Teknologia albisteak
1

ETAk eraso ekintza armaturik ez burutzea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-09-05 : 14:09

BBCri aurreraturiko adierazpen batean ETAk jakinarazten du hilabete batzuk direla eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu zuela. Agiriak dionez Independentismoaren proiektu estrategikoaren artikulazioan "urrats sendoak emateko garaia da". Komunikatu osoa ekarri dugu hona.

Goiko bideoa Gararen webgunetik hartu dugu eta Youtubera kargatu inork erabili nahi balu.

ETAk adierazpenean dionez duela zenbait hilabete hartu zuen atentatuak ez egiteko erabakia. ETAren azken atentatua Palmanovan izan zen, 2009ko uztailaren 30ean.

ETAren adierazpen osoa jarraian:

Euskadi Ta Askatasunaren Adierazpena

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Adierazpen honen bidez bere erabaki eta hausnarketaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:

Mende erdi luzea igaro da ETAk, Euskal Herriaren ukazioa eta suntsitze estrategia basatiaren aurrean herritarrak antolatu eta, armak eskutan harturik, askatasunaren aldeko borrokari ekin ziola. Orduz geroztik ehunka dira erakunde honetara bere ilusioa eta grina, bere onena, ekarri duten gizon-emakumeak, belaunaldiz belaunaldi jatorri ezberdinetatik helburu berean bat egin eta egiten duten herritar xumeak: Euskal Herria eta Askatasuna.

Euskal Herriaren askatasunaren aldeko konpromisoak gidatu baitu ETAren jarduna eta, oztopoak oztopo, arduraz eusten diogu konpromiso horri. Apaltasunez baina determinazioarekin, irabazteko anbizioarekin. Euskal Herriak merezi du.

Euskal Herriaren ukazioa betikotzen zuen frankismoaren erreforma politikoaren aurrean, eta beste zenbaitzuk marko autonomikoan barrena murgiltzea erabaki zuten bitartean, arduraz jokatu zuen ETAk, haustura demokratikoa proposatuz lehenik, eta asimilazio saio eta eraso orori aurre eginez, ondoren.

Borrokari tinko eutsi dio ETAk eta, oro har, ezker abertzaleak. Eta ordainsaria ez da nola nahikoa izaten ari. Larrutik ordaintzen ari gara: tortura, espetxea, erbestea eta bai eta heriotzarekin ere. Baina borroka latzaren lorpena izan da Euskal Herriak bizirik irautea, etorkizun askea eraikitzeko aukera zabalik izatea. Marko autonomikoa euskal herritarren nahiak asetzeko bide antzua dela erakutsi dugu, Euskal Herriaren zatiketan eta desegituraketan eragiteko tresna baino ez dela. Eta banan-banan garaitu ditugu askapen borroka neutralizatzera bideratutako neurriak.

Euskal Herriaren askapen borrokan eszenatoki berriak irekitzea izan da ETAren zereginetako bat. Hortaz, elkarlan ekimen proposamen eta gatazka demokratikoki konpontzeko ekarpen jarioa du ETAk. Txibertatik Lizarra-Garazira, Bergararaino igaroz. KAS alternatibatik Alternatiba Demokratikora. Euskal Herria eraikitzea interes partikularren gainetik dagoen zeregin kolektiboa dela ulertzen baitugu.

Euskal Herria une garrantzitsu baten aurrean aurkitzen da aspaldi honetan, bidegurutzean.

Urteetako borrokak baldintza politiko berriak erein ditu. Marko autonomikoa agorturik, aldaketa politikoa gauzatzeko unea heldu zaio Euskal Herriari, Euskal Herriarentzat marko demokratikoa eraikitzeko unea, euskal herritarren gehiengoaren nahiari atxikiz.

Espainiako estatuak jakin badaki Euskal Herria bidegurutzean dela, oraindik orain Euskal Herriak independentziaren aukera har dezakeela. Horregatik erasoaldi faxistaren tamaina. Aldaketa politikorako baldintzak blokeoaren etsipenean usteldu nahi dituzte; konponbide demokratikoa saihesteko eztabaida politikoa desbideratu; herriaren nahia salbuespen egoeran itoarazi.

Euskal eragileok, euskal herritarrok, erantzukizunez eta premiaz erantzun behar diogu egoerari. Hori da ETAk zabaldu nahi duen hausnarketa, luzatu nahi duen deia. Ardurak hartzeko eta urrats sendoak emateko garaia da:

– Independentismoaren proiektu estrategikoaren artikulazioan;

– Prozesu demokratikoa eraikitzeko baldintzak sortzeko bidean;

– Errepresioari erantzuteko eta eskubide zibil eta politikoen defentsa irmoan.

Aldaketa politikoa posiblea da. Baina ibilbide horretan ez dago bidezidorrik. Askatasunaren bidea urratsez urrats ibili behar da; malgutasunez nahi bada. Baina helburuaren neurriko ahalegina eta borroka egin behar da, halabeharrez. Konfrontaziorik gabe ez dago ukazioa eta itxikeria gainditzerik. Ahalegin horretan luzaturik egon da eta dago ETAren eskua, beti.

ETA gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoan berresten da, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko prozesu demokratikoarekiko konpromisoan. ETA prest dago, gaur atzo bezala, Espainiako gobernuak borondatea izanez gero, prozesu demokratikoa abiarazteko beharrezkoak diren gutxiengo demokratikoak adosteko.

Horrela jakinarazten diogu nazioarteko komunitateari ere eta dei egiten diogu ETAren borondatea eta konpromisoari ardura historikoaz erantzun diezaion, mendetako gatazka politikoari konponbide iraunkor, justu eta demokratikoa egituratzen parte har dezan.

ETAk hartutako erabakia

ETAk jakinarazten du hilabete batzuk direla eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu zuela.

ETAk berriro nabarmendu nahi du euskal eragile politiko, sozial eta sindikalei erantzukizunez jokatzeko deia. Prozesu demokratiko baten eszenatokira iritsi ahal izateko Herri bezala urrats sendoak ematea ezinbestekoa dela. Herriari Hitza emateko prozedura finkatzea nahitaezkoa dela. Euskal Herriaren eskubideak ezagutuak eta bermatuak izango direnean irekiko baitzaigu gatazkaren benetako konponbidearen atea.

Amaitzeko, euskal herritarrei oro har, borrokan murgildu eta jarraitzeko deia luzatzen diegu. Nor bere eremuan, bakoitza bere konpromiso maila eskainiz, guztion ur tantez osatutako uholdearen bidez ukazioaren harresia bota eta askatasunaren aldeko bidean urrats atzeraezinak lortu ditzagun.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2010eko irailean

Euskadi Ta Askatasuna E.T.A.

Gara-n aurkitu daiteke Euskadi Ta Askatasunaren Adierazpena eta testua ekarri dugu hona. Adierazpena pdf-an ere kargatu dugu, badaezpada.


Argazkiak.org | ETAk ekintza armaturik ez burutzea erabaki du © cc-by-sa: sustatu

Interesekoa:

Albistea beste toki batzuetan:

Erantzunak

Sustatu
2010-09-05 : 21:22

Berria egunkariko larrialdiko erredakzioa sutan omen dago, Twitterren esan dutenez. 22:00ak inguruan ale berezia PDF formatoan.


EGUNERAKETA: Ale berezia sarean da jada. Hemen duzue 8 orrialdeko ale berezia.


Erantzun

Sartu