzen baduzu, @babelium da garatzaileekin harremanetan jartzeko biderik azkarrena.
Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta HABE erakundeen laguntzari esker burutu da.
Erantzun
Sartu