Zapuztu antxa geratu gara berriz ere ostegun honetan sail ofizialak eskaini digunarekin. Aurrera doa Zinemaldia, eta lehiaketarako batez besteko maila ezin esan ona izaten ari denik. Gaur bi proposamen guztiz desberdin ikusi ditugu: John Sayles-en "Amigo" eta Jose Maria de Orberen "Aita", teorian behintzat erakargarritasun aski izan zezaketenak, baina, arrazoi bat dela bestea dela, ikuslea asetzera iristen ez direnak.
Sayles aspaldiko ezaguna da Donostian: atzera-begirakoa eskaini zitzaion, eta azken urteotan hiru film ekarri ditu Zinemaldira:
Estatubatuarren kontzientzia onaren sinbolotzat har liteke Sayles, beren barne politikaren ustelkeria eta kanpo politikaren inperialismoa salatu baititu sarritan; oraingoan ere 1898 ondoko Filipinetako kolonizazioa jorratzera dator, baina ezin esan emaitza aurreko aldietakoaren parekoa izan denik.
Felipe Cazals-en Chicogrande-n bezala, yankien inbasioaren agergarri da pelikula, horrek dakartzan gorabehera guztiekin. Film honen berezitasuna litzateke "populazio zibila" deitzen den horrek pairatu behar duen presioa bihurtzen duela kontagai: herrixka galdu bateko alkate eta jauntxo onbera da Rafael Dacanay; anaia eta semea gerrillarekin ihes eginak ditu, baina berak herritarrak eta beren ondasunak zaindu nahi ditu, amerikarrak noizbait joango direla eta. Denen ona bilatzea, ordea, ez da erraza gerra-egoeran: "nire alde ez bazaude nire kontra zaude" da lelo nagusia, bai inbaditzaile amerikarrentzat, bai haiei aurre egiten dieten gerrillarientzat. Eta Rafael, yankiek "Amigo" bataiatu zutena, erdian gelditzearen zailaz ohartuko da.
Ideia ez da txarra, filmak baditu une ederrak ere (herrian San Isidro ospatzen duteneko irudi bukoliko-folklorikoak, esaterako), baina zuzendaria nora ezean eta giharrik gabe aritu delako sentsazioa geratzen zaio ikusleari, zoritxarrez.
Murgiatarren jauregia Erdi Aroko dorretxe bat da, Astigarragako elizari atxikia dagoena. Bertako semea omen da Orbe, film honen egilea, eta etxea bera bihurtu du bere lan honen ardatz. Arte esperimentaletik dator zuzendaria, instalazioak-eta egin izan ditu aurretik, eta pelikula hau hurbilago dago Artelekun, esaterako, emititzen dituzten bideo-arte lanetatik, zinema-aretoetan ikusten ditugun zeretatik baino.
Jatorrizkoa: promoziozkoa: Zinemaldia
Zer dugu ikusgai Aita delako filmean?
Horrez gain, ametsetako giro onirikoan, zeluloide zaharretako fotogramen konposizio nahasiak etxeko paretetan proiektatuak.
Hortaz, zer esan? Ba, seguru zuzendariak oso ideia sakonak eta arrazoi sendoak dituela egin duena egiteko, baina ikusleak gogo handia jarri behar du aretotik ez aldegiteko.
Orain dela pare bat urteko zinemaldian, Jaime Rosales-en Tiro en la nuca filmak ere proposamen ausarta zekarren, bai artearen bai politikaren ikuspegitik, eta eztabaida dexentekoa piztu zuen, alde eta kontra. Aita hau, berriz, ez dakit hainbeste zeresan ematera iritsiko ote den. Lehenbailehen ahaztea hobe, akaso.
Kaixo.
Nik biak ikusi ditut gaur goizean. Aste bukaeran hiru film ikusi nituen eta asteko lehen egunetan bat ere ez. Eta uste dut horrek ere aldatzen dituela gauzak. Hau da, Zinemaldia hasiera-hasieratik jarraitu duzuenok nekatu samar zaudetela jada garai honetan.
Sayles-ena luzeegia izan da, baina nik gustura ikusi dut. Eta Aita, diferentea da, esperimentala, baina barre asko egin ditut filma puskatzen zuten zaintzailearen eta apaizaren arteko elkarrizketetan.
Beste iritzi bat emateagatik.